ERREPORTAJEA

Txotxongilo-antzerkiaren entziklopedia ibiltarian maisu

Irati Irazusta 2024ko urt. 6a, 18:00

'John M. Blandall txotxongilo-maisu' erakusketa iksugai dago Topic-en. I.I.

2023-2024ko udazkenean eta neguan Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan hartu dute aterpe Blundall artista britainiarraren lan askok, John M. Blundall txotxongilo-maisu erakusketan; ikusgai daude iragan irailaren 22tik hasita, otsailaren 18ra bitarte.

XX. mendeko txotxongilolari esanguratsuenetako bat izan zen John M. Blundall (Birmingham, 1937-2014). Txotxongilolariaz gain, artisaua, artista plastikoa, eszenografoa, irakaslea eta bildumagilea ere izan zen, eta «txotxongilo-antzerkiaren entziklopedia ibiltaria» ere deitu izan diote, diziplinaren inguruan zuen jakintza eta askotariko trebetasunengatik.

Topic-eko erakusketa 2023an inauguratu badute ere, lehenagokoa da maisuaren lanak Tolosara ekartzeko asmoa. Bertako museo- eta dokumentazio-saileko arduraduna da Iñigo Aguinagalde Vives: «2008an Maria San Sebastian orduko museo- eta dokumentazio-saileko arduraduna eta Ana Arretxe Birminghamera joan ziren, Midlands Art Center-en egindako enkantera, eta orduan erosi zituzten Blundallen bildumako pieza batzuk. Pentsa, Topic 2009an ireki zuten. Azkenean erakusketa ez zuten egin, baina urte batzuk beranduago haien asmoa lortu dugu».



Birminghamen industria zen nagusi Blundallen gazte garaian, baina jakin zuen inguru horri argia eta kolorea jartzen. Erdi Aroko egur taila eta jantzien diseinua ezagutu zituen Birminghamgo Museo eta Arte Galerian, eta eskolan egur taila, metalgintza garaikidea eta antzerkia. Ingeniaritza elektrikoa ikasi zuen General Electric konpainian, nahiz eta hor ere arreta gehiago eskaini zion antzerkigintzari, elektrikari baino: bertako antzerki-konpainian sartu zen, eta orduan diseinatu zuen bere lehen eszenografia. Hamasei urterekin hasi zen txotxongiloak egiten, eta hasierako urteetan antzerki-konpainia eta talde ezberdinetan hartu zuen parte.

Aguinagalderen arabera, 1960ko hamarkada «mugarri» izan zen bere artista ibilbidean: «Ordura arteko txotxongilo-antzerkian dinamika berri bat martxan jartzeko beharra ikusi zuen, baita bere belaunaldiko zenbait artista europarrek ere». Ez zuen erabat baztertu nahi ohiko txotxongilo-antzerkia, baina egitura, oztopo eta muga tradizionalak hautsi nahi zituen; esaterako, diziplinan profil profesional bat garatu nahi zuen, eta bestelako arte-adierazpenetako artistei ere ateak ireki.



Esperimentazio urteak izan ziren, eta diziplinan eredu berri bat sortu zuen. Berrikuntzetako bat lana banatzeko modua izan zen: lehenago, txotxongilolaria aritzen zen ogibide guztietan lanean, eta hark egiten zuen obraren ia prozesu osoa, hasieratik bukaerara; proposamen berriarekin, berriz, lan ezberdinak egingo zituzten pertsona kualifikatuak bilatzen zituen, esaterako, lider artistikoa, zuzendaria, diseinatzaileak, idazleak, estudioko artisauak eta soinu- eta argi-teknikariak.

MAC, eredu berriaren aterpe

Txotxongilo-antzerki eredu berria garatzen lagundu zuen The Midlands Art Center for Young People (MAC) arte-zentroak; 1962an ireki zituen ateak, eta gaur egunera arte iraun du. «Espazio eszeniko berriak sortu zituzten bertan, besteak beste, txotxongiloentzat espresuki diseinatutako The Cygnet antzokia». Blundallek zentroaren sorreran parte hartu zuen eta arte-zuzendari izan zen 30 urtez. Europa Ekialdeko herrialdeetan, eta, bereziki, Errusian eta bertako Kultur Jauregietan eta Haurren Garapen Estetikorako Institutuetan egindako egonaldietako esperientzietan oinarritu zen MAC sortu eta garatzeko orduan.



