ELKARRIZKETA

«Hegazkin-laguntzaileok bidaiarien segurtasunaz arduratzen gara»

Leyre Carrasco 2024ko urt. 27a, 07:59

Andrea Aramburu hegazkineko laguntzaile tolosarra. ATARIA

Duela zortzi hilabete hegazkineko laguntzaile moduan hartu zuen bere lehen hegazkina Andrea Aramburu tolosarrak, eta geroztik lana gustura egiten duela aitortu du.

Euskal Herriari agur esan eta Bartzelonara egin zuen salto Andrea Aramburuk (Tolosa, 1999). Bere ingurua uztea zaila egin zaion arren, betidanik izan du bidaiatzeko grina. Txikitatik pasio zuen hori, gaur egungo ofizio bilakatu du.

Zer ikasketa dituzu?

Nazioarteko Merkataritza Titulua dut eta Hegaldiko Azafata Lizentzia. Ikasketei dagokienez, hori da guztia, baina hainbat ikastaro ditut tartean.

Zergatik erabaki zenuen hegazkineko laguntzailea izatea?

Nire familiaren enpresan ari nintzen lanean, eta egia esan, ez nengoen oso pozik lana oso monotonoa zelako. Ez nuen neure burua bertan ikusten, hasiera batean komertzial bezala ariko nintzela uste nuelako, baina bertan nuen postua administratiboagoa zen eta niri ez zitzaidan hori gustatzen. Hegazkineko laguntzailea zen neska bat ezagutu nuen Bilbon, kasualitatez, nire lagun bat bertan bizi baita pisu partekatu batean. Berarekin hizketan aritu nintzen, bost bat minutu, oso neska atsegina zen eta bere ofizioaren inguruan hitz egin zidan. Etxera iritsi nintzenean hegazkineko laguntzailearen ofizioaren inguruan informatzea erabaki nuen, ez bainuen ideiarik. Ume naizenetik ez dut jaso hegazkineko laguntzaile izateari buruzko informaziorik, eta ez nuen ezagutzen hurbileko inor, horregatik hasi nintzen ikertzen eta uste baino errazagoa iruditu zitzaidan. Gainera, eskatzen dituzten estandar guztiak betetzen nituela ohartu nintzen eta hori ikastea erabaki nuen.

Vueling konpainian egiten duzu lan. Zer moduz daramazu?

Zortzi hilabete daramatzat Vuelingen eta oso ondo nago. Ezberdina da enpresan lan egitea edo bezeroa izatea. Vueling IAG (International Airlines Group) enpresaren parte da, Iberia eta British Airwaysekin batera. Ez da baldintza onenak dituen konpainia, Iberia bezala, baina lan-baldintza oso onak ditu.



Zer ikasketa behar dira hegazkineko laguntzailea izateko?

Espainian, bigarren mailako mediku ziurtagiria izatea eskatzen da, baita Azafata Lizentzia ere.

Lizentziari dagokionez, derrigorrezkoa duzue behin eta berriro berritzea edo bizitza osorako balio dizue?

Azafata Lizentzia atera zenuenetik urtebetera ez baduzu erabiltzen, bost urteko iraupena du, baina bestela ez duzu inolako arazorik. Hegazkina oso eremu segurua da, eta hegazkinean gerta daitezkeen egoera guztiak guztiz kontrolatuta daude. Izan ere, hegaldi bakoitzean mila ikuskapen izaten dira, eta hegazkineko laguntzaileok ere ikuskapen horiek guztiak egiten ditugu. Horregatik, lizentzia aterata ere, hegazkin konpainia batean sartu ahal izateko, enpresaren sarbide froga gainditu behar duzu, hegan egiteko prest zaudela argudiatuz. Ondoren, urtean behin gogorarazten moduko bat egiten da, hau da, prozesu osoa errepikatu behar duzu. Ikastaro bat egin behar da, 48 orduko praktikaldi batekin eta gero hainbat azterketa egiten dira ikasitako hori ez ahazteko.

Zaila al da?

Egunero egiten duzun zerbait da, baina konpainiara sartzeko sarbide froga bada zaila. Lizentzia atera arren, ez dakizu noraino trebatu zaren; izan ere, eskolaren arabera prestatuago aterako zara. Horrez gain, kontuan izan behar duzu konpainia bakoitzak kalitate eta segurtasun estandar batzuk dituela, eta lanean hasten zarenean konturatzen zara ez duzula inoiz hegazkinik ukitu, eta milioi bat datu, milioi bat botoi eta milioi bat larrialdi-material aurkitzen dira bertan. Erotu egiten zara. Hasieran normala da, baina gero, berehala hartzen diozu martxa, bidaiariak hegazkinean sartu aurretik briefing bat egiten baita. Briefing horretan hegazkineko laguntzaile bakoitzari dugun postuaz galdetzen digute eta larrialdirik izanez gero, zer egin behar dugun ere. Hainbat prozesu berrikusten dira tartean.

