Tolosako Irisgarritasun Plana eguneratzeko saio irekia hilaren 10ean

Ataria 2024ko urt. 4a, 09:20

Lau esparru aztertuko dituzte datorren asteko hitzorduan plana eguneratzeko: erabilera publikoko espazioak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak.

20 urte dira Tolosak lehen Irisgarritasun Plana sortu zuenetik. Denbora hori igarota, plana berrikusi eta eguneratuko du udalak, herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun-maila ebaluatu eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak identifikatzeko eta lehenesteko.

Herritarren eta eragileen parte hartzearekin osatu nahi da plan hori. Horretarako, gutxienez hiru saio ireki egingo dituzte prozesuan zehar. Horietako lehena urtarrilaren 10ean izango da, udaletxeko areto nagusian, 17:00etan. Udalak egin asmo duen lanaren lehen aurkezpena egiteko baliatuko da saio hori, aztergaiak, irizpideak edota faseak azalduz. 

Bigarren saioan, diagnosiaren inguruko azalpenak emango dira, eta herritarren eta eragileen proposamenak jasoko dira. Hirugarrenean, berriz, jaso eta idatzitakoaren azalpenak emango ditu udalak. Bi saio horien datak aurrerago jakinaraziko dira. Beharrezko ikusiko balitz, saio osagarriak ere egin ahal izango dira, gainera. Bilera horietara interesa duen edonork joan ahal izango du.  Irisgarritasun Planak lau esparru aztertuko ditu: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak. Prozesuan zehar sortzen den dokumentazioa eskura jarriko dute  https://partaidetza.tolosa.eus/ webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!