Gipuzkoako Pilota Egokituaren Txapelketa Tolosan hasiko da

Ataria 2024ko urtarrilaren 31

Gipuzkoako Pilota Egokituaren Txapelketa aurkeztu dute gaur Tolosan.

Larunbatean emango zaio hasiera, eta egun osoko jardunaldia izango dute Beotibar pilotalekuan. Guztira 31 kirolarik parte hartuko dute txapelketan, inoizko kopururik altuena.

Tolosan abiatuko da Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa. Larunbatean, otsailak 3, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak elkarlanean antolatutako txapelketaren XIV. edizioko lehen neurketak hartuko ditu Beotibar pilotalekuak. Aurten inoizko parte hartzaile altuena izango du txapelketak, 31 kirolarik parte hartuko baitute, eta horien artean bost emakume daude lehian. Bi kategoriatan banatuta ariko dira pilotariak: adimen urritasuna duten pilotariak, batetik, teniseko paletarekin, eta urritasun fisikoa duten pilotariak, bestetik, gurpildun aulkian, gomazko paletarekin. Txapelketan parte hartuko duen eskualdeko pilotari bakarra Aingeru Senperena bidaniarra izango da, eta gurpildun aulkien kategorian ariko da.

Larunbatean, Beotibarren, goizeko 10:00etatik 19:00etara bitartean ospatuko da txapelketa, 14:00-15:30 bitartean atsedenaldia eginez. 19 partida jokatuko dira, 9 goizez, bi kategoriatakoak, eta 10 arratsaldez, teniseko paletarekin. Behin txapelketari ekinda, gainerako jardunaldiak Hernanin, Oñatin, Azkoitian, Seguran eta Donostian jokatuko dira. Hain justu, martxoaren 23an buruz buruko finalak jokatuko dira Oñatin, eta maiatzaren 18an binakako finalak Donostian.

Txapelketa honen helburu nagusia da kirola eta inklusioa bateratu, indartu eta sustatzea, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, ekitatezko aukerak eskainiz eta jarduerak guztion beharretara egokituz. Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren zuzendari teknikoak azaldu duenez, «hamalau urtez jarraian antolatzeak esan nahi du euskal pilota egokitua bizirik dagoela, euskal pilota bizirik dagoela». Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakariak gaineratu duenez, «une politak bizitzen ari gara, baina gu ezin gara konformatu. Gure federazioaren helburuen artean kirolarien onurarako diren pausoak ematea dago, eta beharrezkoa dugu pilota elkarteek pilota egokituaren modalitatea bere barruan hartzea». Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jesus Gutierrez teknikariak azpimarratu duenez, «horrelako kirol ekitaldietan hainbat erakunde eta pertsonak elkarlanean aritzea balore handikoa da. Horrez gain, nabarmentzekoa da pilotari kopuruaren handitzea, eta beraiei esan eredugarriak direla horrelako txapelketetan parte hartzeagatik». Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak horrelako kirol ekitaldiek duten balioen transmisioa azpimarratu du: «Errealitate ugariri ikusgarritasuna ematen diote gisa honetako txapelketek, eta erakusten dute kirola tresna garrantzitsua dela edonorentzat, edozein dela ere bere egoera. Kirol hezitzaile naizenetik hala sinetsi izan dut, baita hala transmititu ere».

Txapelketan parte hartuko duten zenbait pilotarik ere hartu dute hitza. Leire Troitiñok azaldu duenez, bere asmoa «ondo pasatzea»izango da. «Badakigu lehia izango dela, pilota egokituan dauden munduko pilotari onenak hemen daudelako; ni beraien ikasle izan naiz, asko erakutsi didate, eta badakit lehia handia izango dela». Luis Zulaikak txapelketaren «alde ludikoa» nabarmendu du, eta begiraleek txapelketaren jardunaldietan egiten duten lana. Bere aldetik, Leire Esnalek garbi utzi du saiatuko dela bere onena ematen txapelketan, eta erakutsi nahi dutela maila handia eman dezaketela edozein lekutan. azkenik. Beñat Lizasok gogora ekarri du txapelketa antolatu duen urte guztietan parte hartu duela, eta oraingoan ere «poztasunarekin» jokatuko duela txapelketan.

Inauterietan, maila profesionaleko pilota partidak Beotibarren

Kirol egokituko pilota txapelketaz gain, otsailean zehar pilota jaialdi gehiago izango dira Beotibar pilotalekuan. Otsailaren 10ean, esaterako, lehen mailako emakumezkoen binakako txapelketako neurketak jokatuko dira. Hurrengo egunean, otsailaren 11n, Zaldunita egunez, Inauterietako afizionatuen pilota jaialdia izango da, Montezkue Pilota Klubak antolatuta. Elite kategoriako pilotarien 2 partida ere jokatuko dira.

Otsailaren 12an eta 13an, astelehena eta asteartea, bestalde, maila profesionaleko gizonezkoen txanda izango da. Binakako txapelketako bi partida jokatuko dira Astelenita eta Asteartita egunetan. Astelehenean, Aspek antolatutakoa jokatuko da, 13. jardunaldiari dagokiona, eta asteartean, aldiz, Baikok antolatutakoa, 14. jardunaldiari dagokiona.

Binakako txapelketako play-offetako lehen jardunaldiko partidetako bat ere Tolosan jokatuko da, otsailaren 22an. Nor baino nor gehiago nortzuk izango diren, ordea, ligaxka amaitutakoan jakingo da.

Otsaileko pilota partiden egitaraua
  • Otsailak 3 | 10:00-14:00 eta 15:30-19:00
    Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa

  • Otsailak 10 | 11:30
    Emakumezkoen binakako txapelketa:
    1. Aldaregia - O.R. Larramendi / Etxekolonea - Mendiburu
    2. Iturriaga - Orbegozo / Zabaleta - Zabala

  • Otsailak 11 | 17:00
    Inauterietako pilota jaialdia | Montezkue Pilota Klubak antolatuta

  • Otsailak 12 | 16:30
    EPELen binakako txapelketa | 13. jardunaldia
    1. Agirre - Iztueta / Exposito - Gaskue
    2. Elordi - Rezusta / Jaka - Mariezkurrena II

  • Otsailak 13 | 16:30
    EPELen binakako txapelketa | 14. jardunaldia
    1. Egiguren V - Eskuza / Alberdi II - Morgaetxebarria
    2. Altuna III - Martija / Peña II - Albisu

  • Otsailak 22 | 17:00
    EPELen binakako txapelketa | Play-off |

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!