ERREPORTAJEA

Dilema etiko eta politikoa

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 22a, 07:58

Antzerki obraren pasarte bat. PIO ORTIZ DE PINEDO

Tartean teatro konpainiak Kortxoaren dilema antzerki lana eskainiko du Leidorren urtarrilaren 26an; endredozko komedia da, sakontasun handiko gatazka politikoak eta eztabaida etikoak dakartzana.

Etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joko teatral gisa aurkeztu du Kortxoaren dilema Tartean teatro konpainiak. Tolosan ikusi ahal izango da urtarrilaren 26an, eta Patxo Telleriak gerturatzeko gonbita luzatu die herritarrei: «Etortzen badira ez zaie batere damutuko». Antzerkigile bilbotarra da obraren egilea. 20:00etatik aurrera Leidorreko agertokian izango da Telleria, Mikel Martinezekin batera.

Iazko udaberrian obra honen ideia garatzen hasi, eta prestaketa lanen ostean, Bilboko Arriagan estreinatu zuten azaroaren 15ean. Konpainiako kideak pozik daude izan duen harrerarekin. «Gure taldea ezaguna da bertako errealitate kulturalarekin oso lotuak diren komediak egiteagatik. Batzuetan, ordea, gauza unibertsalagoak eta orokorragoak egiteko gogoa pizten zaigu. Nik aspalditik neukan buruan kontu politiko-sozialetan muturra sartzeko obra bat egitearena, eta beraz, iazko urte hasieran hori prestatzeari ekin nion.

Kortxoaren dilema da ariketa bat makinaria teatrala martxan jartzeko. Kontu politiko arantzatsu bat teatralki modu erakargarrian nola eman pentsatzen jarrita sortu zitzaidan ideia».

 

Patxo Telleria: «Kontu politiko arantzatsu bat teatralki modu erakargarrian nola eman pentsatuz sortu nuen obra» 



Bi protagonista elkarren deman

Bi protagonista nagusi ditu antzezlanak. Alde batetik adineko unibertsitateko irakasle bat, 70 urteak ondo beteak dituen eta sona handia duen erretiratutako katedraduna. Ezaguna da bere jarrera politiko eta ezkertiarrengatik, eta erreferentea da bere esparru ideologikoan. «Euskal Noam Chomsky bat», dio Telleriak. Garai bateko irmotasun eta erradikaltasunetik pixkana urrundu eta jarrera epeltzen joaten zaio urteekin, ezkerraren trintxera bakarra zerga sistema duin eta justu bat defendatzea dela esateraino. Irakasle erretiratua, gainera, zerga betebeharrei iskin egiteko osasun sistemari egindako donazio bat tarteko, enpresari handi baten aurkako borrokan engaiatu da azken urteetan. Telleriak aitortu du nahikoa argi geratzen dela zeini egiten dioten erreferentzia antzezlanean: «Amancio Ortegaz ari gara. Minbizia sendatzeko balio zuen makinariaz ospitale bat hornitu ondoren sortu zen polemikaz, alegia. 300 milioi euro gastatu omen zituen eta jende batek bere eskuzabaltasuna laudatu bazuen ere, ahots kritiko batzuk agertu ziren esanez iruzur bat izan zela hura, ogasunari ordaindu beharko liokeena baino gutxiago zelako dohaintzan emandako diru kopurua».

Hain justu, gisa horretako enpresari handi baten aurkako borroka gidatu ondoren, antzezlaneko protagonista den irakasle erretiratuari minbizi gaizto bat diagnostikatzen diote, eta dohaintzan emandako makina horietako batekin sendatzeko aukera ematen diote. Bere gaixotasunaren albistea komunikabideetan filtratu ondoren, «bere betiko lagunek eta betiko etsaiek» aurpegia emateko eskatzen diote. Edo bere aspaldiko ideiei uko egin eta tratamendua onartu, edo bere hitzari leiala izan eta hiltzeko arriskua asumitu.

Antzerki lana hasten den unean albistegi batean bere erabakiaren berri emateko adierazpen publiko bat prestatzen ari da irakasle ohia. Une horretan agertuko zaio aspaldi bere ikasle izandako gizaseme bat. «Une horretan hasten da obra. Duelu bat da, ikasle ohiaren eta irakasle ohiaren artekoa. Kontuak eskatzera dator ikaslea. Irakaslea ez da akordatzen baina bere garaian harreman estua izan zuten bien artean. Auzi politikoa tratatzen da, baina lantzen dira baita ere giza harremanak. Auzi pertsonalak tartean sartzeak hurbiltasuna ematen dio antzezlanari».