Zeintzuk dira hegazkineko laguntzaile baten egiteko nagusiak?

Hegaldi baten xede nagusia segurtasuna da, bakarra ez esatearren. Edozein gauza gertatuz gero, gu hor gaude dena ondo atera dadin. Erditze bat, sukarra duen pertsona bat edo hegazti batek hegazkinaren aurka talka egin eta lehenbailehen ebakuatu behar izatea gerta daitezke. Gu hor gaude ateak irekitzeko eta inor hegazkinean gera ez dadin ziurtatzeko. Orain, gainera, hegazkin-konpainia guztiek beste zerbitzu bat ere ematen dute: taberna edo orgatxoa. Aerolinearen arabera zerbitzu hori zabalagoa edo murritzagoa izango da, baina Vuelingen kasuan janaria eta edaria soilik saltzen ditugu.

Nolakoa izan zen zure sarbide froga?

Konpainia guztietan eskatzen dituzten estandar eta baldintza minimo guztiak betetzen nituen. Beraz, Azafata Lizentzia lortzeko ikastaroa amaitu nuenean, aste horretan bertan hiru elkarrizketa izan nituen. Zorte handia izan nuen, konpainia guztietan baiezkoa eman zidatelako.

Zein baldintza behar dira hegazkineko laguntzailea izateko?

Gutxienez, 1,60 metroko altuera izan behar duzu. Ez da beharrezkoa 2 metro neurtzea, baina altuerako estandarrak bete behar dira larrialdietarako material asko hegazkinaren goialdean dagoelako. Adibidez, takoiak jantziak eraman arren, kabina-maletak boladetan uzten direnean, itxi eta ireki egin behar izaten ditugu inolako zailtasunik gabe. Hizkuntza asko hitz egin arren, altuerako estandar hori betetzen ez baduzu, ezin izango duzu konpainian sartu. Igeri egiten jakitea ere ezinbestekoa da. Esaterako, bi minutuan 100 metro igeri egitea da probetako bat, gainerako erreskate frogak ere beharrezkoa izaten dira. Ia konpainia guztiek ingelesa jakitea eskatzen dizute. Tatuaje ikusgarririk ez izatea aholkatzen dute, nahiz eta hori pixkanaka aldatzen ari den. Ezin dira azazkal kilometrikoak eraman, ezta bitxirik edota piercingik ere.

 

«Hizkuntza asko hitz egin arren, altuerako estandar hori betetzen ez baduzu, ezingo duzu konpainian sartu»



Iaz, hegazkineko laguntzaileak hautatzeko, enpresa batek emakumezkoei sarbide frogan, barruko arropan geratzea eskatu zien. Nola bizitu zenuten egoera hau zure konpainian?

Ez da maiz gertatzen den egoera bat, baina egia da hegazkin konpainia batera aurkezten zarenean, nora aurkezten ari zaren jakin behar duzula. Adibidez, Emirates hegazkin konpainiaren sarbide frogara aurkezten bazara, kontuan izan behar duzu bertako lan-arauak ez direla hemengoak bezalakoak izango. Hala ere, egia da albiste honek zalaparta handia sortu zuela, inork ez zuelako espero horrelako egoera bat gertatuko zenik, eta are gutxiago hemen. Egoera oso itsusia izan zen, azkenean lankideak edo sektorean sartu nahi zuten emakumeak zirelako, eta gauza horiekin ikaratu besterik ez dira egiten. Nik Vuelingen edo beste konpainiatan ezagutu ditudan emakumezkook ez dugu inoiz horrelako arazorik bizitu. Beraz, hori ez da errealitatea. Egia da tatuajeei buruz galdetzen dizutenean, besoak eta hankak erakutsi behar izaten dituzula, alegia, uniformearekin ikus daitezkeen eremuak erakusten dituzu soilik, ezin dizute uniformearekin ikusten ez diren eremuak erakutsarazi.

Gogoan duzu zure lehen hegaldia?

Egiten duzun lehen hegaldia probako hegaldia da, hau da, azken azterketan zaude, eta horregatik, ikasle bakoitzak bere kargu dagoen pertsona bat izaten du. Gogoan dut oso urduri nengoela, inoiz ez bainuen hegazkinik ukitu, eta hara iritsi eta berehala lanean jarri ninduten. Segurtasun erakustaldia egin behar genuenean, asko beldurtu nintzen, ez bainuen inoiz entseatu eta 200 bidaiarien aurrean egin behar izan nuen. Hau da, hegazkineko laguntzaile guztiak korridorean jartzen garenean eta segurtasun-uhala nola lotu behar den edo larrialdietako irteerak non dauden azaltzen den momentua. Behin hori eginda, txorakeria bat dela konturatzen zara, gero zure egunerokoaren parte izaten baita eta ohitu egiten baitzara.

