Bigarren urteurrena ospatuko dute barraren barrualdean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 24a, 07:58

Bi urte bete dira Tolosako Alde Zaharreko Raku taberna berriro zabaldu zutenetik; asteburu honetarako egitarau «berezia» antolatu dute urteurrena ospatzea helburu.

Tolosako Alde Zaharrean leku propioa duen taberna da Raku, eta eskualdean ez dira gutxi izango haren barruan denetariko bizipenak eta oroitzapenak sortu dituzten herritarrak. Boladaz bolada egon da zabalik zein itxita eta, azkenekoz, gazte talde batek ireki zituen berriro Rakuko ateak –eta leihoa–, pandemiaren amaierarekin batera. Haien hitzetan, «ilusioz eta urduritasunez» beteriko uneak izan ziren, aukerak eta arriskuak «estuki lotuta» zeudela-eta momentu hartan.

Dagoeneko bi urte egin dituzte zabalik eta, bertako kideek azaldu dutenez, hasiak dira «herriko dinamikan toki bat egiten» eta «egonkortasuna» irabazten. Ez dute tabernaz bakarrik hitz egiten, «proiektuaz» baizik: «Ez dugu taberna bat gehiago izan nahi, gure ustez badira gaur egungo Raku bereizten duten ezaugarriak».

Hori horrela, bezeroarekiko «gertutasunean eta konfiantzan» oinarritu nahi dute taberna, eta «bereziki» gazteei zuzenduta dagoela ere aipatu dute. Ez da nobedade taberna bateko giroan nabarmen eragiten duela bertako musikak, eta hausnartu dute horren inguruan ere: «Ahal den neurrian, gehiengoak entzuten duenaz harago, bestelako musikari ere bide ematen saiatzen gara: bai emanaldi bereziak antolatuz, bai eskatzen dizkiguten abestiei toki eginez».

Berdintasuna ardatz 
Kapitalismoaren aurka jarduten duten eragile politikoei eta sozialei «ekarpena egiteko» tokia dela ere uste dute arduradunek, eta hainbat adibide jarri dituzte: «Aldarrikapena eta borroka bultzatu nahi ditugu, izan autobusetarako zerrendak jarriz, sarrerak salduz, elkartasun ekimenak antolatuz eta ekarpen ekonomikoak eginez, besteak beste».

Bestalde, tabernariek aho batez nabarmendu dute «berdintasunean oinarritutako egituren» aldeko hautua egin dutela: «Rakuko kideok lan baldintza berdinen arabera jarduten dugu, baita proiektuaren gaineko erabakietan parte hartzeko aukerei dagokienean ere».

Bide beretik, «meritokrazian, soldata arrakalan eta enpresa hierarkian» oinarrituko ez den «proiektu kolektibo» bezala ulertzen dute Raku.

II. URTEURRENA
  • Urtarrilaren 25a, osteguna
    • 19:00. Urdaiazpiko dastaketa.
  • Urtarrilaren 26a, ostirala
    • 19:00 - 20:00. Ordu alaia.
    • 23:00. Dj Sassy.
  • Urtarrilaren 27a, larunbata
    • 19:00. Pintxo-pote berezia.
    • 23:00. Dj Mali.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!