Usabalgo kirol parkea, erabilgarri

Ataria 2024ko urt. 25a, 19:57

Zabalik da Tolosako kirol parke berria. Gaur arratsaldean inauguratu da, haur eta erabiltzaile ugariren presentziarekin, Usabalgo hirugarren fasean jasotako eremua.

14.300 metro karratuko eremu honek, elkargunerako, kirola egiteko, paseatzeko edota aisialdirako espazioa eskainiko du, eta horietako 6.600 m2 pasatxo hartuko ditu kirol parkeak. Lau gune nagusi izango ditu: skate-park pista, pump track zirkuitua, trial modalitaterako oztopoak eta tirolina. Horrez gain, atsedenguneak sortu dira, eta Alegiara doan oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekua berritu da.

Kirol parke berriaren hiru ezaugarri nabarmendu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Alde batetik, irekitasuna, edonork eta edonoiz doan erabiltzeko moduan izango den gunea baita, adin eta maila askotarako aproposa izango dena. Bestalde, espazio bakoitzaren ezaugarriak diseinatzeko kirol talde eta eragileek egin duten ekarpena. Eta, azkenik, gunearen erreferentzialtasun eta kalitatea. Inguruan ez dago azalera hau duen horrelako gunerik. Gainera, txapelketak antolatzeko aukera izango dugu».

Zumardia, Oriako Txirrindulari Eskola, Trial eskola eta Skater Taldea aritu dira prozesuan parte hartzen eta Martinez de Rituertok eskertu die egindako ekarpena. Horrez gain, alkateak aurreko udal gobernua izan du gogoan: «Beraiek hasi zuten bidea eta aitortza eta eskertzea beraiei, kirol zinegotzia izan zen Joxe Mari Villanuevari, eta udal gobernua osatu zuten EAJri eta PSE-EEri. Horrez gain, kirol eta hirigintza sailei ere eskerrak eman egindako lanagatik».

Skate parkea, maila altuagoko erabiltzaileentzat ere bai

Aurrez kirol instalazioak zituen guneak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartu dira proiektu honen bitartez. Skate-parkaren adibideak ondo islatzen du hori.

Orain arteko kirol-instalazioa handitu da, eta elementu berriak gehitu zaizkio. Esate baterako bi pool edo bainuontzi izango ditu aurrerantzean gune horrek, eta sekuentzia bat eratu da arrapala, barriers, slide street, Fun-box eta bestelako elementuekin. Modu horretara maila altuagoko skater edo erabiltzaileek ere bertan ibiltzeko aukera izango dute, orain artekoa bitarteko maila edo skateboard munduan hasiberrientzat aproposagoa izan baita. Aldaketarekin, hauek ere izango dute guneaz gozatzeko aukera. Gorka Lasa Skater Taldeko kideak azaldu duenez, aldaketekin «geratu zaigu skate park itxurosoa, osoa eta hemen inguruan handiena dena. Espero dugu txapelketaren bat egitea, oraingo parkeak aukera hori ematen duelako».

Pump track pista berria

Bizikletarekin ibili nahiago dutenentzat berriz, aukera berria izango da aurrerantzean: pump track gisa ezagutzen den ibilbide edo zirkuitua. Zailtasun maila ezberdineko hormigoizko hiru trazatu izango ditu, bakoitza kolore batekin bereizita. Pista berdea hasiberrientzat izango da; urdin kolorea izango du zailtasun erdikoak; eta, maila altuagoko ibilbidea, berriz, gorriz markatu da. Halaber, pista horietako bakoitza berez bi norabidetan erabiltzeko diseinatu da. Hala eta guztiz ere, norabide bat finkatu da lurrean, erabiltzaile askoko uneetan, hori izan dadin lehenetsiko den norabidea, guztiek modu seguruan parte har dezaten. Abraham Olano Oriako Txirrindulari Eskolako kideak eskertu du horrelako pump track zirkuitu bat izatea. «Haurrek praktikatu ahal  izateko, eta segurtasunez gune itxi batean aritzeko aukera ematen du. Guretzako mesedegarria da, honek mugimendu bat sortuko duelako, eta hemen ibiltzen diren gaztetxoak gero errepideko txirrindularitzako edo mendiko bizikletako lehiaketetan murgildu daitezke. Beraz, animatu bertara etorri eta erabiltzera».

Zirkuituaren albo banatan, trial gunea eta tirolina izango dira. Trial eremua berrantolatu egin da. Eremu naturala da, lur soltekoa eta arroka txikiak jarri dira. Beharren arabera multzokatu ahal izango dira gerora, elementuen sekuentzia ezberdinak osatzeko. Irene Caminos trial txirrindulariak eta Trial Eskolako arduradunak azaldu duenez, «betidanik Gipuzkoako Txapelketa egin dugu, eta berriz ekarri nahi genuen. Material batzuk jarri genituen hemengo eguraldiarekin ez zutenak asko aguantatzen. Gero COVIDa etorri zen eta ezin zen txapelketarik egin. Beraz, helburu nagusiena berriz dena ondo jartzea zen, txapelketak ekartzeko». Gunean bost eremu jarri dituzte, maila anitzekoa, etorkizunean txapelketa bat antolatu ahal izateko. «Puntu handiagoa eman diogu diseinuarekin eta mailarekin, eta orain unea da berriro trialari bultzada emateko».

Tirolina berriz, lehen zegoen bera izango da, baina lekuz aldatuta. Tirolina bikoitza da, 40 metroko luzerakoa.

Naturan integratuta

Natura ikuspegia izan du hasieratik proiektuak, eremu berde bat sortu nahian. Berdegunea egokitu eta hiri altzariak ere jarri dira, elkargunerako eta aisialdirako espazio ere izan dadin.

Horrez gain, Tolosa-Alegia arteko bidearen trazatu berria ere egin da. Horretarako, bidearen konfigurazioa aldatu da, eta oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza bermatzeko bide berria egin da, 3,6 metroko zabalerarekin.

Zehapena enpresari, lanen atzerapenagatik

Joan den urteko otsailean abiatu ziren kirol gune berria eraikitzeko lanak. Hasieratik, baina, obra egiteko ardura izan duen enpresak ez ditu hitzartutako epeak errespetatu, udaletik behin eta berriz errekeritu zaion arren. Hori dela eta, eta lanen amaiera beranduago egin dela ikusita, zehapen edo isuna jarri dio udalak enpresari.

Erlazionatuak

Hasi dira kirol parkea erabiltzen

Imanol Garcia Landa urt 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!