Oihana Iguaran, Julio Soto, Jone Uria, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze bertsolariek saio ederra eskaini dute, Amaia Agirrek berriro ere maisuki gidatuta. Bertso sakonak entzuteko aukera izan da, eta baita ere barre egiteko bertsoaldiak ere.
Bertsolari bakoitzak bere agurra egin du lehenbizikoz, eta Jone Uriak gogora ekarri du ospea duen saioa dela Ataria Bertso Saioa eta bere lehen aldia dela aurtengoa. Agurren ondoren, Lujanbio eta Soto jarri dira mikrofonoen aurrean, eta Atariako bi kazetariren lekuan ipini ditu Agirrek, adimen artifizialak zer etorkizun ekarriko ote duen hausnartzeko. «Zer etorkizun, gure herria uzten badugu gailu batzuen eskuetan» esan du Sotok, eta Lujanbiok eskatu du behintzat adimen artifizialak «euskaraz jakin dezala».
Hurrengo gaia aurkezteko, Aita Mari itsasontziko Leire Motriko kidea igo da oholtza gainera. Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen dituzte. «Ehunka egoera azaldu ahalko nituzke gaur, geure zortea azpimarratuz eta beste batzuen egoera kaxkarren berri emanez, baina ez naiz etorri diskurtso moralistarik ematera», azaldu du, eta datu bakarra eman du: «18 pertsona hiltzen dira egunero Mediterraneo itsasoan Europara iritsi nahian». Motrikok azaldu duenez, «tokian-tokian eta gure eskala txikian jardunez, aldaketa globalak lor daitezkeela uste dut». Arzallusi eta Iguarani egokitu zaie gaia, eta Europan bizi garenok «beste aldera begiratzeko pribilegioa» dugula abestu du amasarrak. Arzallusek gaineratu du mundua alderantziz dagoela, «baimena eskatu behar bada bizitza bat salbatzeko». Iguaranek diruz lagundu daitekeela argitu du, «bestela lotsak itoko gaitu», eta Arzallusek ideia bat bota du bertsoaldia bukatzeko: «handik honera eletorke inor, gu joan ez bagina».
Lehen barre algarak Mendiluze eta Uriarekin iritsi dira. Irurarrak IAT azterketa pasa behar dio ibilgailuari, eta ilaran zain dagoela, Uria teknikoa azaldu zaio. Bukaera aldera Uriak bota dio Mendiluzeri: «Kotxeak pasako du baina zuk ez dakit». Ondoren etorri da Mendiluzeren erantzuna, tartean Uriari «doktora lepatentea» deituz: «Nik pazientzia daukat intermitentea».
Barreek jarraipena izan dute, Korrikaren inguruko gaiarekin. Uria, Arzallus, Soto eta Iguaran Korrika noiz iritsiko zain daude Tolosan; bitartean tabernetan tragoak hartzen hasi dira, eta poteoa gehiegi ari zaie luzatzen. Bertso ederrak bota dituzte, tartean Arzallusek esandakoa, «beste trago bat eta nik idatziko det mezua», edo Uriak botatakoa: «Peto honekin babero baten funtzioa daukagu».
Umoretik jarraitu du saioak, eta oraingoan gai-jartzaile berezi eta guzti: Enekoach. Lujanbio eta Mendiluzeri egokitu zaie bertsoaldia, eta Enekoach-ek gaia jartzerakoan dagoeneko barrez jarri ditu ikus-entzuleak. Bideo batean dago jasota bertsoaldia.
Uriaren txanda izan da ondoren, eta bakarka abestu du. Gaia jartzerakoan Bizkaiko Bertso Txapelketan abestu zuen agurra izan da entzungai, eta bertan aipatutako «pandemia, abortua, haurdunaldia, txapelketa...» hizpide hartuta, orain lanera itzuli ondoren nola bizitzen duen aro berria galdetu dio Agirrek. Uriak «ahal den bezain gehien disfrutatzea eta lasai egotea» eskatu du, baina «gero etortzen dira txapelketa eta lana» gaineratu du.
Ataria Bertso Jaialdian beste hainbat gai ere jorratu dira, berriro ere barre egitekoak eta tarteka gai serioagoei helduz. Sei bertsolariek euren maila erakutsi dute, eta bertsozaleak gustura atera dira, beste behin, Leidor aretotik. Bertsoaldi guztiak ikusi eta entzuteko bertso saioaren bideoa osorik ikusteko aukera izango da egun gutxi barru Ataria.eus zein Bertsoa.eus webguneetan.