Udal gobernuaren azken obra ezbaian jarri du Tolosako EAJk

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 30a, 16:04

Iparragirre auzoan egindako hirigintza lanez aritu ziren osoko bilkuran; proiektuan eta parte-hartze prozesuan «akats larriak» egon direla salatu zuen Patxi Amantegik.

Pasa den ostegunean egin zuen Tolosako udalbatzak 2024ko lehen osoko bilkura. Bertan, Patxi Amantegi EAJko zinegotziak beharrezko jo zuen Iparragirre auzoan egindako hirigintza lanen inguruan hausnarketa bat egitea. «Duela aste batzuk bizilagun baten deia jaso genuen. Kezkatuta zegoen, zenbait aldaketa egitera zihoazela eta, aurreko udal gobernuko kideok egin gabe utzitako lan bat zelakoan. Oso haserre zegoen, batetik, ez zelako abisurik eman, eta bestetik, ez zuelako begi onez ikusten».

Obra bera «akats bat» izan dela esan zuen Amantegik, «bizilagunek horrela adierazten dutelako». Hala ere, akats hori egitea larriegia ez dela ere nabarmendu zuen: «Pintaketa bat da, eta ez da lan handia berriz ere atzera botatzea. Hala ere, ez gaitu erabakiak berak kezkatzen, erabakia hartzeko moduak baizik. Kasu honetan ez dira aurrera eraman oinarrizko zenbait prozedura».

Aldi berean, zalantzan jarri zuen aurrekontu parte-hartzaileen funtzionamendua. «Herritarren proposamen batetik abiatuta egin behar da edozein aldaketa. Ondoren, teknikari eta adituekin batera ikuskatu behar da, eta ekonomikoki bideragarria den aztertu. Azkenik, herritarrei berriro aurkeztu behar zaie aldaketaren proposamena. Akaso galdu egin gara, baina ideia norena izan den jakin nahi dugu, bizilagunekin maiz hitz egiten genuelako, eta sekula ez ziguten adierazi behar hori zegoenik. Orain, gainera, ikusi da akats bat izan dela», errepikatu zuen.

Ander Figuerido hirigintza zinegotziak hartu zuen hitza ondoren. Ideia Hirigintza Sailetik jaso zutela eta berak oniritzia eman ziola erantzun zion Amantegiri, eta arrazoiak azaldu zizkion: «Eremu horretan izugarria da aparkalekuen gabezia. Bizilagun guztiek ez dute garajea. Gainera, ikastetxe asko daude inguruan, eta beraz, mugimendu handia izaten da. Hirigintza Saila proiektua lantzen hasi zen, eta guztion oniritziarekin eraman zen aurrera, ekonomikoki bideragarria zela ikusi ondoren. Behin proiektua garatuta, azaroaren 7an, bilera batera deitu genituen auzoko bizilagun guztiak eta, ondoren ere, harremanetan izan gara haietako askorekin».

Era berean, EH Bilduko zinegotziak onartu zuen prozeduran akatsen bat edo beste egin zutela: «Argi eta garbi, eta inongo lotsarik gabe, esan dezakegu prozedura beste modu batera egin genezakeela. Deialdi orokor bat egin genuen, baina akaso banan bana deitu behar genituen. Pertsonak gara eta akatsak egiten ditugu. Baina, ez zait onargarria iruditzen bizilagun batzuk begi onez ikusten ez dutelako proiektua bera akats bat bezala izendatzea. Horrela balitz, proiektu guztiak lirateke akatsak».

PROZESUAREKIN ZALANTZAK

Amantegik proiektuaren prozedura oposizioarekin ez partekatu izana ere salatu zion udal gobernuari. Figueridok erantzun zion ez zutela arazorik beraiekin partekatzeko, baina neurri batean. «Badakizue bilera askotan parte hartzen duzuela, eta beti ematen dizuegula hitza, baina ez dut beharrezkoa ikusten herrian egingo ditugun obra guztietarako bilerak deitzea. Prest gaude herritar guztiak entzuteko, baina proiektuak ez dira soilik beraien proposamenetatik sortu behar. Guk ere iniziatiba izan behar dugu», gaineratu zuen.

Proiektuan ez ezik, parte-hartze prozesuan ere «akats larriak» egon direla salatu zuen oposizioko zinegotziak. «Bizilagunek bilera batean egotea eskatu ziguten, baina zuen aldetik ezezkoa jaso genuen». Kasu honetan, Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun zion: «Bizilagunekin egiten ditugun bilerak irekiak izaten dira, eta edozein herritarrek parte hartu dezake. Bizilagunek bilera batean zuek egotea nahi dutela adierazten badigute, ez izan zalantzarik bertan egongo zaretela, baina kasu honetan ez zen hala izan».

Bestetik, Amantegik esan zuen teknikariari galdetu ziola ea bere ideia izan zen, eta berak ezetz esan ziola. Figueridori akusazio oso larria iruditu zitzaion: «Nire hitza zalantzan jartzen ari zara, baita teknikarien lana eta prozedura administratiboa ere». Amantegik gaineratu zuen «oso kezkatuta» daudela, eta bizilagunak ere kezkatuta daudenaren ustea dutela. «Auzo askotatik jaso ditugu kexak. Akatsetatik ikasten dela diozue, baina ez da akatsak eginez ikasi behar».

Horri lotuta, Auzoen Mahaian leku bat izatea ere eskatu zuen, edo behintzat, proiektuak batzordean eztabaidatzea. «Gu laguntzeko gaude, ekarpenak egiteko. Ez dakit non geratzen diren gardentasuna, partaidetza eta elkarlana. Hirigintza Sailak behintzat egin dezala txosten bat, prozeduraren inguruko azalpenekin».

Josune Sanz EH Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza amaieran: «Uztailean bilera orokor bat egin genuen auzotarrekin. Herritar oro zegoen gonbidatuta, baina ez zineten azaldu. Bertan egutegi bat banatu genuen, bilera guztien datekin, eta horietara ere gonbidatuta zaudete. Hirigintza proiektu bat parte-hartze prozesu batekin nahastu duzu, eta uste dut erratuta zaudela».

ERABATEKO ADOSTASUNA

Aurrez, bilkuran, gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu zituen udalbatzak. Batetik, Tolosako Udaleko lanpostuen zerrenda onartu zuten. Zerrenda horrek lanpostu bakoitzak duen eduki eta ezaugarriak azaltzen ditu. Hain zuzen, 2024rako zerrenda horretan egokitzapen eta zuzenketa batzuk proposatu dira, besteak beste, Hirigintza Saileko arduraduna, Udaltzain burua eta Euskarako arduraduna izendapen aske bidez hornitu ordez, lehiaketa berezi bidez izendatzea. Udaltzaingoaren 2024ko egutegiko lan txanda berrietara egokitzeko ere beste zenbait aldaketa jaso dira.

Duela hilabete batzuk, Euskal Herria Plazako 1 zenbakian kokatutako eraikina -Topic zentroa- Tolosako Ekinbide Etxeari zuzeneko emakidan esleitzeko prozesua abiatu zuen udalak. Hilabete hasieran TEEko ordezkariek udalari jakinarazi zioten ezingo zutela prozesuan parte hartu, bermea lortzeko ezintasuna medio. Eskaera hori onartuta, esleipen prozesua amaitutzat eman du udalbatzak.

Azkenik, behin betikoz onartu zuten 24. Iurre esparruko Laskorain Ikastolako xehetasun azterlana. Kirol pistaren estalpe bat egin zuten bertan, eta hirigintza espedientea amaitzeko beharrezkoa zen lerrokadurak zehazten dituen lana onartzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!