Musika eta kirola uztartuz konkistatu dute plaza

Leyre Carrasco 2024ko urt. 15a, 19:58

Musikaz lagunduta ariketak egiteko elkartu dira Alondegia plazan Mugi Tolosako partaideak, Maialen Seona dinamizatzaileak gidatuta.

Desgaitasun fisiko edo mentala duten pertsonen edota adinekoen mugikortasuna eta harremanak sustatzeko helburuarekin ekimen ugari antolatu ohi ditu Mugi Tolosak. Horren adibidea da, atzo, Alondegia plazan egin zuten jarduera. «Musika jarri, ariketa fisiko batzuk eta dantza egin eta denen artean ondo pasatzeko asmoarekin antolatu dugu», azaldu zuen Maialen Seona Mugi Tolosako dinamizatzaileak.

Seonak gidatu zuen atzoko jarduera eta korroan jarrita, gerora etxean bakarrik egin ditzaketen hainbat oinarrizko ariketa, luzapen eta beroketak ikasi zituzten partaideek. Dantzarako tartea ere izan zuten, eta Seonak jarritako musikaren erritmora Alondegia plaza konkistatu zuten.

Hamar urte

Bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra emateko eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuz sortu zen Mugi Tolosa duela hamar urte. Urriaren 4an eman zioten hasiera ikasturte berriari, eta urtero bezala, ibilaldiak egingo dituzte asteazkenero. Hala, betiko moduan, Zerkausitik aterako dira bi taldetan banatuta.

Ibilaldiez gain jarduera bereziak ere egingo dituzte urtean zehar, besteak beste, zinema saioak edota udaran egin ohi izaten dituzten hondartzara txangoak. Ikasturte honetan, gainera, jarduera berriak egiteko asmoa dutela jakinarazi du dinamizatzaileak, eta horretarako badituzte ideiak dagoeneko. Esaterako, martxotik aurrera bizikletarekin txangoak egingo dituzte Tolosan zehar.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!