Jabetze Eskolako ikasleen lanak ikusgai Aranburu jauregian

Ataria 2024ko urtarrilaren 15a

Guztira, 245 obra egongo dira ikusgai otsailaren 3ra arte. Pintura, xilografia, ilustrazio eta argazkiak dira erakusketan bildutako lanak.

Otsailaren 3ra arte Tolosako Aranburu jauregian EmakumeARTEan erakusketa izango da ikusgai. Tolosako Jabetze Eskolako 56 ikaslek sortutako lanak egongo dira bertan jarrita. Guztira, 245 obra dira, ilustrazio, xilografia, pintura eta argazki tailerretan egindako lanak.

Aurreko ostiral iluntzean inauguratu zuten erakusketa eta bertan izan zen Tolosako Udaleko Kultura zinegotzia. "Eraldaketarako eta ahalduntzerako tresna da artea", esan zuen Goiuri Ezeizak inaugurazio ekitaldian eta tailerretan parte hartu duten ikasleen lana eskertu zuen. Ane Urbizu akordeoi jotzaileak eta Itziar Vargas biolin jotzaileak girotu zuten ekitaldia.

Jabetze eskolaren barruan, aurten lehen aldiz, Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu! ilustrazio tailerra eskaini du Pili Aguadok; Aurreko ikasturteetan bezala linolio gainean egin dute lana Oihana Ugarte Iriarteren gidaritzapean Sormena eta aldarrikapenak plazara xilografia tailerreko ikasleek; Leire Markinez Calvok, berriz, emozioak adierazteko pintura ikastaroa eskaini du; eta amaitzeko, Ura Iturraldek, Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik argazki tailerra eman du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!