Elkarrizketa

«Picassoren obra guztiak egiteko gogoa dut; konkistatu egin nau»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 25a, 08:00

Matilde Urdangarin Palacio alegiarrak teknika desberdinak erabiliz egindako zenbait koadro ikusgai jarri ditu Tolosako 3 tabernan; oso gustuko du margotzea, eta zenbait unetan deskonektatzeko balio izan diola aitortu du.

Zaragozan jaio bazen ere, hiruzpalau urterekin Alegiara, aitaren herrira, etorri zen bizitzera Matilde Urdangarin Palacio (1939) margolaria. Ezkondu ondoren, Legazpira joan zen, eta 40 urtez bizi izan zen bertan; gaur egun Berrobin bizi da. Margolanak ez ditu sekula albo batera utzi, eta azken urteetan teknika desberdinak erabiliz egindako zenbait koadrorekin osatu du Tolosako 3 tabernan otsailaren 13ra bitarte (asteazkenetik igandera) bisitatu daitekeen erakusketa.

Etxean bertan aritzen al zara margotzen?

Aritu izan naiz, bai, baina ez lehen bezain beste. Bularreko minbizia dut eta tratamenduak ez dit asko laguntzen, gogo handirik gabe egoten naiz. Hiru hilabete dira bularra kendu zidatela. Duela 26 urte izan nituen lehen sintomak eta duela lau eman zidaten alta. Medikuek pentsatzen zuten jada ez zitzaidala ezer gehiago gertatuko, baina ez zen horrela izan. Sekulako atsekabea izan nuen! Ez da txantxetarako kontua.

Baina, hala ere, margotzen jarraitzen duzu.

Ari naiz, bai. Avignongo Andereñoak koadroa bukatzen ari naiz orain. Pintura oso lagungarria da niretzat, deskonektatzeko modu bat da, psikologoarengana joatearen parekoa.

Picasso zalea zara, beraz.

Lehen ez behintzat! Gernika-k mina ematen zidan, zuen sentimenduagatik. Egun batean, ordea, bere bi liburu erosi nituen, eta bat-batean bere obrak margotzeko gogoa piztu zitzaidan, tartean, Gernika margotzekoa ere bai. Bere obrak kopiatu izan ditut, baina beti aldatu izan dut zerbait. Orain bere obra guztiak egiteko gogoa dut; konkistatu egin nau.

Teknika eta gai desberdineko koadroz osatu duzu 3 Tabernako pintura erakusketa. Zer ikusi daiteke bertan?

Paisaiak, erretratuak... Oso gustuko ditut baserriak eta eraikin historikoak. Erakusketan, Legazpiko etxe zaharren margolanak ikusi daitezke, jada herrian bertan ez dauden eraikinenak. Horregatik gustatzen zait horiek margotzea, nonbait egon daitezen. Argazki zaharrak oparitu izan dizkidate eta asko dauzkat; horiek marrazki bihurtzen aritu izan naiz eta esango nuke horretan nabarmentzen naizela.

Azken urteetan egindako koadroak dira?

Badira garai bateko batzuk, baina gehienak azken urteetan egindakoak dira. Erakusketan dauden Picassoren obra ia guztiak, adibidez, iaz egin nituen, oporretara joan ginenean. Ordurako eginda nuen Gernika-ren nire bertsioa, baina gainerako guztiak orduan egin nituen.

Oskar Tena tolosarraren laguntza izan duzu.

Nik berez banuen tokia etxean margotzeko, baina Berrobiko Udalari margotzera joateko lokal bat eskatu nion. Segituan eman zidaten baiezkoa. Oskarri deitu zioten, eta berarekin aritu izan naiz. Aurrerago, berari erakutsi nizkion eginda nituen koadroak, eta berari esker lortu nuen hemen erakusketa jartzea.

84 urte dituzu, eta ilusioz eta gogoz aritzen zara margotzen.

Niri ez zait iruditzen horrenbeste urte ditudanik, eta gainera, minbiziarekin. Une honetan egiten ari naizen koadroa amaitzeko oso gutxi falta zait, eta jada prest daukat beste bat egiteko argazkia, Oskarrek emandakoa. Material guztia prest daukat horrekin hasteko. Eta gero, Velazquezen Meninak egiteko asmoa daukat, tamaina handian. Margotzeaz gain, irakurtzea ere asko gustatzen zait.

Behin erakusketa amaitutakoan, beste nonbait jartzeko asmoa duzu?

Aukera sortuko balitz, zergatik ez? Hori bai, koadroak mugitzeko laguntza beharko nuke.

Nondik datorkizu margolanetarako zaletasuna?

Umetatik. Beti ibiltzen nintzen arkatza eta borragoma eskuetan hartuta, margorik ez genuelako. Gerra amaitu zenean jaio nintzen, eta paper-fabrika asko bazeuden ere, paper gutxi izaten genuen guk, erosteko dirurik ere ez genuen izaten.

Nola gogoratzen dituzu pinturarekin izandako lehen hartu emanak?

Ama Tolosara jaisten zenean, printzesen liburu bat erosten zidan. Ondoren, bertako marrazkiak marrazten aritzen nintzen.

Haurtzaroan eta gaztetan asko margotutakoa al zara?

Aitak esan zidan margolari bat ezagutzen zuela, eta klaseak emateko aukerari buruz galdegingo ziola. Amak, ordea, guk etxera diru pixka bat emateko gogoa zuela azpimarratzen zuen, eta beraz, aitari ezetz esan eta lanean hastea erabaki nuen, Arzabaltza paper-fabrikan. Oso gustura aritu nintzen, dozena bat urtez.

Legazpin bizi ginela, alaba etxetik joan zenean, tailer moduko bat egin nuen bere logelan. Bertan aritu izan nintzen margotzen, ahal nuen guztietan, batzuetan, goizeko laurak arte. Gerora, gizona ospitalean zegoenean, bera zaintzen nuen bitartean ere aritzen nintzen. Beti izaten nuen koadro bat eskuartean.

Pinturaz bizi ahal izan zara?

Ez, inoiz ez dut horretan pentsatu, beharrik ere ez dudalako sentitu. Gainera, oso zaila da.

Zenbat koadro egin dituzu guztira?

Auskalo! Erakusketa honetan daudenen boskoitza edo bai, 200 inguru gutxi gorabehera.

Eta baduzu baten bat oso kuttuna?

Alegiako zubiarena, olio-pinturan egindakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!