Zuhaitz Azoka egingo dute larunbatean Tolosan

Ataria 2024ko urtarrilaren 22a

Euskal Herriko zenbait mintegik parte hartuko dute urteko lehen azoka bereziaren 28. edizioan. Zuhaitzak, zuhaixkak, landareak eta mota guztietako haziak izango dira protagonista Trianguloa plazan.

Larunbat honetan, hilaren 27an, urteko lehen azoka berezia egingo da Tolosan: Zuhaitz Azoka. 28. edizioa izango da eta fruta-arbolen eta gustu guztietarako loreen artean ospatuko dute. Aurreko urteetan lortutako arrakastaren ondoren, lorezaintza eta landare zaleentzako hitzordu garrantzitsuena hiribildura itzuliko da urtarrilari agur esateko.

Trianguloa plazan egingo da azoka, 9:00etatik 14:00etara. Zuhaitz, zuhaixka, landare, lore eta hazi mota ugari ikusi eta erosi ahal izango dira, Euskal Herriko hiru lurraldetatik bertaratuko diren mintegietakoak:

  • Ines Flores Navarrete (Anoeta)
  • Juncal Areitioaurtena (Zaldibar, Bizkaia)
  • Jose Javier Beaskoetxea (Iurreta, Bizkaia)
  • Asier Iraola (Anoeta)
  • Ignacio Guillén e hijos S.L. (Tafalla, Nafarroa)
  • Miguel Arribas (Beizama, Gipuzkoa)
  • Joseba Belar (Zaldibar, Bizkaia)
  • Txomin eta Arkaitz Bilbao (Kortezubi, Bizkaia)

Zuhaitzak landatzeko garaia

Zuhaitz Azoka garaiotan antolatzea ez da kasualitatea. Izan ere, urtarrila eta otsaila dira fruta-arbolak landatzeko hilabeterik aproposenak, landarea atsedenaldian dagoelako eta oraindik lorerik ez duelako. Horrek landatzean arazoak sortzea saihesten du, eta udaberriko lehen loraldia heltzen denerako, lehen sustraiak botata izaten dituzte.

Sagarrondoa, udarea eta gereziondoa dira Tolosaldeko klimarako egokienak. Larunbateko azokan eskuragarri izango dira bestelako zuhaitz askorekin batera, hurritzak, pagoak eta haritzak, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!