Tolosak 20.000 biztanle baino gehiago ditu, historian lehen aldiz

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 18a, 19:59

'Ataria'-k jakin ahal izan duenez, 20.000 biztanleren langa gainditu du Tolosak; oraindik kopuru ofiziala zehaztu ez badute ere, egoera berri honek zenbait aldaketa ekar ditzake herriarentzat.

ATARIA-k jakin duenez, Tolosak 20.000 biztanleren langa gainditu du. 2024ko errolda oraindik ofizial egin ez bada ere, berehala argitaratuko dute biztanle kopuru zehatza. Ondorioz, azken urteetan izandako biztanle kopuruaren goranzko joerari jarraipena eman dio Tolosak, eta iazko urtarrilean 19.929 biztanle bazituen, dagoeneko 20.000 baino gehiago ditu.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeko Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikak jasotzen duenaren arabera, XXI. mendean gorakada nabarmena izan du Tolosako biztanleriak. 2001ean 17.687 herritar ziren, eta 2004ra bitarte kopuru horrek beheranzko joera izan bazuen ere (17.400 biztanle), hurrengo urteetan geroz eta gehiago ziren tolosarrak, eta 2011n gainditu zuen 18.000ko langa (18.111 biztanle).

XXI. mendeko bigarren hamarkadan goranzko joera horri eutsi zion herriak. 2016an gainditu zuen langa berria (19.041), eta hurrengo urtean kopuruak beherantz egin bazuen ere, 2018az (19.069) geroztik ia 1.000 biztanle gehiago ditu.

Gutxieneko zerbitzuak

20.000 biztanleko langa gainditzeak zenbait aldaketa egitea eragiten du. Estatuko Aldizkari Ofizialeko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeko (apirilaren 2koa) 26. artikuluak honakoa dio: «20.000 biztanletik gorako udalerriek ondorengo zerbitzuak eskaini behar dituzte: argiteria publikoa, hilerria, hondakinen bilketa, kale-garbiketa, ur edangarriaren etxeko hornidura, estolderia, herriguneetarako sarbidea, bide publikoen zolaketa, parke publikoa, liburutegi publikoa, hondakinen tratamendua, babes zibila, gizarte-premiako egoeren ebaluazioa eta informazioa, gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen berehalako arreta, suteen prebentzioa eta itzalketa eta erabilera publikoko kirol-instalazioak».

Une honetan, horiek guztiak betetzen ditu Tolosak. Gainera, 20.000 biztanleko langa pasa gabe ere, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek bete beharreko zenbait zerbitzu betetzen zituen, eta oraindik ere betetzen ditu, hala nola, bidaiarien hiri-garraioa (Hiribusa) eta hiri-ingurumena edo Ingurumen Saila.

Artikulu horren arabera, 20.000 biztanletik beherako udalerrietan probintziako diputazioak edo toki-entitate baliokideak koordinatu behar ditu zenbait zerbitzu, autonomia erkidegoarekin eta udalarekin elkarlanean, besteak beste, hondakinen bilketa eta tratamendua, ur edangarriaren etxeko hornidura eta hondakin-uren tratamendua, kale-garbiketa, hiri barruko bideen zoladura eta argiteria publikoa. Aurrerantzean, beraz, Tolosako Udalak bere aldetik koordinatu beharko ditu zerbitzu horiek. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako Udalari ematen dion Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa handiagoa izango da aurrerantzean.

Lau zinegotzi gehiago?

Udalbatzaren kasuan ere izan daitezke aldaketak. Hauteskundeen Araubide Orokorreko 5/1985 lege organikoko 179. artikuluaren arabera, udalerri bakoitzak osatzen duen hauteskunde-barrutian, ondorengo eskala aplikatuz lortzen den zinegotzi kopurua hautatzen da: 100 biztanle baino gutxiagoko herrietan 3 zinegotzi, 101 eta 250 biztanle artekoetan 5, 251 eta 1.000 biztanle artekoetan 7, 1.001 eta 2.000 biztanle artekoetan 9, 2.001 eta 5.000 biztanle artekoetan 11, 5.001 eta 10.000 biztanle artekoetan 13, 10.001 eta 20.000 biztanle artekoetan 17, 20.001 eta 50.000 biztanle artekoetan 21, 50.001 eta 100.000 biztanle artekoetan 25, eta 100.001 biztanle baino gehiagokoetan zinegotzi bat gehiago 100.000 biztanle bakoitzeko; kasu horietan, zinegotzi bat gehitzen da horien emaitza zenbaki bikoitia denean.

Une honetan 17 zinegotzik osatzen dute Tolosako udalbatza. Bada, aipatutako eskala hori aplikatuz gero, lau gehiago izan beharko lirateke, 21 alegia. 2027ko maiatzean izango dira hurrengo udal hauteskundeak, eta beraz, 2026a amaitzean onartutako errolda 20.000 biztanle baino gehiagokoa bada, lau zinegotzi gehiago izango ditu.

Udalbatzarekin lotuta, bada beste aldaketa bat. Estatuko Aldizkari Ofizialeko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeko (apirilaren 2koa) 46. artikuluaren arabera, 20.000 biztanle baino gehiagoko herrien kasuan, nahitaezkoa da osoko bilkura hilabetean behin egitea. Orain arte horrela egin izan du Tolosako udalbatzak, baina aurrerantzean derrigor egin beharko du.

Errolda urtez urte

  • 2010. 17.932.
  • 2011. 18.111.
  • 2012. 18.454.
  • 2013. 18.749.
  • 2014. 18.835.
  • 2015. 18.993.
  • 2016. 19.041.
  • 2017. 18.989.
  • 2018. 19.069.
  • 2019. 19.270.
  • 2020. 19.400.
  • 2021. 19.688.
  • 2022. 19.706.
  • 2023. 19.929.

Eustatek urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean jasotako datua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!