Imanol Rojo «oso pozik» dago Tour de Ski-n lortutako emaitzekin

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 10a, 07:58

Sailkapen orokorrean 35. izan da, eta proba batean 19., orain arteko bere bigarren postu onena Munduko Kopan.

«Oso pozik» dago Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarra lortu dituen azken emaitzekin. Denboraldiko bere helburu nagusia Tour de Ski izan da: Munduko Kopako zazpi proba bederatzi egunetan eta hiru lekutan. Sailkapen orokorrean 35. postuan amaitu du, orain arteko bigarren sailkapen onena.

Asteburuan Italiako Val Di Fiemmen egon da lehiatzen, eta bereziki hor lortu ditu emaitza onenak. Igandean 10 kilometroko proban 19. postuan amaitu zuen, bere bigarren emaitza onena Munduko Kopan. «Esprintean iritsi nintzen 18. postuan egin zuenarekin, eta postu hori da hain justu orian arte egin dudan onena», azaldu du Rojok. «Zazpi segundora geratu nintzen lehen hamabost postuetan sartzetik, eta inoiz ez naiz hain gertu izan lehenengoetatik».

Bestalde, larunbatean, 15 kilometro estilo klasikoko proban, inoizko FIS puntu gutxien lortu ditu. «Irabazlearengandik iristen zaren tartearen arabera izaten dira puntuak, eta gero eta puntu gutxiago lortu, orduan eta emaitza hobea da», azaldu du Rojok. Tour de Ski-n egunero «oso ondo» sentitu dela azaldu du. «Aurten dena berria izan da: talde guztia zein eski guztiak berriak». Denboraldi honetarako Espainiako Federazioak ez dio babesik eman, eta Team Coop Madshus taldearekin ari da lehiatzen. «Federaziorik gabe horrelako emaitzak lortzea sekulako meritua du», dio tolosarrak.

Aurrera begira, asteburuan Munduko Kopako eta Europako Kopako lasterketa bana ditu, Alemanian eta Polonian. Eta hemendik hiru astera Suitzan Munduko Kopako beste proba bat du. Otsailean Martxa Beret egiteko asmoa du, eta gero martxoan Osloko 50 kilometroko proba, Munduko Kopakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!