Leitza kalea oinezkoentzako itxiko da segurtasunagatik

Ataria 2024ko otsailaren 2a

Aroztegieta kaleko eraikin bateko fatxadan pitzadurak mugitu eta gero hartu du erabakia Udaltzaingoak. Bizilagunek bizitza normala egiten jarraitu ahal izango dute baina Leitza kalearen zati bat erabilera orokorrerako itxiko da.

Aroztegieta kaleko 19. zenbakiko eraikinaren fatxadan, iparraldeko horman, aurrez zeuden pitzadura batzuk mugitu egin dira.

Bizilagunen deia jaso bezain pronto udal teknikariak egoera aztertzera gerturatu dira. Lehen azterketak eginda, bizitza normala egiten jarraitu ahal izango dute bizilagunek, eta errefortzu batzuk jarriko zaizkio eraikinari. Baina bien bitartean, eta hormaren zati edo txintxorren bat kalera eror litekeela ikusita, segurtasunagatik Leitza kalearen zati bat itxiko da erabilera orokorrerako.

Inguruan dauden ezkaratza eta establezimenduetara doazenek sarbidea erabilgarri izango dute, baina Aroztegieta kaletik Errementari kalera ezingo da joan.

Gainera, bihar, Kalderero eguna izanik, jende asko espero da Tolosan. Hori dela eta, inguru horretan arduraz jokatzeko dei egiten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!