ELKARRIZKETA

«Niretzat atletismoa babesleku moduko bat izan da beti»

Leire Uranga 2024ko urt. 7a, 07:58

Armando Roca Garcia. LEIRE URANGA

Atleta eta arkitektoa izandakoa da Armando Roca Garcia. 2021. urtean lehiatu zen azken aldiz atletismoan eta, 2018ra arte arkitekto gisa ibili zen lanean. Egun, 89 urterekin, pasioz eta goxotasun handiz kontatu du orain arte izandako ibilbidea.

Jatorriz katalana da Armando Roca Garcia (Balaguer, Lleida, 1934). 1958. urtean, 100 metroko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Donostian eta, Espainiako errekorra egin zuen jarraian Portugalen. Ordutik aurrera, Tolosako Berazubiko estadioan soilik homologatu zitezkeen markak eskatzen zizkioten eta, hemen ezagutu zuen Mertxe Zeberio, bere emaztea. Arkitekturako ikasketak burutu zituen Bartzelonan eta arkitekto gisa ibili da lanean 55 urtez. Besteak beste, Tolosako Sputnik-ak berak diseinatu zituen.



Nolakoak izan ziren zure hastapenak atletismoan?

Txikitatik izan naiz oso mugitua, bederatzi hilabeterekin jada oinez nenbilen. Landa-munduan hezitakoa naiz, herriko plazan eta baratzean asko ibilitakoa. Kirol mota desberdinak praktikatu izan ditut nire bizitza osoan zehar: saskibaloia, futbola, igeriketa, tenisa eta abar. Azkarra nintzen, batez ere futbolean, baloia hartu eta zelai osoa zeharkatzen nuen, nik bakarrik. Herrira, Balaguerera, Bartzelonako Igeriketako Klubeko atletismoko sekzioko partaide zen lagun bat etortzen zen, esprinterra. Herriko plazan korrika ikusten ninduen, alde batetik bestera. Lagun hau ohartzen zen korrika egiteko nituen abileziez. Hamabost urte nituenean, mugimendu katolikoak Kataluniako Jokoak antolatu zituen Bartzelonan, Obra Atletica Recreativa zuten izena. Saskibaloiko taldearekin hartu genuen parte eta, partida gehienak irabazi genituen. Bertan, aurretik aipatutako Bartzelonako lagun honek, atletismoko sekzioko 50 metrotan apuntatu ninduen, horrela izan nuen nire lehenengo kontaktua atletismoarekin.


Armando Rocak bere ibilbidean lortutako garaikurrak. L.U.


Jatorriz katalana zara. Zergatik etorri zinen Tolosara?

1958. urtean Espainiako Txapelketa irabazi nuen, Donostian. Jarraian Portugalen, Espainiako errekorra egin nuen, 10.7. Urte hartaz geroztik, Tolosako Berazubi estadioan soilik homologatu zitezkeen errekor eta markak exijitzen zizkidaten. 1923. urtean eraiki zuten Berazubi eta, urte luzez, Europako komunitateak eskatzen zituen karakteristikak betetzen zituen Espainiako estadio bakarra izan zen. Atletismoko klubekoek Tolosan entrenatzen genuenean, bertako Cielo Grande hotelenean igarotzen genituen gauak. Bertan ezagutu nuen Mertxe, nire emaztea, hoteleko jabeen alaba zen eta afalorduetan kantu artean ibiltzen zen bere ahizpekin batera. Aurrerago, ikasketak amaitzen ari nintzela, Mertxek eta biok ezkontzea erabaki genuen. Lana bizkor aurkitu nuen Tolosan, Berazubiko egilearen alaba Mertxeren betiko laguna zen eta, honen bikotea eta anaia bata aparejadorea eta bestea arkitektoa, urtebetez kolaboratu nuen eurekin.

 

«Bizitzaren ibilbidean lagunez inguratuta egon denak, ezin die hutsik egin, ezin du hutsik egin»



Zertarako balio izan dizu atletismoak?

Atletismoa ikasketa eta antolaketa eskola da. Gustuko duzun afizio batek orokorrean, ordenatu egiten zaitu, eta horrek sortzen du zure izaera. Atletismoa zure denborarekin harremana sortzera behartzen zaituen kirola da eta hau, oso garrantzitsua da. Laguntasuna eman dit atletismoak, jende askorekin aurkitu naiz bidean eta, bizitzaren ibilbidean lagunez inguratuta egon denak, ezin die hutsik egin, ezin du hutsik egin. Osasuntsu mantendu naiz gaur arte eta, horretarako gakoak ere atletismoak eman dizkit: bizitza ordenatua daramat, lagunak ditut, bidean laguntzen nautenak eta lagundu izan didatenak eta, gaur arte behintzat, nire gorputza eta buruaren garapen kontziente bat eraman dut. Egunerokoaren zati bat nire gorputzari eskaini diot, gorputza da eta daukagun makinaria bakarra.

 

«Atletismoa zure denborarekin harremana sortzera behartzen zaituen kirola da»



Nola eboluzionatu du Tolosako Atletismoko Klubak?

