Elkarrizketa

«Ikaragarria da bere taupadak kontrolatzeko Mikelek duen gaitasuna»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 10a, 11:56

Mikel Landa txirrindulariak Suakai musika taldearen 'Focus' kantuaren bideoan parte hartu du; Igor Arostegi taldeko perkusio-jotzaile tolosarra pozik agertu da emaitzarekin, ez zelako batere lan erraza; Landak kantuaren erritmora egokitu behar zituen pultsazioak.

Suakai musika taldeak Natura ikuskizuna estreinatuko du otsailaren 17an, Iruñeko Gaiarre antzokian. Taldeko kidea da Igor Arostegi Acosta (Tolosa, 1990) perkusio-jotzailea. Emanaldia iragartzen hasteko, Focus kantuaren bideo berritzailea argitaratu dute, Mikel Landa txirrindulariaren kolaborazioarekin, eta sekulako oihartzuna izan du.

Nolako esperientzia izan da Landarekin grabatzea?

Urte berria hastearekin batera argitaratu nahi genuen single-a, ikuskizun berria iragartzeko. Ivanek berak txirrindulari batekin egin nahi zuen bideoa. Patxi Plazaola kuadrillako lagun txirrindulariaren bitartez lortu nuen Mikel Landaren kontaktua, eta Ivanek berarekin hitz egin zuen, buruan zuen ideia azaltzeko, baita taldearen beste proiektuak erakusteko ere. Mikelek jarrera oso ona izan zuen hasieratik. Asko gustatu zitzaion ideia, eta prest agertu zen gurekin kolaboratzeko. Berarentzat ere zerbait berria zela azaldu zigun, aurrez inoiz egin gabekoa.

Gainera, talde berriko koloreekin agertzen da bideoan.

Berak esan zigun urte berria baino lehen ezin zuela maillot berria jantzita agertu, baina hortik aurrera, nahi genuenean argitaratu genezakeela bideoa. Gainera, bere ideia izan zen lehen aldiz gurekin janztea. Oso pozik gaude horregatik eta erakutsi duen prestutasunagatik.

Bideoak badu bereizgarria den ezaugarri bat.

Mikelek bere taupadak kontrolatu behar zituen abestia entzuten zuen bitartean; guk esaten genion zein pultsazio mantendu behar zuen une bakoitzean: 70, 120, 190... Ikaragarria da taupadak kontrolatzeko duen gaitasuna, musikarekin oso ondo sinkronizatzea lortu zuelako. Taldekideoi, grabatu aurretik, ideia oso polita iruditzen zitzaigun, baina ez genuen uste hain ondo gauzatuko zuenik; harrituta begiratzen genion pultsometroari.

Musikariek metronomoaren bitartez jarraitu dezakezue erritmoa, baina kasu honetan, alderantzizkoa izan da.

Bai. Kantuaren pasarte bakoitza erritmo jakin batean egin behar zuen, eta beraz, bera kontziente zen noiz bizkortu behar zuen bizikleta gaineko erritmoa, taupadak ere bizkortu zitezen. Berak kontrolpean zuen une bakoitzean pedalek izan beharreko gogortasun maila. Horri lotuta, azken zatia nahiko barregarria izan zen. Grabaketetan hartualdi bakarrarekin ez da nahikoa izaten, eta noski, bihotza topera daukagunean izerdi patsetan hasten gara. Hori gertatu zitzaion Mikeli, eta lehen hartualdiaren ondoren, bigarren bat egin beharko genuela esan genion. Baina ez genuen arazorik izan, berriro ere segituan jartzen zelako topera.

Lasai hasten da, baina minutuko ia 200 taupadako erritmoraino heltzen da tarte laburrean. Musikarientzat ere aldaketa nabarmena, ezta?

Oro har, zailtasun maila esanguratsuko partitura da; Ivanek berak ere errazago egin zezakeen. [Barreak] Batez ere, abiadura bizkortzeak zailtzen du interpretazioa; azken zatiko abiaduran jo ahal izatea da zailena. Hala ere, Ivanek argi du ideia: gure aurpegietan nabaritu dadila gureak eta bi ematen ari garela.

Argazkia: Arena Comunicacion.

Zergatik izendatu duzue kantua 'Focus'?

Ivan Carmona taldeko buruak eta abestien sortzaileak egin zuen. Motibazioan jarri nahi izan zuen fokua. Kantuaren lehen zatia lasaia da, baina aurrera egin ahala, azkartzen doa, eta azkenean topera amaitzen dugu. Hala ere, kontzentrazioarekin ere zerikusia zuela ohartu zen, eta hori irudikatzeko, txirrindularitzara jotzea pentsatu zuen. Taldeko kide askok, gainera, oso gustuko dugu txirrindularitza praktikatzea. Orduan, etapa batekin alderatu daiteke abestia, hasiera lasaia baita, eta amaiera, berriz, oso bizia. Pultsazioarekin jolastea zen bere asmoa, geroz eta azkarrago doazen taupadak musikarekin sinkronizatzea.

Kontzentrazio handia eskatzen duen kantua al da?

Bai. Proiektu bat aurrera ateratzeko helburua irudikatzen du, lanean jarri eta amaitu arteko prozesua alegia. Txirrindularien kasuan helmugara heltzea izaten da helburua, eta ahal bada, ahalik eta azkarren. Momentu bakar batean ere ezin dute kontzentrazioa galdu, guk gure abestian bezala.

«Musika eta bihotza, aldi berean taupaka» aipatzen duzue.

Kirola eta musika erabat uztargarriak dira. Kirola egitean oso lagungarria izaten da musika entzutea, motibatzeko eta abiadura jakin batean erritmoari eusteko.

Bideoak milaka ikustaldi izan ditu egun gutxitan. Pozik zaudete, ezta?

Bai, oso pozik gaude. Bideoa grabatu aurretik ez genekien txirrindulari profesional batekin egin ahal izango genuenik ere. Akaso gutako batek jarri beharko zuen bizikleta gainean. [Barreak] Baina Mikelekin kolaboratzea oso lagungarria izan da taldea ezagutarazi eta publiko berriarengana heldu ahal izateko.

Otsailean estreinatuko duzuen 'Natura' ikuskizuna iragartzeko egin duzue bideoa. Hori prestatzen ari zarete?

Horretan beharko genuke, baina gauza asko elkartu dira azken hilabeteetan. Emanaldi honetan lau musikari soilik ariko gara. Beti saiatzen gara zerbait berria eskaintzen, eta proiektu minimalista bat egin nahi izan dugu. Bada, lau kideetatik bi guraso izan berri dira eta geldialdi nahiko luzea egin behar izan dugu. Hala ere, berehala jarriko gara buru-belarri saioa prestatzen.

Zu, ordea, ez zara geldirik egon. Azken asteetan Euskal Herriko Gazte Orkestrako ikasleekin aritu zara irakasle.

Orkestrak zenbait kontzertu egin ditu azken asteetan, eta bertako perkusio-jotzaileak prestatzeko deitu ninduten, etorkizuneko musikari profesionalak formatzeko. Zenbait aholku eman dizkiet, eta beraiek zituzten kezkak argitzen saiatu naiz. Bost egunez aritu gara, goiz eta arratsalde, eta beraz, intentsitate handiko lana izan da. Hala ere, merezi izan du. Niretzako, gainera, oso berezia izan da, duela hamar urte beraien tokian egon nintzelako.

Epe motzera begira, non ariko zara?

Otsailaren 5etik 10era bitarte Austrian egongo naiz, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoarekin, eta beranduago, Valentzian joko dut, bertako orkestrarekin.

Argazkiak: Iñigo Ibañez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!