Tolosaldeko ospitale publikoa

«Eusko Jaurlaritzak kondena berretsi du: beste sei urte bigarren mailako osasungintzarekin»

Ataria 2024ko urt. 20a, 15:52

TOPA plataformak ekintza egin du Tolosako Gaztelako Arkuan, aurreko maiatzean egindako manifestazioaren argazki bat bertan giltzaperatuz.

TOPA plataformako kideak Tolosako Gaztelako Arkuaren inguruan izan dira gaur goizean, bertatik igarotzen ziren herritarrei eskuorriak banatuz. Horrekin batera, aurreko maiatzean egindako manifestazioaren argazki bat giltzaperatu dute arkuaren barruan, eta kartel batekin mezua zabaldu dute: «Eusko Jaurlaritzak kondena berretsi du: beste sei urte bigarren mailako osasungintzarekin».

Herritarrei banatutako eskuorrietan salatu dutenez, «zortzi hilabete pasa dira azken manifestazioa egin genuenetik eta orduko osasun baldintza eskasekin jarraitzen dugu». Beste eskualdeekin alderatuta, «bigarren mailako osasun arreta eskas hau» jasotzen jarraitu behar duten galdetu dute. Beste galdera bat ere egin dute: «Sei bat urte beharko dira osasun zentro berri hori egiteko; eta bitartean zer?». Berria egin bitartean, honakoa «exijitu» dute: «Izan dezagula aukera Donostia Ospitalera joateko, Asuncion Klinikara joateko aukeraz gain».

Eskuorrietan ere orain zortzi hilabeteko manifestaziora joateko arrazoiak zerrendatu dituzte TOPA plataformakoek. «Gainerako eskualdeetan bezalako osasun arreta jasotzea» izan da horietako bat; «eskualdeko ospitale publiko bat» izatea eta «titulu homologatua duten espezialisten arreta» jasotzea; aurretik azaldu moduan, Donostiako Ospitale publikora joateko aukera izatea, «derrigorrez Asuncion Klinikara joan beharrean»; azkenik, «konponbide duina» nahi dutelako Asuncion Klinikako langileentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!