Sortzen dugu, beraz bagara

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 26a, 07:59

Tolosako Jabetze eskolako hiru tailerretan ikasleek egindako lanekin EmakumeARTEan erakusketa osatu eta Aranburu jauregian jarri dute ikusgai; 56 emakumeren 245 obra ikusi ahal izango dira bertan.

Otsailaren 3ra arte Tolosako Aranburu jauregian EmakumeARTEan erakusketa izango da ikusgai. Tolosako Jabetze eskolako 56 ikaslek sortutako lanak egongo dira bertan jarrita. Ilustrazio, xilografia, pintura eta argazki tailerretan egindako 245 obra inguru dira ikusgai jarri direnak.

Tolosako Jabetze Eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze sozio-politikoa sendotzeko sortu zen duela urte batzuk, «gizarte justu, askotarikoa eta osoagoa lortzeko». Urteotan egindako lana erreferentziazkoa bihurtu da eskualdetik kanpora ere, Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak erakusketaren inaugurazio ekitaldian aipatu duenez. «Eraldaketarako eta ahalduntzerako tresna da artea», nabarmendu du Ezeizak.

2023an zehar Jabetze Eskolan eskaini diren lau tailerretan ibili diren emakumeek egindako lanekin osatu da Aranburu Jauregiko erakusketa. Aurten, lehen aldiz, Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu! ilustrazio tailerra eskaini du Pili Aguadok; aurreko ikasturteetan bezala linolio gainean egin dute lana Oihana Ugartek gidatuta Sormena eta aldarrikapenak plazara xilografia tailerrean; Leire Markinezek, berriz, Geure emozioak pintatuta pintura ikastaroa eskaini du; eta amaitzeko, Ura Iturraldek, Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik argazki tailerra eman du.

Irakasle guztiek aipatu dute askotariko emakumeek hartu dutela parte aurtengo tailerretan. Aniztasuna aberasgarria dela nabarmendu dute lauek. Ura Iturraldek, adibidez, aniztasun horretan egin du azpimarra: «Ikasle gazteak ibili dira eta beste batzuk, aldiz, helduagoak. Uste dut ikastaro hauetan geure artean sortzen den harremanak duela garrantzia. Saioak bukatzen direnean zerbait hartzera joaten gara elkarrekin eta oso giro polita sortzen da».

Sormenezko argazkigintza landu du Iturraldek bere tailerretan eta lanketa guztien atzean egon den talde lana aipatu du. Iazko ikastaroetako batean argazkilaritza dokumentala landu dute, eta bestean, berriz, arropa marka entzutetsuetako modeloek jartzen dituzten posturak parodiatu dituzte. «Parodia eta salaketa egin nahi izan dugu argazki horiekin, ezin sinesteko posturetan agertzen baitira Zara bezalako arropa dendetako modeloak. Postura horietan jarri gara gu geu ere, batzuetan modeloarena eta besteetan argazkilariarena egitean. Oso ondo pasa dugu», esan du Iturraldek. Argazki hauen aldamenean dagoen QR kode baten bitartez galdetegi baterako sarbidea izango du bisitariak. «Gogoeta bultzatu nahi dugu ikusleen artean: modelo horiek, postura horietan, argazki hauekin... Zer da benetan marka hauek saldu nahi dutena?».

 

Ura Iturralde: «Ezin sinesteko posturetan agertzen dira Zara bezalako arropa dendetako modeloak» 



Aldarriak euskarri ezberdinetan

Jabetze eskolako tailer hauen bitartez esperientziak partekatzea da helburuetako bat, baina, baita gorputzaz disfrutatzea eta artea, kultura eta diskurtsoak produzitzea ere. Pandemia aurretik hasi zen Oihana Ugarte xilografia tailerrak eskaintzen Tolosan, eta ikasleek egindako lanketan aldarri feministak ere tartekatzen dituzte. «Esaldi bat hartu eta xilografiarekin sortutako irudi batekin, konposizioak sortu ditugu», aipatu du Ugartek.

 

Oihana Ugarte: «Zizelkatzeko erremintak hartu eta trantze moduko batean sartzen dira ikasleak» 



Xilografia grabatuak egiteko teknika da. Egurra edo linoliozko xafla baten gainean zizelkatu eta tinta eman ondoren erliebean geratzen den hori paperean estanpatzen dute normalean, baina baita oihalean ere. «Linoleumezko xafla erabiltzen dugu guk eskertuagoa delako klaseak emateko. Konturatzen naiz, teknika honekin harremanetan sartzerakoan, trantze moduko batean sartzen direla ikasleak. Zizelkatzeko erremintak eskutan hartu eta euren munduan sartzen dira. Tinta eman eta torkuluan estanpatzen dugunean ateratzen dena beti da baleko emaitza. Ikasleei beti esaten diet ez dela ez polita ezta itsusia ere. Erreparoak gainetik kendu, erlaxatu, eta barruan dugun hori azaleratzeko aukera ematen digu xilografiak».

