Sexu erasoak egotzi zaizkion Tolosako osteopata espetxeratu du epaileak

Ataria 2024ko otsailaren 2a

Ertzaintzan egindako salaketa berrien harira, gaur goizean atxilotu dute gizonezkoa eta epailearen aurrera eraman. Sei salaketa aurkeztu dituztela eta ihes egiteko arriskua dagoela argudiatu du epaileak erabakia hartzeko.

Tolosako osteopataren aurka beste hiru salaketa jarri direla-eta, gaur goizean Ertzaintzak atxilotu egin du eta epaitegira eraman. Bertan, lau emakumek deklaratu dute eta atxilotuak ere bai, eta ondoren epaileak espetxeratzeko agindua eman du. Sexu erasoa egotzita, guztira sei salaketa izan direla eta ihes egiteko arriskua dagoela argudio bezala erabilita, hartu du epaileak osteopata behin behinean espetxeratzeko erabakia, Fiskaltzak egindako eskariari bide emanez. Ertzaintzak azaldu duenez, ikerketa zabalik dago salaketa gehiago izan daitezkeelakoan.

Oriako ertzain-etxeko agenteek sexu-eraso baten ustezko egilea delakoan atxilotu zuten osteopata urtarrilaren 21ean. Ondoren, atxilotuaren kontsulta miatu zuten, ikertzen ari diren gertaerekin lotutako ebidentzien bila. Atxilotua eta polizia-eginbideak Tolosako Epaitegiaren esku utzi zituzten, eta epaileak kargupean aske utzi zuen atxilotu eta bi egunera. Salaketen arabera, gertakarien ustezko egileak masaje-saioa hasten zuen bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!