Energia gastuei aurre egiteko bonu sozialak jarri dituzte martxan

Ataria 2024ko urt. 17a, 19:59

Familia zaurgarrienei zuzendutako kanpaina abiatu du Tolosaldea Garatzenek, bonu sozial elektrikoaren eta termikoaren inguruko informazioa zabaltzeko helburuarekin.

Azken urteetan elektrizitateari eta gasari lotutako fakturek gorakada nabarmena izan dute. Egoera horrek kalte ugari eragin ditu gizarte zein sektorean, eta arazo horri aurre egiteko asmoz, Tolosaldea Garatzenek energia-bulegoa abiarazi zuen duela urte bete. Tolosaldea Garatzenetik zehaztu bezala, «Tolosaldeko energia-bulegoaren helburuen artean kultura energetiko berri bat herritarren artean zabaltzea da eta horretarako beharrezkoa da lehenik eta behin herritarrak ondo informatuta egotea eta informazio hori ahalik eta gardenena izatea».

Ildo horretan, Tolosaldea Garatzenek Piztu Tolosaldea egitasmoaren barruan, familia zaurgarriei zuzendutako kanpaina abiatu du, «energia gastuei aurreko egiteko bonu sozialen berri emateko helburuarekin». Izan ere, Tolosaldea Garatzenek emandako datuen arabera, «gaur egun, eta 2024ko ekainaren 30a arte, kontsumitzaile zaurgarriei zuzendutako laguntza %25etik %65ra igo da eta oso zaurgarrien kasuan, berriz, %40tik %80ra igo da».

Bonu sozial elektrikoa

Laguntza behar duten familia zaurgarrienek bi bonu izango dituzte aukeran. Batetik, bonu sozial elektrikoa dago. «Etxeko faktura elektrikoan aplikatzen den deskontua da», eta baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten herritarrentzako dago zuzenduta. Agentziatik azaldu bezala, «ohiko etxebizitzan, erreferentziazko merkaturatzaile batekin merkatu arautuko Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren (PVPC) tarifa kontratatua dutenek eta ezarritako baldintzak betetzen dituztenek soilik egin dezakete eskaera».

Horiek dira, hain zuzen, %25eko kalteberatasun egoerako baldintzak betetzen dituzten kontsumitzaileak; %40ko kalteberatasun maila larria duten kontsumitzaileak; %25eko COVID19ak kaltetutako kontsumitzaileak edota bazterkeria egoera jasateko arriskuan dauden kontsumitzaileak. Kontsumitzaileek bete beharreko baldintza guztiak Tolosaldea Garatzenen webgunean ikusi daitezke.

Egoera berezietan 8.400 euro igotzen direla zehaztu du agentziak, baina kontsumitzaileak berak edo bizikidetza unitateko norbaitek honako baldintzak betetzen dituenean soilik onartuko da eskaera: «%33ko desgaitasuna edo handiagoa izatea; genero-indarkeriaren biktima izatea; terrorismoaren biktima izatea; bigarren edo hirugarren mailako mendekotasuna izatea; edo guraso bakarreko familiak izatea, gutxienez adingabeko batekin».

Interesa dutenek erreferentziako merkaturatzaileari telefonoz, posta elektronikoz, posta arruntez edo faxez egin dezakete eskaera. Bonu sozialak bi urteko balioa izango du, epe hori igaro ondoren kontsumitzaileak hura berritzeko eskatu beharko dio merkaturatzaileari.

Bonu sozial termikoa

Bestetik, bonu sozial termikoa dago. Hain zuzen, berogailua, ur beroa edo sukaldea erabiltzeak eragiten dituen gastu termikoak konpentsatzeko laguntza-programa da. Gobernuak sustatutako laguntza bat dela azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik, «zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei, etxebizitzen berokuntzarako eta ur beroaren gastuak konpentsatzeko, erabilitako energia-iturria edozein dela ere. Laguntza ekonomiko aldakorra, kontsumitzailearen eta eremu klimatikoaren ezaugarrien araberakoa. Kasu honetan, Tolosaldekoa».

Bonu sozial termikoaren kasuan, berriz, «ohiko etxebizitzarentzat, erreferentziazko merkaturatzaile batekin Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa (PVPC) kontratatua dutenek eta bonu sozial elektrikoaren onuraduna direnek egin dezakete eskaera». Halaber, zaurgarritasun maila altua duen edo gizarte-bazterkeria arriskuan dagoen kontsumitzailea baldin bada, «bere zonalde klimatikoari dagokion laguntza baina % 60 gehiago jasoko du».

Agentziatik jakinarazi bezala, «bonu sozial termikoa ez da eskatu behar, bonu sozial elektrikoaren osagarria denez, onuradunei zuzenean ematen baitzaie». Baldintzak betetzen dituzten kontsumitzaileek bonua jasotzeko bide desberdinak izango dituzte: «banku-transferentzia baten bidez, argiaren faktura helbideratuta dagoen banku-kontuan, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan». Faktura helbideratuta ez dutenek, jakinarazpen bat bidaliko zaie laguntza jasotzeko bankuko kontua eskatzen. Horrez gain, interesa ez duten onuradunek laguntzari uko egiteko aukera izango dute 10 eguneko epean.

Kanpaina herriz herri

Tolosaldea Garatzenek bonu elektrikoaren eta bonu termikoaren inguruko informazioa zabalduko du eskualdeko garapen agentziatik. Horretarako, besteak beste, kartelak eta triptikoak banatuko ditu eskualdeko 28 herrietan, herritarrek informazio garrantzitsuena paperean eskura dezaten, eta, horrez gain, energia bulegoaren webgunean ere izango da eskura informazio guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!