Lopez Mendizabalen funtsa Euskadiko Artxibo Historikoaren esku

Ataria 2024ko urt. 22a, 15:15

Ixaka Lopez Mendizabalen senitartekoak izan dira gaurko ekitaldian. Iturria: Irekia

Ixaka Lopez Mendizabal tolosarraren funtsa ezinbestekoa da euskal kulturaren historiaren zati handi eta garrantzitsua ezagutzeko, baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren berri izateko ere.

Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du frankismo garaiko erbestearekin lotuta dagoen   ondarea. Aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko diren funtsak balio historiko handikoak direla nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak, gaurko agerraldian. Lopez-Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zen. Funtsaren zatirik handiena Ixaka Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, idatzitako eta bere seme Xabierrek sortutako dokumentazioa da. Ixaka Lopez Mendizabal 1879an jaio zen eta 1977an hil, beraz 1936an, gerra hasi zenean, 57 urte zituen eta ordurako abokatutzan, liburuen edizioan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zen.

1936ko abuztuan gerra hasi eta ia berehala, Tolosan Lopez-Mendizabaldarren ondasunak arpilatu zituzten: liburutegi aberatsa, mendeetan sortutako agiriz osatutako artxiboa, etxeko altzari eta beste… eta lapurtu ez zutena erre egin zuten faxistek. Urteen joan etorrian beraien ondasun asko berreskuratzea lortu zuen familiak. Dokumentu horietako asko aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko direnak dira. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen duten funtsak dira agiri hauek.

Lopez Mendizabal funtsak hiru zati ditu:

  1. 61 kutxa, batez ere 1930-2010 bitartekoak, Lopez-Mendizabal familiarenak. Sailkapen-prozesuan, funts hori, gehienbat, Ixaka Lopez Mendizabalengandik (1879-1977) eta Xabier Lopez-Mendizabalengandik (1925 - 2004) zetorrela identifikatu da.
  2. XX. mendearen amaiera bitarteko 420 liburuki+ xafla kalkografikoen kaxa bat, beren interesagatik hautatu direnak.
  3. 43 kutxa liburu arruntekin, nobelekin eta aldizkariekin. Baita argazki ugari ere, familiarenak, toki desberdinetakoak eta ekitaldi ugarikoak ere.

Agirien artean nabarmentzekoak dira:

  • Serapio Mujika historialariarekin izandako eskutitzak
  • Buenos Aireseko Laurak Bat elkarteko dokumentazioa
  • Agirre lehendakariarekin izandako mezu-trukaketa
  • Antonio Maria Labayen adiskide tolosarrarekin edukitako korrespondentzia
  • Etimologías de apellidos vascos liburuaren jatorrizko idatziak
  • Xabiertxo liburuaren Argentinako edizioaren argazkiak

Lopez Mendizabal familia

Lopez-Mendizabaldarrak Tolosan arrasto sakona utzi duten pertsonak izan dira, batez ere edizio eta inprenta lanetan, baita euskal kulturan ere. Familiaren arbasoak izan ziren Tolosan lehen inprenta jarri zutenak. Hain zuzen ere, Francisco de La Lama izan zen 1782an aita Cardaverazen dotrina argitaratu zuena. Ordutik aurrera, eta 200 urtetik gorako historia luzean, hainbat eta hainbat liburu atera zituen Tolosako argitaletxeak, horietatik asko euskaraz.

La Lamak sortutako familiak ez zituen inprenteroak bakarrik eman, euskal kulturaren sortzaileak ere eman zituen eta horien artean garrantzitsuena Ixaka Lopez Mendizabal, hain zuzen ere liburu eta edizioaren munduan familia horretan jardun zuen azken aurreko belaunaldiko kidea.

Beraz, Lopez-Mendizabaldarrek liburuak argitaratu eta liburuak idatzi ere egin dituzte, hortik beraien garrantzia eta pisua euskal kulturaren barruan. Guzti horren isla da Euskadiko Artxibo Historikoan familiak emanda gordetzen den funtsaren balioa.

1936an faxistek Lopez Mendizabalen ondasunak arpilatu eta erre zituzten eta Ixaka Lopez Mendizabal zigortu ere egin zuten. Estatu frankistak 100.000 pezetako isuna ordaintzera behartu zuen. 20.000 liburutik gora zituen liburutegia desagertu zen, artxiboari beste hainbeste gertatu zitzaion eta inprentako tailerrak hondatu zizkieten. Hor galdu zen, ez bakarrik Lopez Mendizabal familiaren ondasunen zati handia, baita euskal kulturaren altxor handi bat ere.

Hala ere, Ixaka eta Xabier Lopez Mendizabal aita-semeek ez zuten sekula dena galdutzat eman eta ahal izan zuten neurrian 1936ko abuztuan galdutako ondasunak, liburu eta dokumentuak berreskuratzen ahalegindu ziren. Gutxi batzuk berreskuratu zituzten, bai liburuak eta bai artxibo-agiriak ere.

Lanean ere jarraitu zuten. Iparraldean, lehenengo (1936-38), Argentinan geroago (1938-1966) eta, azkenik, berriro ere Tolosan (1966-1977) Ixaka Lopez Mendizabalek (eta bere seme Xabierrek) ez zion kultur gizon, egile eta eragile, izateari utzi.

Ixaka Lopez Mendizabalek, Argentinan, Andres Irujorekin batera, Ekin Euskal Argitaletxea sortu zuen, Laurak Baten buru-belarri sartu zen: Lagun Onak abesbatza zuzendu, Saski Naski bultzatu, euskara irakatsi, euskaldunen meza antolatu, hitzaldiak eman, eta abar. Argentinan eta Euskal Herrian, ikusmen arazo larriak izan arren, bere alaba Itziar eta Izaskunen begiez eta atzamarrez baliatuz, irakurtzen eta idazten jarraitu zuen hil arte, 98 urte betetzera zihoala.

Ixaka Lopez Mendizabalek hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen bere bizitza luzean. Euskara, historia, euskal ohiturak… zituen maite eta hamaika artikulu eta liburu utzi zituen. Baina euskararen azterketa zientifikoan nabarmendu bazen ere, ez zuen bazterrean utzi hizkuntza zabaltzearen ahalegina eta euskara irakaslea izateaz gain,  Lopez Mendizabal bere lanetariko batek ezagun egin bazuen, lan hori Xabiertxo izan zen. Hain zuzen bere seme Xabier, eta honekin batera gainerako euskal neska-mutiko guztiak, euskaraz alfabetatzeko eskola-liburu ezaguna.

Guzti hori eta gehiago ikus eta aztertu daiteke Euskadiko Artxibo Historikoan utziak Lopez-Mendizabal familiaren funtsean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!