Genero ezberdinen nahasketa

Erakargarritasun handia du obrak, Tartean konpainiako kideen esanen arabera «misterio eta intriga» nahasten dituelako. Ezusteak bata bestearen atzetik datoz, eta ikuslea harrapatuta geratzen da trama jarraitu nahian. Estilistikoki proposamen «bitxia» dela dio Telleriak, genero ezberdinekin jolastu dutelako: «Hasieran komedia baten aurrean gaudela dirudi, ohiko jolas hori planteatuz, bizkorra den pertsona bat alde batetik eta tonto usteko bat bestetik, azkenerako paperak aldatzen dituztenak. Baina bat-batean konturatzen gara, ia oharkabean, thriller poliziako baten aurrean gaudela, eta amaieran, geure burua ikusten dugu adiskideen arteko lehia bat irudikatzen duen antzezlan ia existentzial batean murgilduta. Kortxoaren dilema lanak bidaia luze bat planteatzen dio ikusleari, antzerki genero ezberdinen bidez egiten den bidaia luze bat».

 

Patxo Telleria: «Lanak bidaia luze bat planteatzen dio ikusleari, antzerki genero ezberdinen bidez egiten den bidaia» 



Fernando Bernuesek prestatu du agertokiko eszenografia. Obrako gainerako elementu guztiak bezala narrazioaren mesedetan diseinatuta dagoela dio Telleriak. «Eszenaratze errealista nahi genuen baina sortzen den giroa nahikoa harrigarria denez, errealitatearen muga horiekin jokatzen du baita eszenografiak ere. Irakasle baten unibertsitateko bulegoa islatzen du, baina ez ohiko bulegoa. Muga horiek esploratzen ditu atrezzoak».



Lantalde zabalak hartu du parte Kortxoaren dilema prestatzen, eszenografian bezala, soinu atmosfera sortzen, argiztapenean eta aktoreen zuzendaritzan. Mireia Gabilondo aritu da Telleria eta Martinezen lana gidatzen. «Ulertzen dugu gu biak zuzentzea bitxia izan daitekeela zenbait momentutan. Aspaldiko ezagunak gara Mikel eta biok, elkarren dohainak eta flakeziak ondo ezagutzen ditugu. Konfiantza handia dugu, batzuetan gehiegizkoa, eta arazorik gabe ematen dizkiogu elkarri aholkuak eta egiten dizkiogu elkarri kritikak. Badakigu uneoro ondokoa noiz dagoen onena ematen, eta noiz eragin behar diogun apur bat beheraldian sartua delako. Ia-ia automatizatuta daukagu, eta momentu batean irudi dezake gu geu zuzendariaren lanean sartzen garela. Dena den, kanpo begirada hori, kasu honetan, Mireiarena, oso baliagarria izan zaigu gure lanerako», dio obraren egile eta aktoreak.

Ikaslearen paperean aritzen da Telleria eta irakaslearenean, berriz, Martinez. Datorren udazkenerako dauka asmoa Tartean teatro taldeak Kortxoaren dilema obraren gaztelaniazko bertsioa estreinatzeko, eta kasu horretan, Telleriarekin batera, Ramon Barea ariko da irakasle erretiratuaren paperean.

Ilusioa eta tema

2000. urtean sortu zuten Tartean teatro konpainia eta ordutik, urtez urte, proposamen berritzaileak egin dituzte. Sekretua zein den galdetuta antzerkia egiteko grinaz hitz egin du Telleriak: «Urtetan ilusioa mantentzea ez da erraza. Gure lanbidea konplikatua da. Ezegonkortasun handia dugu eta jende asko geratzen da bidean, erraz nekatzen delako burua hurrengo urtean zer datorkizun ez dakizunean. Une latzak eta nahigabeak izaten dira, baina guk asmatu dugu ilusioa mantentzen. Horrekin batera, tematiak gara, burugogorrak. Egoskorrak izateak laguntzen digu irauten».

Aktoreak bezala, hasiberriak eta esperientziadunak diren antzokiak ere badaudela aipatu du Telleriak eta Tolosako Leidor Euskal Herriko zirkuituan kontuan hartzeko moduko plaza dela esan du. «Urte asko daramatza antzoki honek antzerki programazioarekin eta historia handia du atzean. Horrek pisu handia dauka eta nabari da taula gainetik ere». Gogoz daude Tartean konpainiako kideak Tolosara gerturatzeko. Urtarrilaren 26an, 20:00etatik aurrera eskainiko dute Kortxoaren dilema eta beldurrik eta lotsarik gabe esan du Telleriak: «Joaten ez denari ederki damutuko zaio».

 

KORTXOAREN DILEMA

URTARRILAK 26, OSTIRALA

LEIDORREN, 20:00ETAN



Egilea. Patxo Telleria.

Zuzendaria. Mireia Gabilondo.

Aktoreak. Patxo Telleria eta Mikel Martinez.

Eszenografia. Fernando Bernues.

Zuzendari laguntzailea. Aitor Borobia.

Jantziak. Ana Turrillas.

Espazio sonoroa. Adrian Garcia de los Ojos.

Produkzioa. Tartean konpainia Bilboko Arriaga antzokiaren kolaborazioarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!