200 lagunetik gora elkartu dira txotx egiteko

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 29a, 11:58

Tolosako Casino Elkarteak antolatuta, VI. Txotx Solidarioa egin zuten pasa den ostiralean, Zerkausian; Tolosa CFko gimnastika erritmikoko kideek eman zioten hasiera ekitaldiari. Bildutako dirua Lerin Solidario GKErentzat izango da, Ginean ospitale berri bat eraikitzeko.

Tolosako Casino Elkarteak seigarren aldiz egin zuen ostiralean helburu solidario batekin gauzatzen duen txotx irekiera, Zerkausian. 200dik gora lagun elkartu ziren. Eskualdeko hornitzaileen ekarpenari esker, sagardotegiko ohiko menua dastatu ahal izan zuten. Gainera, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egon zen, eta zenbait zozketa berezi ere egin zituzten, gaua girotzeko. Sagardoa, berriz, eskualdeko sagardogileek jarri zuten: Lizartzako Goikoetxea, Asteasuko Sarasola, Adunako Zabala eta Aburuza, eta Tolosako Eguzkitza eta Isastegi.

Afarirako txartelen salmentarekin lortutako dirua Lerin Solidario Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da. Carlos Yerro eta Paco del Rio dira erakunde horren bultzatzaileak; biak ere, Leringo (Nafarroa) bizilagunak, eta Lanbide Heziketako irakasle erretiratuak. Gineako Kawewol herrixkari ematen diote laguntza. Asfaltatutako edozein errepidetatik ordubete baino gehiagora dagoen eremuan dago herri hori. Bertan, eguzki panelak dituen eskola bat eta ur edangarria lortzeko zenbait makina jarri dituzte martxan. Gaur egun, ospitale bat eraikitzen ari dira, eta hain zuzen, horretarako erabiliko dute VI. Txotx Solidarioan lortutako dirua.

Gimnastei aitortza

Edizio bakoitzean pertsona ezagun bat gonbidatu izan du Casino elkarteak afarira, txotx irekiera egiteko. Besteak beste, Juan Martinez de Irujo, Julen Lopetegi, Nerea Eizagirre, Irene Caminos, Migel Indurain eta Abraham Olano gonbidatu dituzte. Aurten, berriz, Tolosa CFko Gimnastika Erritmikoko taldeak izan du ekitaldiari hasiera emateko ardura. Horrela, taldeak azken urteotan kategoria desberdinetan izandako lorpenak nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Aitortza talde osoari egin badiote ere, ordezkaritza txiki bat joan zen afarira.

Argazkiak: Casino Elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!