Nora bidaiatu zenuen lehen bidaia hartan?

Lehen egunean oso hegaldi itsusia izan nuen. Lau jauziko hegaldia egitea egokitu zitzaidan; hau da, egun horretan lau hegaldi izan nituen. Ibiza-Granada bat zen; alegia, Bartzelonatik Ibizara eta Ibizatik Bartzelonara bidaiatu behar izan nuen, eta ondoren, Bartzelonatik Granadara, eta Granadatik Bartzelonara itzuli nintzen. Dena jarraian.

Programazioaren arabera, bidaiatzen duzuen lekuan egonaldiren bat egiteko aukera baduzue?

Hori guztia konpainiaren araberakoa da, baina, oro har, zuk zure programazioa izaten duzu, eta, beraz, horiek bai ala bai bete behar dituzu. Alegia, ni antolatzeko gai banaiz, tokiaren arabera egonaldia egin dezaket, baina noski, programatuta dituzun hegaldietara iristeko gai izan behar duzu. Honekin lotuta, Vuelingek herrialde ezberdinetan hainbat base ditu; adibidez, Italian, Erroman, Florentzian eta Milanen dauzka; Herbehereetan, Amsterdamen; Frantzian, Parisen; Erresuma Batuan, Londresen; eta Israelen, Tel-Aviven. Base horietatik lan egiteko aukera ere izaten dugu. Esaterako, lau egunetan Londresera bidaltzen bazaituzte, Bartzelonako aireportutik lan egin beharrean, Londreseko aireportutik egin zenezake lana. Zure ordutegia antolatzen baduzu, zure denbora librean hiria eta gainerako guztia bisitatzeko aukera duzu.


Zenbat bidaia egin ditzakezu gehienez egun batean?

Hori ere konpainiaren araberakoa da, baina Vuelingen kasuan, gutxienez bidaia bat eta gehienez lau bidaia egin ditzakegu.

Nolakoa da hegazkineko laguntzaile baten egunerokoa?

Loguraz oso kontziente izan behar duzu, eta lanean zauden arte ez zara hortaz konturatzen. Logurarekin kontuz ibili behar duzu; izan ere, gerta liteke hegaldiak atzerapen bat izatea eta zure lan orduak luzatzea. Horrekin arazorik ez duzun pertsona bazara, oso lan ona da; esnatzean eguneko janaria prestatzen duzu, aireportura joaten zara, hegazkinean jateko aukera izaten duzu, bidaiariak hegazkineratzen dituzu, lankideekin egoten zara eta aireportura iristean kafe bat hartzeko aukera ere izaten duzu. Eguna lasaitasun handiz hartu dezakezu.

Zein giro duzue lanean?

Egunero jende desberdinarekin egiten dugu lan, eta hori oso ondo dago hegazkinera iristen zarenean beti elkarrizketa-gai desberdinak izaten ditugulako. Adin ezberdina duen jendea dago, jende berria eta ez hain berria, eta oso lan giro ona izaten dugu gure artean.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Ez dela monotonoa, nahiz eta monotoniaren barruan monotoniarik ez egon. Alegia, egunero betiko betebeharrak egin behar izaten ditugu, baina ordutegi desberdinak izaten ditut. Goizez, arratsaldez, gauez, Bartzelonan bertan edo kanpoan lan egiteko aukera izaten dut. Pertsona bakoitzaren nahiak asko errespetatzen dituzte, seme-alabak dituzten hegazkineko laguntzaile asko daudelako eta gauza horiek ez direlako kudeatzeko errazak. Beraz, gure beharren arabera gehien komeni zaiguna konpainiari eskatzeko aukera izaten dugu eta hori eskertzekoa da.

Eta gogorrena?

Etxetik joan behar izatea da gogorrena. Nik zortea izan dut Bartzelonan geratu naizelako, baina imajinatu Shanghaira (Txina) joan behar duzula hilabete batez lan egitera, eta denbora horretan ez dituzula zure gurasoak eta lagunak ikusiko. Hori zailagoa da, nahiz eta gero hegazkinean gauden guztiok bat egiten dugun. Azkenean, denok bakarrik gaude, baina egia da ez garela bakarrik sentitzen beti jendez inguratuta gaudelako. Hala ere, ez da gure familia edo lagunen maitasun eta babes berdina izaten eta hori faltan botatzen da.

Inoiz beldur izan zara?

