Gazte irakurketa klubak maiatzera arte jarraituko du

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 24a, 11:59

Tolosako 11 eta 14 urte arteko 10 gaztek hartzen dute parte udal liburutegiak antolatutako ekimenean eta Nadin Hussein Hernandez aritzen da dinamizatzaile.

Tolosako udal liburutegiaren eginkizunetako bat herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzea da. Helburu horrekin 11 eta 14 urte arteko gazteentzat irakurketa kluba jarri zuten martxan joan den urrian. Proba modura hiru saio antolatu zituzten eta ekimenak harrera ona izan duela ikusita, maiatzera bitartean jarraituko dute irakurketak konpartitzen. Hilean behin, ostiraletan, haur liburutegian biltzen dira 18:00etan eta ordu eta erdiko saioa egiten dute. 

Udal liburutegiko arduradunek garbi ikusi zuten ekimenak arrakasta izan zezan garrantzitsua zela gazteengandik gertu egongo zen dinamizatzaile bat aukeratzea. Nadin Hussein Hernandez tolosarra hautatu zuten horretarako. Literatura ikasketak eginak ditu eta gazte irakurketa kluba dinamizatzen gustura dabilela dio: «Etorri diren gazteak oso parte hartzaileak dira eta asko inplikatu dira proposatutako ariketetan».

Hilean behin irakurritako liburu baten inguruan egiten dute tertulia. Ariketa ezberdinak proposatzen dizkie Husseinek parte hartzaileei: «Ez dadin, soilik, ahozko saio bat izan, irakurketa eta idazmena landu eta etxean irakurritakoan sortutako gogoeta horiek elkarrekin partekatzen ditugu». Dinamizatzailearen iritzian, helduentzako irakurketa klubekin alderatuta ezberdina da gaztetxoei bideratutakoa.

Adostuta aukeratzen dituzte, adibidez, klubean irakurriko dituzten liburuak eta Hussein saiatzen da gazteek egindako proposamenak kontuan hartzen. Literatur genero ezberdinak lantzen dituzte; komikiak, eleberriak edota misteriozko liburuak daude aurtengo programaziorako aukeratutakoen artean. Euskarazko liburuak dira guztiak.

Gozamena partekatuz

Udal liburutegiko arduradunek badakite gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea ez dela erraza, bestela ere, egunerokoan gazteek badituztelako beste hainbat pizgarri. Horregatik irakurtzeak berekin dakarren gozamena partekatzean egin nahi dute azpimarra. Bat dator Hussein: «Kontua ez da inor behartzea eta zalantzak dauzkat esaten den horrekin. Ez dut analisi sakonik egin eta ez dakit gazteek geroz eta gutxiago irakurtzen duten edo gazteen irakurtzeko modua aldatu ote den, paperetik digitalera». 

Dena den, irakurketa klubeko dinamizatzaileak dio, lan hori ez dutela egin behar izan orain arte gerturatu diren gazteekin, dagoeneko irakurzaletu ondoren gerturatu baitira klubera. Hori bai, Husseinek ohartarazi du parte hartzaileen %80 neskak direla, mutilak gutxiago gerturatzen direla horrelako irakurle taldeetara.

11 eta 14 urte arteko gazteentzako ekimena da martxan jarritakoa eta dinamizatzaileak dio adin horretan sumatzen dela batzuen eta besteen arteko aldea. «Gaztetxoenen interesak eta ia nerabezaroan sartuta dauden gazteenak ez dira berdinak. Hori egiten zait zailena, denentzako moduko irakurketa aukeratzea. Hala ere, oso ondo moldatzen dira denak elkarrekin eta zuku handia ateratzen diete irakurketei», nabarmendu du Husseinek. «Irakurketa klubari izena jartzeko ideia ere sortu da eta proposamen batzuk badauzkagu. Laster jakinaraziko dugu».

Maiatzera bitartean beste lau saio egingo dituzte eta zehaztuta dauzkate dagoeneko irakurriko dituzten liburuak. 12 lagunentzako tokia dago taldean eta izena eman nahi duten gazteek badute horretarako aukera udal liburutegira gerturatuta. Izena emanda, hilero-hilero bertan jaso ahal izango dute txanda horretan irakurriko duten liburuaren alea. 

KLUBEKO IRAKURKETAK MAIATZERA ARTE

  • Otsailak 23, ostirala
    • 18:00. 7 G udalekuak Nerea Loiola Pikazaren liburua.
  • Martxoak 22, ostirala
    • 18:00. Coraline Nel Gaimanen liburua Aurlie Neyreten ilustrazioekin.
  • Apirilak 26, ostirala
    • 18:00. Eloy Morenoren Ikusezin  liburua.
  • Maiatzak 24, ostirala
    • 18:00. Katixa Agirreren Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!