Mantenu lanetarako aurrekontua bikoiztu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 25a, 11:58

Trianguloan, San Frantzisko pasealekuan, Arramelen, Berazubin, Amarotzen, Zumalakarregin, Izaskun Auzoan eta Lizardi olerkaria plazan egin dituzte obrak urte hasieran, eta datozen asteetan, Nafarroa Etorbidean, Emeterio Arresen, Iurre Auzoan edota Kondeaneko Aldapan egitea aurreikusi dute.

Tolosako Udalak hiri azpiegituren mantenu lanak indartu asmo du, eta aurten pasa den urteko aurrekontua bikoiztu du lan horiek egiteko. Hala, 2024. urtea hasi denetik, hiri mantenuko lanak egiten jardun da herri lanetako brigada, Tolosako hainbat gunetan. Denbora luzez hondatuta egon diren hiri altzari, sareta, ubide, baldosa eta zoladurak konpontzea izan da lanen helburua udaletik azaldu dutenez. Trabagarri edo bolardo gehiago ere jarri diuzte hainbat puntutan.

«Hiri altzariak eta zoladurak konpontzeko zerrenda luzea du udalak, horietako batzuk denboran nahi baino gehiago luzatu direnak. Egiteke asko geratzen dela jakitun gara, baina gure lehentasuna da behar horiei irtenbide azkarragoa eman ahal izatea. Eskaera asko jasotzen ditugu kanal ezberdinetatik. Guztiak jaso eta zerrendatuta ditugu, eta horiei aurre egiten joango da brigada. Bestelako lanak eskatzen dituzten obren kasuan, kontratazioak bideratzen joan nahiko genuke. Hiri altzarien mantenu plana ere osatu nahi dugu», azaldu du Ander Figuerido, hirigintza zinegotziak. 

Hala, urte hasieran, besteak beste, Trianguloan, San Frantzisko pasealekuan, Arramelen, Berazubin, Amarotzen, Zumalakarregin, Izaskun Auzoan eta Lizardi olerkaria plazan egin dituzte obrak. Hurrengo asteetarako, berriz, Nafarroa Etorbidean, Emeterio Arresen, Iurre Auzoan edota Kondeaneko Aldapan egitea aurreikusi dute.

Foru aldundiari eskaerak

Tolosan kokatuta egon arren, beste azpiegitura batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak dira. Hain zuzen, horien mantenuaren inguruan hitz egiteko bildu dira berriki, udaleko eta aldundiko Azpiegitura saileko ordezkariak. Udaletik adierazi dutenez, hainbat eskaera egin dizkiote aldundiari, eta horietako batzuk dagoeneko bideratu edo burutu ditu, esate baterako, Zubi Berriko -Dama Berdeko- biribilguneko zoladura arazoen konponketarena.

Landa eremuko auzoetako errepideetan hobekuntzak egitea ere eskatu du udalak, Aldaban, Uganen, Urkizun eta Bedaion, hain zuzen. Bedaion, esaterako, interbentzio bat aurreikusia du jada aldundiak, urteetan arazoak ekarri dituen bihurgune batean, 5. kilometro inguruan. Gainerako hiru errepideetan hobekuntzak egiteko azterketa egiteko konpromisoa hartu dute.

Aurrera begirako beste zenbait proiekturen inguruan ere hitz egin dute. Kondeaneko Aldapan, Berazubira jaisteko bidea hasten den puntuan, espaloia eta errepidea altuera berean daude, eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu. Bi erakundeek elkarlanean espaloia zabaldu eta errepidetik banatzeko azterketa egitea adostu dute. Tolosako erdigunea eta Amarotz auzoaren arteko lotura ere izan dute hizpide. Tolosako Mugikortasun Planean jasota dauden irizpideak jarraituz, irtenbide bat emateko azterketa sakonago bat egiteko konpromisoa hartu du aldundiak. 

Olarrain auzoaren inguruan ere bi puntu nagusi jorratu dituzte. Bata, bidegorriaren egoerarena. Ibaiaren aldera hondoratzen ari da zoladura, eta aldundiak konpontzeko azterketa martxan jarriko du. Bestetik, Olarrain auzotik Tolosako irteerara doan zubian oinezkoentzako bidea arriskutsua dela dio udalak. "Teknikoki ez da soluzio bideragarririk ikusi, eta aukera bakarra HAPOan jasota dagoen oinezko zubia eraikitzea litzateke". Bi erakundeek aukera horren inguruan aukera ezberdinak aztertzen jarraituko dute, puntu horri irtenbide bat eman nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!