Tailer bat eta bi hitzaldi urtarrileko Tolosatzen Eskola Irekian

Ataria 2024ko urtarrilaren 11

Hiru ekimenen ardatzak izango dira ongizate emozionala eta norberaren garapen pertsonala; guztietan, beharrezkoa da izena ematea.

Aurrera jarraitzen du Tolosatzen Eskola Irekiaren egitarauak eta urtarrilean tailer batek eta bi hitzaldik osatuko dute eskaintza. Aurreko urteetan bezala, jarduerek herritarren «prestakuntza» eta «gaikuntza» dute helburu.

Hori horrela, egutegian lehena Geure burua zainduz tailerra izango da. Alondegia plazako   Iturriza elkartean egingo dute, eta Saioa Garmendiak gidatuko du. Tailerra urtarrilaren 15ean hasi, eta hamabost egunean behin egingo dute abenduaren 16a bitarte. Bi taldetan banatuta, lehen txanda 16:00etatik 18:00etara izango da eta bigarrena, berriz, 18:00etatik 20:00etara. Izen-ematea zabalik dago, eta kide kopurua mugatua da.

Tailer horrez gain, bi hitzaldi ere egingo dituzte urtarrilean. Lehena, Jexux Mari Mujikak emango du eta Egungo zailtasunei esperantzaz begiratzeko gakoak du izena. Urtarrilaren 23an izango da, 10:00etan, Topic-en.

Bigarrena, berriz, urtarrilaren 31n izango da ordu eta leku berean: Do, Re, Ni. Xabier Lizaso piano jotzaile eta ikertzaileak garatu du egitasmoa eta, neurozientzia eta musika uztartuz, helburu du musikaren bitartez garuna estimulatzea pertsonen garapen pertsonalean eragiteko. Urtarrilaren 31n tailer hori aurkeztuko du. Informazio gehiago Tolosako Udalaren web orrialdean.

Tolosako gizarte-eragileen, Udaleko sailen eta beste erakunde batzuen laguntzarekin osatu dute egitaraua. Urtarrileko bi hitzaldiak esaterako, Beti Ikasten elkartearekin elkarlanean antolatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!