Tolosa Gipuzkoako hiriburu izendatu zuten errege dekretu bidez gaurko egunez, duela 180 urte. Madrilen hartu zen erabakia, Peñafloridako markesak, hain justu. Aurretik Gipuzkoak ez zuen hiribururik eta 1844an diputazioak erabaki zuen txandakako lau hiribildu izendatzea; Tolosa, Donostia, Azpeitia eta Azkoitia. 1854an, progresistak boterera iristearekin batera, Donostiara lekualdatu zuten hiriburua.
Atzera egin behar da erabakia nondik zetorren ulertzeko. Lehen Karlistada aurreko oinarriak zituen erabakiak. 1842. urtean, Ordiziako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza Tolosan kokatzea erabaki zen, herrialdearen erdigune naturala Tolosa zelako eta ez Donostia. Asteasuko Udalak aurrez erabakia hartua zuen, Asteasu historikoki beti izan da Tolosa zale. Ikaztegieta, Alegia, Ormaiztegi, Beasain, Segura, Lazkao, Olaberria, Itsasondo, Ataun, Zegama, Zerain, Gabiria eta Oñatik gauza bera egin zuten gero. Azkenik, uztailaren 2an, Tolosa, Legazpi, Bergara, Azkoitia, Anoeta, Urretxu eta Zumarragak ere eman zuten urratsa. Donostian egoitza jarraitzearen alde, berriz, Donostia eta Gipuzkoako Buru Politikoa azaldu ziren, soilik. Hala ere, Buru Politikoak, abuztuaren 19an, gaiari buruzko akta batean GFAri iritzia eskatu eta Madrilen eskuetan utzi zuen azken erabakia.
Aldaketak
Hiriburutzak aldaketa nabarmenak ekarri zizkion Tolosari. Batetik, ordura arteko aduana kendu eta Gipuzkoara sartu beharreko produktuei bakarrik ezarri zieten zerga; La Esperanza lantegiarekin sekulako gorakada izan zuen papergintza sektoreak; txapelak egiten hasi ziren, eta trenbidea ere hiriburu zenean heldu zen Tolosara.
Hori gutxi ez, eta hiriburutzak itxura bera ere aldatu zion Tolosari. Besteak beste, ordukoak dira gaur egun bizi gehien duten guneak eta plazak: Vargas markesen etxea, gaur egun kultur etxe lana egiten duena; Berdura plaza; Beotibar pilotalekua; kale bilakatutako Rondillako zelaia eta Euskal Herria plaza.