Musikak eta kirolak bat egingo dute astelehenean, Mugi Tolosak antolatutako jarduera berezian

Ataria 2024ko urt. 12a, 12:18

Hilaren 15ean, musikaz lagunduta ariketak egiteko elkartuko dira Mugi Tolosa ekimeneko parte hartzaileak Alondegi plazan. Egitasmo honen helburua da desgaitasun fisiko edo mentala duten pertsonen edota adinekoen mugikortasuna eta harremanak sustatzea.

Mugi Tolosa egitasmoak gorputza astindu eta bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra eman nahi dioten adineko pertsonak elkartzen ditu asteazkenero, taldean eta, boluntario talde batek lagunduta, Tolosan zehar ibilaldi bat egiteko.

Oraingoan, baina, antolatzaileek musika eta kirola bateratzen dituen jarduera berezi bat antolatu dute, eta lehen saioa astelehenean izango da, hilak 15. 10:30ean Alondegi plazan hasita, parte hartzaileek musikaz girotuta egingo dituzte ariketak, kirola egiten duten aldi berean goiz dibertigarria ere pasatzeko. Lehen taldea 10:30etik 11:15era bitartean arituko da eta bigarrena 11:15etik 12:00etara bitartean.

Bi taldetan banatuta (pertsona autonomoagoak eta dependentzia dutenak) korroan jarri eta, koordinatzaile baten bitartez, etxean bakarrik egin ditzaketen hainbat oinarrizko ariketa, luzapen eta beroketak ikasi eta egitea izango da asmoa.

Jarduera berezi honen helburua da Mugi Tolosa indartzea eta desgaitasun fisikoa edota mentala duten pertsonen eta adinekoen mugikortasuna eta harremanak indartzea. Hori dela eta, antolatzaileek interesa duen adineko pertsona oro animatzen dute asteleheneko jardueran zein asteazkeneko ibilaldietan parte hartzera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!