Pentsiodunak kalera ateratzen hasi zirenetik sei urte bete dira

Leyre Carrasco 2024ko urt. 15a, 19:59

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek manifestazioa eta ekitaldia egin zuten atzo, Tolosako kaleetan zehar, urteurrena gogoratuz.

Eguraldia alde izan ez bazuen ere, astelehenero bezala, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera irten zen atzo. Atzokoa, gainera, berezia izan zen, sei urte bete baitziren mobilizazioekin hasi zirenetik. Tolosaren kasuan, hamabostero biltzen dira udaletxe atarian, eta atzokoan ere Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi Nahi, Duintasuna eta Oneka taldeetako kideek bat egin zuten hitzorduarekin.

Sei urtetan atera dira kalera, eta atzoko eguna mobilizazioei esker lortutakoa gogoratzeko baliatu zuten. «Besteak beste, 2023ko PPren erreformaren IRP (0,25) indargabetzea; Pentsio Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea; Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea». 

Euritan nahiz eguzkipean, astelehenero kalera atera direla gogoratu zuten atzokoan, eta oraindik ere kalera ateratzen jarraitzen dutela, «pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan».
«Harro» daudela nabarmendu zuten, «bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz, baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere». Horregatik, osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartzen jarraituko dutela esan zuten, «langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adieraziz». Era berean, Euskal Herrian gizarte mobilizaziorako erreferente izatea lortu izana eta estatuko herri eta erkidego batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizazioak partekatzea ere ospatu nahi izan zuten atzokoan.

Dena den, borrokan jarraitzeko mila arrazoi dituztela adierazi zuten: «Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari». Horregatik, azken sei urteetan egindako «premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak» eskatzen jarraituko dutela esan zuten.

Partaide guztiak omenduak

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren urteurrenarekin bat eginez, bere partaide esanguratsuenak ere omendu nahi izan zituzten, atzo, manifestazioaren ostean egin zuten ekitaldian. Batetik, minutu bateko isilunea egin zuten «urte horietan joan direnen begiradak, irribarreak eta keinuak» gogoan. «Zorionekoak gara bizitzako etapa hau beraiekin partekatu dugulako. Orain eta beti gure oroimenean biziko zarete», esan zuten.

Bestetik, egun mugimenduko kide diren helduenak ere omendu zituzten; 80 urtetik gorako pentsiodunak, 90 urtetik gorakoak, eta  baita ehun urtetik gorakoak ere gogoan izan zituzten. «Zuen jarrera guztiontzako eredugarria da. Astero zuen presentzia, eskubide sozialak defendatuz, zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak defendatuz. Harro egoteko modukoa da guztiontzat».

«Mugimendu sozial handi» horretan parte hartzen duten guztien lana ere eskertu zuten atzo Tolosan bildutakoek. «Historia egin duzue. Harro gaude erakunde sozial eta sindikalekin aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko borrokan parte hartzeaz, eta soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoak aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz».

.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!