Zentroan artea pertsonen bizitzako alderdi garrantzitsu bihurtu nahi zuten eta haur eta gazteengan jarri zuten fokua; hala, belaunaldi horientzat alfabetatze kulturalerako programa bat garatu nahi zuten. Horretarako, asteburuetako txotxongilo-tailerrak eta hezkuntza-proiektuak zuzendu zituzten, besteak beste.

Diziplinaren eredu berriari bizia, berriz, Canon Hill Puppet Theatre izeneko antzerki-konpainiarekin eman zion Blundallek 1968an, MACen teilatupean. Hamasei kidez zegoen osatuta: arte-zuzendaria, diseinatzailea, zuzendaria, estudio-artisaua eta produkzio-zuzendaria, eszena-zuzendaria, sei txotxongilolari, soinu- eta argiztapen-teknikariak, eszenako arotza eta jantzi-zuzendaria.

«Canon Hill izan zen Blundallen lanik garrantzitsuena. 1968tik 1992ra aritu zen bertan lanean, eta urte horietan berak eta bere lan-taldeak 80 obra baino gehiago sortu zituzten, estilo eta diseinu-teknika askotarikoak erabilita. Blundallek denetik egiten zuen: txotxongiloen buru eta esku guztiak zizelkatu eta margotu, ekoizpenak sortu eta zuzendu, eszenografia diseinatu eta margotu, gidoiak idatzi, musika egin, karteldegiaz arduratu… artista hutsa zen». Erresuma Batuko haurrentzako konpainia garrantzitsuenetakoa izan zen, eta mundu osoan lortu zuen ospea; Europan eta Ekialde Urrunean ere egin zituen birak, eta sari ugari irabazi zituen nazioarteko jaialdietan egindako antzezpenengatik.

Konpainia horretan gorpuztu zituen Blundallek bere ibilbideko lanik esanguratsuenak, eta txotxongilo-antzerki eredu berriari forma eman zion. Berritzailea izan zen arlo askotan: nazioarteko dantza eta antzerki-bisualeko konpainietako eredua hartu zuen oinarri ikuskizunetan; teknika asko erabili zituen txotxongiloak eraikitzerako orduan: adaxka, haria, eskularrua, bunrakua…; diziplina asko konbinatu zituen, besteak beste, txotxongiloak, mimoak, maskarak, aktoreak, dantzariak eta musika; aldaketarik nabarmenena, ordea, eszenatokiaren gaineko egiturari eman zion buelta izan zen, aurrez ez bezala, txotxongilolaria ere oholtzara eraman baitzuen, eta horrek dinamikotasuna eman baitzion ikuskizunari.

Estilo dinamikoa, gaur egunera

Ikusle askok urteak behar izan zituen Blundallen txotxongilo-emanaldiak «benetakotzat» hartzeko, baina haurrek gustuko zituzten; horren erakusgarri da familiei eta haurrei zuzendutako ikuskizunetarako sarrerak ekoizpena estreinatu aurretik agortzen zirela. Aitzindari izan zen Europan eta Erresuma Batuan gisa honetako estiloa ezartzen, eta, ikuslearen onespena lortzea kosta bazitzaion ere, ibilbide oparoa izan du, eta gaur egun ia txotxongilo-ekoizpen guztiek erabiltzen dute estilo dinamiko hau. «Blundall Britainia Handian oso famatua zen, baina Europako herrialde gehienetan ez; bai, ordea, Europa Ekialdean: Polonian, Errusian… baita Japonian ere».

 

«Blundallen txotxongilo-ekoizpena 60. eta 70. hamarkadetako Ekialdeko Europaren lekuko da»



Artista britainiarrak ospea lortu zuen Ekialdeko Europan, akaso, aurretik bertatik jan eta edan zuelako. «Ekialdeko artistek eragin handia izan zuten bere lanetan, esaterako, Sergei Obraztsovek eta Leonora Shpetek; biak izan ziren XX. mende amaierako txotxongilo-artista onenetarikoak». Blundallek egonaldiak egin zituen Ekialdeko Europan, eta aukera izan zuen bertako arte-ekoizpena ezagutzeko. Japonia ere bisitatu zuen, eta han ikasi zuen bunraku teknika, baita Noh maskaren artea eta artisautza ere, Monjuro Kiritaki eta Hisao Suzuki maisuen eskutik.

