Soronea-Ammma taldeak 24 korrikalari izango ditu aurten

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 17a, 07:59

Soronea-Ammma mendi lasterketako hainbat kide, asteburuan ateratako argazkian. SORONEA-AMMMA

Iaz 40 partaide zituen mendi lasterketa taldeak eta aurtengorako murriztea pentsatu dute. Deustuko Unibertsitatearekin proiektu batean izango dira.

Soronea-Ammma mendi lasterketa taldeak bigarren urtea abiarazi du, eta zenbait aldaketa eta berritasun ditu aurtengorako. «Proiektuak jarraitzen du beste urtebetez eta oso pozik gaude», azaldu du Alex Jimenez koordinatzaileak.

Aldaketetako bat korrikalari kopuruan izan da. Aurreko urtean 40 partaide zeuden, eta aurtengoan 24 izango dira, hamabi emakumezko eta hamabi gizonezko. «Partaide batzuk joan egin dira, beste talde batzuk ere sortzen direlako», azaldu du Jimenezek. «Horrez gain, taldean batzorde bat dugu eta hor erabaki genuen norbait ez badago konprometituta pena dela talde batean egotea. Lan handia dago atzetik, boluntarioa dena, eta ikusten bada batzuk ez direla taldearekin konprometitzen, ikusi dugu hobea dela taldean ez jarraitzea». Hori dela eta, taldea 24 partaidera murriztea erabaki dute, eta horietatik hiru berriak izango dira Soronea-Ammman.

Iazko babesleek jarraitzen dute taldearekin, hau da, Tolosako Soronea denda ekologikoa, Ammma kirol zentroa eta Iar Eraikuntzak; aurten proiektura gehitu dira Beasaingo Agirre Kirolak denda teknikoa, Garaje Tolosa eta CMO Valves. Horrez gain, Deustuko Unibertsitatearekin proiektu batean murgilduko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere babesle bezala sartu da. «Urtean zehar korrikalariek egindako lana dela-eta etorri da babesle gehiago izateko aukera hau», zehaztu du Jimenezek.

Deustuko Unibertsitatearekin batera abiatuko duen proiektua arlo psikologikoan izango da. «Deustu Unibertsitatetik deitu ziguten mendiaren inguruan eta arlo psikologikoan ikerketa bat egin nahi zutela azalduz», esan du Jimenezek. «Mendi lasterketen munduan marka asko sartzen ari dira, sare sozialek ere bere garrantzia dute, eta korrikalarientzat delikatua da pentsatzea maila jakin batean daudela eta gero horrela ez gertatzea. Gure umiltasunean, Deustukoei gustatu zitzaien gure proiektua eta eskaini ziguten gure taldearekin ikerketa bat egitea».

Hori horrela, urte honetan zehar taldeko korrikalariei jarraipena egingo diete arlo psikologikoan. «Korrikalariak oso pozik agertu dira proiektu honekin, osasun mentala oso garrantzitsua delako», esan du koordinatzaileak. «Batzuetan irabazi egiten duzu eta beste batzuetan ez, eta hori kudeatzen jakin behar izaten da. Presioak leku askotatik etortzen dira, eta berez helburua da norbera pozik egotea bere buruarekin eta kirol honetaz gozatzea».

HELBURUA, LEHIATZEA

Iazko emaitzei begiratuz, Iban Agirrezabalak Euskal Herriko Ultra lasterketako Kopa irabazi zuen, eta aurten taldean ez dagoen Oihana Zubillagak lineako Kopa. Taldeka Euskal Herriko txapeldunak izan ziren emakumezkoak, eta bigarren gizonezkoak. Espainiako Txapelketan lehenengoa izan zen emakumezkoen taldea. «Zegama-Aizkorri lasterketan oso maila ona eman zuten korrikalariek, eta hemen inguruko lasterketetan emaitza politak izan ditugu. Ez dakit zehazki zenbat irabazi ditugun, baina garrantzitsua izaten da jendeak disfrutatzea eta lesiorik ez izatea», esan du Jimenezek.

Emaitzez gain, garrantzia ematen dio Jimenezek taldean dauden korrikalariek erakusten duten konpromisoarekin. «Ezeren truke jarraitzen dute korrikalariek. Maila handikoak daude, beste talde batzuetatik deia jaso dutenak, eta hemen jarraitzen dute taldearen filosofiarekin bat egiten dutelako eta oso gustura daudelako».

Aurtengorako filosofia berarekin jarraitzen dutela azaldu du Jimenezek, korrikalari bakoitzak bere agenda markatuz. «Taldetik ez zaie kideei esaten nora joan behar duten, eta horrek ere lasaitasuna ematen dio korrikalariari. Talde bezala, aurten, babesle gehiago izanik, Malagan egingo den Espainiako Txapelketara joateko gasturako bideratuko da parte bat. Helburua ez da izango berriro ere irabaztea; hori bai, lehiatzera joango gara», zehaztu du Jimenezek. Euskadiko Txapelketara ere talde bezala lehiatzera joango direla gaineratu du.

PARTAIDEAK

Emakumezkoak

  • Leire Elola
  • Irati Larrañaga
  • Aitzi Urkiola
  • Mayi Mujika
  • Larraitz Etxebeste
  • Larraitz Aragon
  • Saioa Arkonada
  • Laida Elizegi
  • Marina Gonzalez
  • Sonia Lopez
  • Ane Elzaurdia
  • Janire Fernandez de Olano

Gizonezkoak

  • Iban Agirrezabala
  • Ibai Madina
  • Iñaki Olano
  • Hassan Aitchaou
  • Iñigo Uribetxeberria
  • Amets Aranbarri
  • Martin Diez
  • Julen Azkue
  • Ibai Makazaga
  • Xabi Lete
  • Axier Artola
  • Iñigo Alzola

Koordinatzaileak

  • Alex Jimenez
  • Ion Azpiroz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!