Izan ere, Jabetze Eskolan eskaintzen diren tailerrek mugimendu feministak garatutako jakintzak transmititzen dituzte, baina, horrekin batera, partekatutako metodologiari ere ematen diote garrantzia. «Lehenengo egunean xilografiaren teknika erakutsi ondoren, libre uzten ditut ikasleak, sortu dezaten eta hanka sartu dezaten. Horrela ikasten da. Nik, asko jota, nondik jo edota nondik ez jo azaltzen diet, gida moduko bat eskaintzen diet», dio Ugartek.

Eraldatzeko artea

Askotariko kolektiboek bizi duten menpekotasun errealitatea ikusarazteko asmoz ere antolatzen ditu Tolosako Udalak Jabetze Eskolako tailerrak. Leire Markinezek gidatzen duen pintura ikastaroak asmo hori du: «Emakumeak geure emozioak adierazten ditugu hitzez, baina askotan ez gaituzte entzuten. Tailer honekin, pinturaren bitartez, izendatu ezin dezakeguna adierazten dugu. Askotan beldurra, estutasuna, seguritate eza da, baina beste batzuetan konfiantza, alaitasuna, energia da».

Iaz eskainitako bi tailerretan, «arte terapia» egin dutela nabarmendu du Markinezek. Ikastaroaren lehen partean abstrakzioa landu dute eta bigarrengoan mandalak: «Lehen zatia erabat dinamikoa izan da, pintura emozionala landu dugu, gorputz dinamiken eta pintura espontaneoaren bitartez; bigarrenean, berriz, mandalak pintatu ditugu barneko egoerari erreparatuz». Irakaslearen esanetan, bi alde horiek, mugimendua eta baretasuna, uztartzen dira Aranburu Jauregian egunotan ikusgai dauden lanetan.

«Pinturak laguntzen digu emozioak identifikatzen, egoerak aztertzen eta barruan daramagun hori ateratzen. Norbere burua gehiago ezagutzeko eta nolabaiteko kontzientzia pertsonal handiagoa izateko balio dute nik eskainitako tailerrek».

 

Leire Markinez: «Nolabaiteko kontzientzia pertsonal handiagoa izateko balio du nire tailerrak»



Topagunea emakumeentzat

Parte hartzaileek munduaz duten pertzepzioa aldatu eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak ematea da Jabetze Eskolako tailerren beste helburuetako bat. Horretan laguntzen du beste emakume artisten lanak ezagutzeak eta Pili Aguadok aurten gidatu duen tailerrean ere artista horien margolan, konposizio eta poemak izan dituzte abiapuntutzat sormen lanerako. Lois Mailou, Sarah Affonso, Ruth Asawa, Mirka Mora, Maruja Mallo edota Lee Krasnerren lanak ekarri dituzte hizpidera. Charlotte Perkins poetaren irudi bat ere erabili dute sorkuntzarako Agudok berak azaldu duenez: «Irudi hori erabilita, ikasle bakoitzak bere collage-a egin du eta oinarri berdinarekin oso lan ezberdinak sortu dira».

 

Pili Aguado: «Ikasleek ikusi dute ez dela beharrezkoa esperientzia edukitzea artea egiteko»



Collage-a, nagusiki, baina marrazketa, marmolatzea eta akuarela bezalako teknikak ere landu dituzte Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu tailerrean. «Topagune bat izan da ikastaroa, partekatzeko gune bat eta ikasleek ikusi dute ez dela beharrezkoa aurretik esperientzia edukitzea artea egiteko. Hasieran estutu egiten dira ikasleak, gaizki aterako zaienaren beldurrez, baina ideia da pintzelak hartu eta sortzen zaigun horri lekua egitea», esan du Aguadok. Collage teknika erabiliz ikasleek egin dituzten lanak azpimarratu ditu ilustratzaileak, ikasleetako batzuk etxeko argazki zaharrak eraman baitituzte tailerrera, «eta gehienetan emakumeak ageri dira bertan».

Taldekako ikaskuntza eta kontzientziatze prozesua izan da Tolosako Jabetze eskolako tailer hauetan aritu diren emakumeentzat. Sortu zaien horren parte bat ikusgai jarri zuten joan den urtarrilaren 12an. Inaugurazio ekitaldian Ane Urbizu akordeoi jotzaileak eta Itziar Vargas biolin jotzaileak hartu zuten parte. Tolosako Aranburu Jauregian, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era ikusi ahal izango da EmakumeARTEan.

 

EMAKUMEARTEAN

Otsailaren 3ra arte, Aranburu jauregian. 56 ikasleren 245 obra.

  • Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu! ilustrazio tailerra
  • Sormena eta aldarrikapenak plazara xilografia tailerra
  • Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik argazki tailerra
  • Geure emozioak pintatuta pintura ikastaroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!