«60. eta 70. hamarkadetan Europan oso ezberdinak ziren Ekialdeko eta Mendebaldeko pentsamolde eta arte-estiloak; Blundallek bere txotxongilo handi eta biziekin egindako ekoizpena garai hartako Ekialdeko Europako eraginaren lekuko da». Lan gehienak alaiak dira, eta argi eta kolore asko dute, nahiz eta erakusketan badagoen bestelakorik ere. «Ez dugu ahaztu behar Erresuma Batuan hasi zela lanean, eta hori ere islatzen dela bere lanetan. Bere bizitzako etapa guztietan ikasitakoa oso ongi konbinatu zuen». Aguinagaldek azpimarratu du leku ezberdinetatik edan zuen arren, Blundallek «estilo propioa» sortu zuela: «Bere obrak bereziak dira, ez dute gainerako txotxongiloekin zerikusirik».



Bere lanekin kontatzen zituen istorioak eta helarazi nahi zituen mezuak ez ziren beti ildo berekoak izaten; adibidez, hainbat ipuin ezagunen txotxongiloak egin zituen, besteak beste, Aladinena edo Hansel eta Gretelena. Bere bilduman badira kritika soziala egiteko helburua duten lanak ere, hala nola The Rose & The Ring izeneko satira, aristokraziari eta klase altuaren bizimoduari barre egiten diona.

Txotxongilo-maisu

Cannon Hill konpainia ez zen txotxongiloak sortu eta antzerkiak egitera mugatu, artista askoren eskola ere izan zen. Bertatik pasa ziren hainbat diseinatzaile, idazle, zuzendari, teknikari eta artisau. «Konpainia sortzerakoan saiatu zen beste esparru artistikoetako kideekin ere lan egiten eta ikasten ari zirenei laguntzen. Txotxongilolari oso ona izateaz gain, irakasle oso ona izan zen». Hezkuntza-proiektuak jarri zituen martxan; besteak beste, txotxongilolarientzako eta beste espezialitate batzuentzako jardunaldi osoko lanbide-heziketa sortu zuen. Horrez gain, maisuak sinesten zuen txotxongiloak pedagogiarako tresna izan daitezkeela eta pertsonen bizitza hobetu dezaketela; hala, bereziki autismoarekin eta behar bereziko hezkuntzarekin lotutako zenbait proiektu sustatu zituen.

 

«Cannon Hill konpainia ez zen txotxongiloak sortu eta antzerkiak egitera mugatu; artista askoren eskola ere izan zen»



«Dizipulu bat ere izan zuen: Stephen Foster. Blundallen ikasle eta laguna izan zen, eta harekin kontaktatu nuen erakusketa sortzeko; Fosterri esker eskuratu nuen katalogoko testua. Horrez gain, informazioa egiaztatu eta zuzenketan parte hartu zuen, kartel original batzuk oparitu zizkigun eta berak jarri ninduen harremanetan Blundallen lagun eta artista batzuekin», adierazi du Iñigo Aguinagalde Vives.



Topic-eko katalogoan txertatu dituzte Blundallen ingurukoek txotxongilolariari buruz esandako hitzak, baita dizipuluarenak berarenak ere. Hala dio azken honek: «Johnek konfiantza osoa zuen nigan eta baldintzarik gabeko laguntza eskaini zidan, baita beste askori ere. Esaten zuen askotan bere trebetasunik handiena talentuak antzemateko gaitasuna zela».

Erakusketa, Blundallen ibilbidearen lekuko

Erakusketa ekoizpen propioa da; Topic-en diseinatu eta ekoitzi dute zerotik, eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatu mailan txotxongilolariari eskainitako aurrenekoa da. Lehen solairuko aretoan daude txotxongilo guztiak, baina ez txotxongiloak bakarrik, haiekin lotura duten bestelako materialak ere bai: ikusgai daude erakusketan agertzen diren obren kartel originalak eta bozeto originalen kopiak, eta Blundallek lanerako erabiltzen zuen mahai desordenatua simulatzen saiatu dira. Material guztiak ordenatzeko moduari ere buelta bat eman diote: «Aurreko erakusketa batzuetan pieza guztiak paretaren kontra jarri genituen, eta horrek ikusleari bidea markatu egiten dio. Oraingoan areto guztian zehar banatu ditugu lanak, eta bisitariak erabaki dezake erakusketan egingo duen bidea», azaldu du Aguinagaldek. Azken hilabeteetako «harrera ona» nabarmendu du museo- eta dokumentazio-saileko arduradunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!