Ehunka haur aterako dira korrika igandean, Tolosako kaleetan

Ataria 2024ko urtarrilaren 18a

Ero-Etxe elkartearen 35. Krosa izango da 11:30ean hasita; sei mailatan banatuta parte hartuko dute gaztetxoek, eta irteera eta helmuga San Frantzisko pasealekuan izango da.

Ero-Etxe elkarteak urteko lehen egunetan antolatu ohi duen lasterketa ohiko hitzordu bilakatu da. Aurtengoa 35. a izango da, eta igandean izango da 11:30ean hasita. Bertan, ohi bezala, ehunka gaztetxo korrika ikusteko parada izango da. 

Pasa den urtean, COVID-19agatik bi urtez egin gabe izan ondoren, gogotsu bueltatu ziren haurrak Tolosako kaleetara. Aurten ere harrera ona izatea espero da. Aste honetan zehar eskualdeko eskoletan dortsalak banatzen egon dira, eta dortsalik ez dutenentzat egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Parte hartzea doakoa da.

San Frantzisko ibiltokian izango du probak irteera eta helmuga, eta sei lasterketa izango dira. 11:30ean, infantil mailako (2010-2011) mutilen proba izango da eta 11:45ean, infantil mailako neskena. Bien kasuan, 1.950 metro egingo dituzte; 12:00etan aterako dira alebin mailako (2012-2013) mutilak 12:15ean neska alebinen irteera izango da. Bien kasuan, 1.400 metro egingo dituzte. 12:25ean, benjamin mailako (2014-2015) mutilak aterako dira eta 12:35ean benjamin nesken txanda izango da. Azken horiek 1.100 metro egingo dituzte korrika.
Behin maila guztietako korrikalari guztiek proba bukatuta, sari banaketa egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!