Elkarrizketa

«Ziklo-krosetik arrisku puntu hori gustatzen zait»

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 11a, 07:59

Maier Olano txirrindulari tolosarra Ormaiztegiko krosa irabazten. IRANTZU SOLAGUREN

Lokatzetan bizikleta gainean ibiltzea gustuko du Maier Olano txirrindulari tolosarrak. Emaitza oso onak lortu ditu ziklo-krosean eta igandean Espainiako Txapelketan parte hartuko du.

Sekulako ziklo-kros denboraldia egiten ari da Maier Olano (Tolosa, 2007) ZU-K Limousin taldeko txirrindularia. Azken garaipena asteburuan lortu du Ormaiztegiko ziklo-krosean.

Esan daiteke ziklo-kros denboraldi bikaina egiten ari zarela. Nola deskribatuko zenuke zuk?

Ez nuen espero ziklo-kros denboraldia hasi nintzenean horrelako emaitzarik izango nuenik. Egia esan oso pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin.

Asteburuan izan zen Ormaiztegiko proban, juniorra izanik lehenengo postuan iritsi zinen open mailan, hau da, emakumezko guztien artean. Nola izan zen proba?

Nahiko gogorra izan zen, lokatz asko zegoelako, egin zuen euri guztiarekin. Hasieran denak nahiko gertu joan ginen, baina gero Olatz Odriozola eta ni joan ginen pixka bat aurrera. Berarekiko tartea mantentzen joan nintzen, eta azken itzuli erdia geratzen zenean, ikusi nuen gehiago eman nezakeela, eta orduan erasotzea pentsatu nuen. Ondo atera zitzaidan eta irabaztea lortu nuen. Poz handia hartu nuen garaipenarekin.

Olatz Odriozola gaur egun ziklo-krosean dagoen txirrindulari onenetakoa da.

Elite mailan onenetarikoa da, eta orain arteko proba gehienak berak irabazi ditu. Berari irabazita poz handia hartu nuen.

Lezamako proba ere irabazi zenuen open mailan. Nola duzu gogoan?

Oso polita izan zen, ibilbide teknikoarekin. Olatz Odriozola ez zen atera, baina bai elite mailako beste txirrindulari batzuk. Lokatza ere bazegoen, eta normalean lokatzetan gustura aritzen naiz, eta oso gustura egin nuen proba hori.

Nolako ibilbideak gustatzen zaizkizu?

Gogorrak diren zirkuituak gustatzen zaizkit, lokatza dutenak. Gogortasun horretan buruak asko jokatzen du, eta uste dut alde horretatik ondo ibiltzen naizela.

Beste emaitza nabarmena Espainiako Kopan lortu zenuen, hirugarren eginez Lago de as Pontes proban junior mailan.

Hori ere oso zirkuitu gogorra zen, aldapa gogor batzuk bazituen eta hondarretan ere joan behar zen. Hor ere oso gustura aritu nintzen. Ez nuen espero postu hori lortzea, eta oso pozik nago emaitza hori lortuta.

Euskadiko Txapelketan bigarren egin zenuen junior mailan.

Hori bai izan zela oso gogorra, lokatz askorekin. Euskal Herrian beti lokatz asko izaten da. Lehia handia izan zen Irati Aranguren eta nire artean, eta azkenean bigarren egin nuen, baina oso sentsazio onarekin geratu nintzen.

Igande goizean junior mailako Espainiako Txapelketa izango da jokoan, Amurrion. Zein da zure asmoa?

Orain arte Espainiako Kopako probak ez dira lokatz askokoak izan, zirkuituak nahiko lehorrak izan dira. Ondo datorkigu hemen izatea Espainiako Txapelketa, baldintzengatik guretzat hobea baita. Ahal dugun guztia emango dugu, eta ahal bada postu on bat egin, orduan eta hobe.

Zein dira aurkari indartsuenak?

Euskaldunotatik Irati Aranguren izango da, eta gero Lorena Patiño eta Aroa Otero bezalako txirrindulariak oso ondo aritzen dira edozein ibilbidetan.

Podiuma egiteko aukera ikusten duzu?

Lorena Patiñok Espainiako Kopako proba guztiak irabazi ditu, eta ez da batere erraza berari jarraitzea. Ibilbidea ikusita saiatuko gara podiumean sartzen, eta ezin bada, ahal den guztia eman eta ahal den postu onena lortzea da helburua.

Zure lehen podiuma izango litzateke Espainiakoan?

Bai. Txirrindularitzan duela urte eta erdi hasi nintzen, eta ziklo-krosean ez naiz asko ibili, eta aritu naizena asko gustatu zait. Ziklo-krosetik arrisku puntu hori gustatzen zait, ez jakitea nola joango den, nola egon den ibilbidea, lokatzetan ibiltze hori.

Espainiako Txapelketa eta gero, beste probarik izango duzu?

Ondoren, hurrengo asteburuan, Benidormen egingo den Munduko Kopako probara joango naiz. Hor beste maila bat izango da, eta bertara joango gara hori zer den ikustera eta ondo pasatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!