Irati Lakunzak brontzezko plaka du Usabal kiroldegiaren atarian

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 30a, 18:36

2023ko Kirol Galako Sari Nagusia irabazi ostean, bere kirol-ibilbidea eta jasotako lorpen guztiak aitortzeko brontzezko plaka eskaini dio Tolosako Udalak kiroldegiko atarian.

Irati Lakunzak bere izena daraman brontzezko plaka du jada Usabal Kiroldegiaren atarian. 2023ko Kirol Galako kirolari onenaren saria eta Sari Nagusia jaso zituen hegats igerilariak, eta gaur arratsaldean jarri da bere omenezko plaka. «Jende askoren lana ordezkatzen du plaka honek, pazientzia asko, denbora asko, eta oso kontentu nago nire herriak aitortza hau egin didalako», esan du Lakunzak. «Aitortza niretzako da, eta baita ere nire taldearentzako, nire familiarentzako, nire lagunentzako». Eskertuta jaso du hegats igerilariak jasotako saria, eta eskertu du ere kirol minorizatu bati egiten zaion aitortza: «Herritik hasi beharra dago oihartzun hori izaten, gero beste esparru batzuetan ere izateko». Denboraldiari begira gaurko saria pizgarri bat dela azaldu du tolosarrak.

Lakunzak ibilbide luze eta oparoa du hegats igeriketa munduan eta, hain zuzen, ibilbide hori eta azken urteotan jasotako lorpen guztiak aitortzeko, jarri dio udalak bere izena daraman plaka. Munduko txapeldunordea da 400 eskafandra modalitatean eta 6. postua lortu zuen 2022ko munduko txapelketa absolutuan, 400 metroko proban. Horrez gain, Europako selekziorako ere hautatu izan dute.

Igarondo Urpekoak taldeko kidea da Lakunza, eta gainerako taldekideek ohorezko pasilloa egin diote, hegatsak eskutan hartuta. Ondoren, Udaberri Dantza Taldeko Irene Plazaolak agurra dantzatu dio. Andu Martinez de Rituerto alkateak ere esker hitzak eskaini dizkio: «Sakrifizio asko dago lortu duzunaren atzean, eta emaitzari baino, egindako bide horri eman behar zaio balioa. Gainera, oihartzun gutxiago duen kirol minorizatu bati ikusgarritasuna ematea ere lortu duzu, Igarondo Urpekoak osatzen duten gainerako taldekideekin batera».

Hala, Xabier Fernandez, Armando Roca, Kepa Caballero, Edurne Pasaban, Xabi Alonso, Joseba Rojo, Unai Arroyo, Imanol Rojo eta Irene Caminosek osatutako zerrendara gehitu da Irati Lakunza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!