18 eta 30 urte bitarteko gazteek emantzipazioaren aurrean duten ikuspegia aztertuko dute

Ataria 2024ko urtarrilaren 16a

Emantzipazioaren inguruan Tolosako gazteen iritzia entzuteko inkesta abiarazi dute zenbait erakundek, Gazteparte proiektuaren baitan. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek urtarrilaren 31 bitarte bete dezakete inkesta.

Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab erakundeak, Donostiako Udalak, Aztiker ikerguneak eta Asmoz fundazioak, Gazteparte proiektua sortu dute, Gazteek emantzipazio prozesuan dituzten beharrak eta kezkak aztertzeko helburuarekin.

Hainbat faktorek eragiten dute gazteen emantzipazio aukeretan, besteak beste, lan baldintzek eta etxebizitzarako dauden aukerek. Politika publiko horien inguruan gazteen iritzia ezagutzea eta egoera aztertzea da Gazteparte proiektuaren helburu nagusia, ondoren udalerri ezberdinekin lan saio fisikoen bidez lantzeko.

Gazteen egoera aztertzeko, makro-inkesta anonimo bat abiarazi dute, 18 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzenduta. Hemen bete dezakete inkesta eta urtarrilaren 31 da horretarako azken eguna. Tolosako Udalak herriko gazteak animatu nahi ditu inkesta betetzera, haien errealitatea ezagutzeko bidea delako, ondoren gazteen kezkei erantzuna eman ahal izateko. Izan ere, emaitzak aztertutakoan, deliberazio fasea hasiko da eta lan saio fisikoak egingo dira Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!