Hegaldiarekin zerbait gertatzeari buruz badiozu, inoiz ez. Bidaiariekin bai izan naiz beldur, hegazkinaren barruan ere gauza asko gerta daitezkeelako eta gauzak gertatzeko aukera handia delako. Adibidez, zuritzen ari den adineko pertsona bat ikusten badut eta arnasa hartzea kostatzen zaiola esaten badit, hor bai beldurtzen naizela. Egoera horretan, oxigenoa jarriko genioke, erlaxatu arte eta gertuagoko aireportu batean lurra hartuko genuke, eta lurreratu bezain laster anbulantziak eramango luke. Zorionez, niri ez zait horrelako egoera bat gertatu, baina horretarako ere prest egon behar dugu. Egia da edozein hegalditan bidaiarien artean beti medikuren bat egoten dela, baina izua pasatzen da.

Baduzu anekdotarik?

Ospetsu askorekin bidaiatu dut, Ibizara joateko hegaldietan bereziki, horietan beti dago norbait ospetsua. Ibizako hegaldiak aparteko zerbait izaten dira beti. Gogoan dut Ibizako hegaldi batean Paris Hilton zela uste zuen bidaiari bat zegoela, eta bat-batean hegazkinean garrasika hasi zen. Gainontzeko bidaiariak isiltzeko esaten zioten, baita guk ere, baina ez zigun kasurik egiten eta berak garrasika jarraitu zuen. Bidaiariren bat horrelako showa muntatzen badu hegazkinean, komandanteak dira poliziari deitzeaz arduratzen direnak. Orduan, aireportuan lur hartu genuenean polizia han zegoen. Emakumezkoa hartu zutenean berak garrasika jarraitzen zuen, eta hegazkineko laguntzaileoi botatzen zigun erru guztia. Bitartean, gainontzeko bidaiariak txaloka hasi ziren.

Sekulako pazientzia izan behar duzue.

Bai, loteria tokatzea bezala da. Hala ere, jende oso interesgarria ezagutu dut hegazkinean, oso jende garrantzitsua, gaur egun lagun bihurtu dira.

Nola baloratzen duzu zure bilakaera pertsonala eta profesionala azken hilabeteotan?

Pertsonalari dagokionez, aldaketa handia egin dudala uste dut. Etxetik alde egin behar izan dut, hiriz aldatu behar izan dut, neure kabuz mugitzen ikasi behar izan dut, etxean ez ezik, agian Londresera bidali nautelako lau egunez eta bakarrik egon behar izan dudalako, askoz gehiago sozializatzen ikasi eta guztiarekin jasanberagoa izaten jakin behar izan dut. Etxean bazaude eta zure lagun taldearekin egotera ohituta bazaude, ondoren konbentzitzen ez zaituen norbait badago edo zure estilokoa ez den norbait badago, ez zenuke ahaleginik egingo pertsona horren laguna izateko. Hemen, hegazkinean, berriz, jasanberagoa izaten ikasi behar duzu, gainerako pertsonek ere beste ikuspuntu edo izaera bat izan dezaketelako, eta ez dira zu baino txarragoak edo hobeak izango. Azkenean, zure bizitzako funtsezko zutabe bat da.

Arlo profesionalari dagokionez ere aldaketa handia egin dudala uste dut. Sektorez erabat aldatzea eta honetan ere aurrera egin nahi izateak asko adierazten du. Izan ere, orain Vuelingen nago, baina abiazio pribatu batera lekuz aldatu nahiko nuke. Hala ere, pixkanaka eta pausoz pauso.

Lanbide hau ondo baloratuta dagoela uste duzu?

Ume naizenetik beti pentsatu izan dut hegazkineko laguntzaile izatea modelo izatea bezalakoa zela, eta errealitatean ez da horrela. Abiazioa gustatzen bazaizu, ofizio bikaina da, eta egun ondo ikusia dagoela uste dut. Orain, modelo kontuekin harremana duela uste duen norbait badago, uste dut irudi okerra duela. Hegazkineko laguntzaileok bidaiarien segurtasunaz arduratzen gara, berdin du polita edo itsusia, lodia edo argala, altua edo baxua banaiz, arazo bat duzunean ni izango naiz zu salbu jartzen lagunduko dizuna.

Zer aholku emango zenioke hegazkineko laguntzaile izan nahi duen pertsona bati?

Gutxieneko baldintzak ondo irakurtzeko esango nioke, denbora asko aurreztuko duela. Sektore honetan ez du «borrokatzen baduzu lortuko duzu» esaldiak balio. Eskatzen dizkizuten baldintzak betetzen ez badituzu, ez zara inora joango, batez ere, altuerari dagokionez. Hizkuntzak praktikan jartzea ere ezinbestekoa da, eta geroz eta hizkuntza gehiago jakin orduan eta hobeto, hori oso garrantzitsua baita. Ofizio hau atsegin baduzu, ziur nago zure ametsetako lana izango dela. Abiazio munduan gauden ia guztiok esaten dugu pasabidean gaudela, baina gero denok hor jarraitzen dugu, ez baitago berdina den beste lanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!