Laster estreinatuko du ETB1ek Gure Zirkuari buruzko saioa

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 11a, 07:58

'Gure Zirkua heldu da' izeneko lau ataleko lana ikusgai egongo da urtarrilean eta otsailean; udaberrian, zazpigarren birari ekingo dio euskarazko zirku ibiltariak.

Urtarril amaieran estreinatuko du Euskal Telebistako lehen kateak Gure Zirkua heldu da saioa. Lau ataletan banatuta egongo da euskarazko zirku ibiltaria barrutik ezagutzeko aukera emango duen lana, eta astero atal berri bat ikusi ahal izango da. Joseba Usabiaga zirkuko artista tolosarra oso pozik dago estreinaldiaren atarian. «Aspalditik zuten interesa eta azken biran eman dute pausoa».

Kameren aurrean egotera oso ohituta dago Usabiaga. Hala ere, zirkuko karpan fokupean edo telebista saiorako kamera aurrean egotea aukeratu beharko balu, Usabiagak argi du: Paradoxikoa dirudien arren, zirkuak telebistak baino lasaitasun handiagoa ematen dit. Saioa grabatu bitartean, askotan saiatzen nintzen kamerarengandik ihes egiten».

Bi hilabetez, abuztuan eta irailean, Orion, Arbizun eta Tafallan egindako saioetan, kamerari bat izan zen zirkuan, artistekin batera bizitzen. Sua Enparantza aktorea izango da protagonistetako bat; saioko gidaria eta zirkuko bisitaria izango da. «Pertsona baten begiradatik ikusten dena islatu nahi zuten saioan, eta horregatik izan dugu gurekin egunero. Bere begietatik kontatzen du saioa». Pertsonaia ezagunen adierazpenak ere entzungo dira tartean, hala nola, Jose Mari Agirretxe Porrotx eta Aiora Zulaika Pirritx.

Ikusle gehienek alde polita soilik ikusten dutela esan du tolosarrak: «Emanaldia, barreak, txaloak... baina ez dira jakitun horren guztiaren atzean dagoen lanaz. Garrantzitsua da herriz herri egindako bidaiak, karparen muntatze eta desmuntatze lanak eta artisten arteko elkarbizitza erakustea», nabarmendu du. «Bakarren bati zirku batean lan egiteko gogoa sortuko zaio; beste zenbaiti, berriz, ez».

Oraingoz langile edo artista berrien beharra ez dutela nabarmendu du tolosarrak. «Dagoeneko itxita dugu lantaldea, lehen birarekin hasi ginenetik, eta gehienak gainera, Tolosa ingurukoak gara. Eskertzekoa izaten da herri bakoitzean bertakoek ematen diguten laguntza. Hala ere, zorionez ez dugu behar handirik, oinarria egina baitugu».

Mauletik Tafallaraino

Seigarren bira ibiltaria amaitu berri du Gure Zirkuak. Dagoeneko urteroko martxari neurria hartu diotela adierazi du Usabiagak. «Nahiko automatiko egiten dugu lan. Bakoitzak badaki zeintzuk diren bere zereginak eta nola egin behar dituen. Urteak daramatzagu nahiko eroso lanean, hori bai, erosotasuna bere neurrian hartuta».

2023ko birarekin izandako sentsazioei buruz galdetuta «balorazio oso ona» egin du tolosarrak. «Hasieran beti izaten dugu zalantza, publikoak erantzungo ote duen ala ez, baina aurten ere emanaldi ia guztietan sarrera denak saldu ditugu eta harmailak betetzea lortu dugu». Emanaldiak lotzerako orduan, publikoak erantzungo ote duen aurreikuspenak eginda, herrien arteko oreka bilatzen saiatzen direla gaineratu du. «Urtero badira gehiago arriskatzea eskatzen duten herriak, euskara gutxiago erabiltzen dutenak; beste batzuk, berriz, seguruagoak dira».

Aurten, esaterako, hiru apustu sendo egin dituzte. Bira hasieran lehen aldiz heldu ziren Zuberoara, eta hamar egun igaro zituzten hiriburuan, Maulen. «Esperientzia polita izan zen, eta sekulako erantzuna jaso genuen». Portugaleten bi astez eta Tafallan hiru astez egon ziren ondoren. «Saio guztietan harmailak bete ez bagenituen ere, batez besteko ikusle kopurua altua izan zen», esan du Usabiagak.

Ideia berrien beharra

Urtetik urtera, eduki berriak izaten ditu ikuskizunak. Artista berriak ere izaten dira tartean, baita aldaezinak bilakatu direnak ere. «Zirkua erabat aldatzea ezinezkoa da. Ariketak antzekoak izaten dira, baita klown-en esketxen formula ere. Poxpolo beti izango da Poxpolo, eta Don Martin beti izango da Don Martin. Hala ere, urtero eskaini behar izaten ditugu gauza berriak, besteak beste, musika aldetik edota eszenografia aldetik. Aldatu ezean, ez ditugu ikusle berriak erakarriko», esan du tolosarrak.

Karpako fokuen azpian aurpegi berriak ikustean, haurrak izaten dira batzuk. Harrigarria izan ohi da etxeko txikienak beteranoen pare ikustea. «Oso polita da adin desberdinetako artistak gauza oso zailak egiten ikustea. Publikoak hori eskatzen eta eskertzen du», azaldu du Usabiagak, eta gaineratu du beraientzat «aberasgarria» dela adin tarte askotariko artistak izatea.

Orain atseden hartzea egokitzen zaie zirkuko artistei, baina aurreratu dutenez, udaberrian ekingo diote zazpigarren birari. Gogoz daude berriro herriz herri alaitasuna banatzen aritzeko. «Oraindik ez dakigu zein herritan egongo garen, baina ilusioa ez dugu inoiz galtzen».

Usabiagak azaldu duenez, bira berri bati ekiterakoan, edukia eta gidoia lantzea, artistak zenbait hilabetetarako lotzea edo herri berriak bilatzea izaten dira egin beharreko lanak. «Guztiak dira zeregin zailak, baina azkenean aurrera ateratzen ditugu». Atseden hartzen bai, baina ez dira geldirik egongo, ikuskizun berria prestatzen igaroko baitituzte datozen hilabeteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!