Bi jai, mende erdia ospatzeko

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 17a, 17:14

Ezkerretik eskuinera: Axun Erauskin irakasle ohia eta gurasoa; Iban Fernandez zuzendaria; Ana Zabala ikasketa burua; Andu Martinez de Rituerto alkatea; Bittor Fernandez ikasle ohia zein gurasoa eta GarbiƱe Biurrun guraso ohia.

Samaniego ikastetxearen urteurreneko abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte datorren asteartean, Leidor antzokian; ospakizun egun nagusia, berriz, apirilaren 27an egingo dute.

Samaniego Herri Ikastetxeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta mende erdia ospatzeko zein ibilbideari «balioa emateko» bi jai egun antolatu ditu eskolako komunitateak. Datorren asteartean, hilaren 23an, egingo dute lehen jarduera: urteurreneko abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte Leidor antzokian.

Kanta dagoeneko entzungai dago YouTuben, eta elkarlanean osatu dute Nikotina (Jon Tolosa), Juantxo Arakama (Juan Arakama) eta Ayvee (Andrea Vitoria) abeslariek. Datorren asteartean, Leidor antzokian izango dira doinuaren egileak, eta emanaldia egingo dute. Horrez gain, «festa girotzeko» antolatu dituzte dantza ikuskizuna, bertsolariak eta argazki erakusketa ere. Saioa gidatuko du Ander Malbadi musikariak eta sarrera librea izango da edukiera bete arte; ateak 18:00etan zabalduko dituzte, eta 18:30ean hasiko da ekitaldia.

Ospakizun «egun nagusia», aldiz, apirilaren 27an egingo dute. Egun horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte Tolosako zenbait tokitan, besteak beste, zirku tailerra Trianguloa plazan eta umeentzako tailerrak Zerkausian. Horrez gain, txaranga bat ibiliko da kalez kale eta baita DJ bat ere. Festa eguna amaitzeko, berriz, Nikotina musikariak kontzertua eskainiko du Zerkausian, gonbidatu «bereziekin».

Antolakuntza elkarlanean
Ekitaldi horiek antolatzen «hezkuntza komunitate osoa» ari dela azaldu du Iban Fernandez ikastetxeko zuzendariak: «Ikasleak, irakasleak, familiak, eskolako langileak, ikasle zein irakasle ohiak, Tolosako Udala… Ezin da Samaniegoren izaera komunitate hori gabe  ulertu».

Bide beretik, aipatu du guztien parte hartzearekin eraikitzen dela «eskolaren ibilbidea», eta «ezinbestekoa» dela guztien lana. Azkenik, mende erdiaren ospakizuna eskola komunitateko «kide guzti-guztiei» dagokiela ere nabarmendu du, bai gaur egun osatzen dutenei, eta baita «urte guzti hauetan» parte izan direnei ere.

Heziketan, mende erdiz
Bittor Fernandez ikasle ohiaren familiako hiru belaunaldik ikasi dute Samaniegon, hain zuzen, lehen promozioan izan zen haren aita; gerora, bera hezi zen ikastetxe horretan; eta, gaur egun, alabak hasi dira bertan.

Fernandezen familian «oinarrizkoa» da Samaniego, eta hiru ardatzetan banatu du ikastetxetik jaso duena: batetik, oso kirolaria da gaur egun, eta «eragin handia» izan omen zuen horretan ikastetxeak; bigarrenik, bertan sortu zuen lagun sarea, eta gaur egun mantendu egiten du oraindik; eta, hirugarrenik, ikastetxe horretan hezi omen da, bai akademikoki, eta bai pertsonalki. Azaldu duenez, bertan barneratu zituen balio batzuk, zeinak, gerora, «oso garrantzitsuak» izan diren bere bizitzan.

Andu Martinez de Rituerto alkateak ere mende erdiz komunitateko guztiek egindako ekarpenari eman dio balioa: «Tolosar askori hazten eta garatzen laguntzeko, eta kalitatezko heziketa eskaintzeko lan egin du komunitate osoak. Ikasketa akademikoaz gain, oinarrizko balioak landu eta laguntasun sendoak garatzen lagundu duzue, erronka berriei arrakastaz aurre egitearekin batera». Era berean, ikastetxe publikoa «laguntzeko borondatea» berretsi nahi izan du udalaren izenean: «Bidelagun izaten jarraitu nahi dugu eta, ahal den neurrian, elkarlan hori indartu eta sakondu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!