Estadioan, estruktura aldetik bi aldaketa nabarmen eman dira, eta bietan izan dut esku-hartzea arkitekto gisa. Batetik, kronometraje elektrikorako kaseta eraiki genuen, atletak bertatik korrika pasatzean, eraikinak energia elektrikoa erabiliz euren denbora zehatzak har zitzan. Hau funtsezkoa zen errekorrak eta markak homologatu ahal izateko. Bestetik, korrika egiteko pista osoa berreraiki genuen, tartanez egindako pista sintetikora salto eginez. Garapenerako bi aldaketa fundamental izan ziren. Orokorrean kirola ulertzeko perspektibak aldaketa nabarmen bat izan du gizartean eta, Tolosako Atletismoko Klubak eboluzionatu egin du bere horretan. Tolosak oso ekipo ona izan du historian zehar eta izaten jarraitzen du. Gertatzen dena da lehen jendea herrian gelditzen zela, pilotari, dantzari edo aizkolari izan eta orain, kiroletako beste esparru askotan gertatzen den bezala, dirua medio, Realak denak eramaten ditu. Eta azkenean, honek egin du klub apalek garrantzia galdu izana.



Zer sentitzen duzu gaztetxoak Berazubiko pistari bueltaka ikustean? Zer esango zenieke?

Berazubiri korrika bueltak ematea, entrenatzen hasi aurreko beroketa da. Batzuk gehiago behar izaten dute beste batzuk baino, baina, diziplina biolento batean sartu aurretik ezinbestekoa da gorputza berotzea. Poza ematen dit gazteak pistari bueltaka ikusteak, asko gustatzen zait. Gainera, ezagun eta lagun asko izaten ditut bertan, eta beraiek plus handi bat ematen diote estadioari. Gazteenei esango nieke beraien bizitza ondo antolatzeko, denbora, ikasketak, bidaiak eta abar. Atletismoa gustatzen bazaie, beraien bizitzako parte izango da. Gorputza malgu eduki behar dela bakoitzaren gaitasunak eta barneko indarra maximora aprobetxatzeko eta, bakoitzaren limiteak ondo baino hobeto ezagutu behar direla nahi den hori egin eta lortzeko.



Momentu txarrik izan duzu? Izan al duzu etenik?

Niretzako atletismoa babesleku moduko bat izan da beti. Itota sentitu izan naizenetan beti izan da arnasgune. Esan dezaket oso gutxitan edo inoiz ez dudala emozionalki beherakadarik izan. Azkenean, ez naiz inoiz luzerako lesionatu, bidean lagun asko egin ditut eta, bizitza erraza izan dut orokorrean, oso eskertuta nago. Lesioak izaten dira askotan etenen eta motibazio galeren arrazoi nagusiak, eta nik zentzu horretan, nire ibilbidean zorte handia izan dut. Hala ere, oraintxe bertan ez dut atletismoan jarraitzen, medikutan nabil, molestatu egiten didan artrosi txiki bat daukat-eta eskuineko belaunean. 2021. urtean, 87 urterekin egin nuen nire azkeneko karrera, Portugalen izan zen, Bragan; bigarren gelditu nintzen. Azken aurrenekoa Italian izan zen, Venezian, honetan ere bigarren postua eskuratu nuen 100 metroko proban. Ez dakit noizbait lehiatzera itzuliko naizen baina, honetan ere zorteduna naiz, nire semea Cesarrek profesional gisa badaki pertsona bat noraino iris daiteken eta laguntzen ari zait nire limiteak ezagutzeko prozesuan. Pertsonaren kalitatea da beti aurrejarri behar dena.

Lisboan 1967an, lehiatzen.


Atletaz gain, arkitektoa izandakoa zara. Zergatik arkitektura?

Istorio xelebrea du galdera honek atzealdean. Haurtzaroko bizi-ohiturek imajinaziora bultza ninduten, haurtzaro oso estimulatua igaro nuen eta horrek, bide ezberdinak ireki zizkidan. Txikia nintzenean, Kataluniako garaiko pintorerik hoberenetarikoa herrikoa zen, Balaguerrekoa. Nire amak berarengana bideratu ninduen marrazketako klaseak jasotzeko eta ordutik aurrera, margolariaren zatitxo bat gelditu zitzaidan barnealdean. Nire marrazki propioak egiten nituen, izugarri gustatzen zitzaidan marraztea. Nire izeba-amonak nik farmaziako ikasketak burutzea nahi zuen, ikasketak amaitzean herriko farmazia har nezan. Liburu bat oparitu zidan ikasketekin hasi aurretik. Baina, egun batean herriko tabernan ginela, La Vanguardia egunkarian «Faltan arquitectos en Persia» albistea topatu genuen amak eta biok. Amari begiratu eta segidan esan nion arkitektoa izan nahi nuela eta Arkitektura ikasi nahiko nukeela. Amak izeba-amona konbentzitu behar izan zuen nik Arkitekturako ikasketak burutzeko. Bartzelonan hasi nituen nire arkitekturako ikasketak eta Madrilen amaitu nituen.



Lorpen handiak izan dituzu atleta gisa. Nola egin zenuen ikasketak eta atletismoa uztartzeko?

Unibertsitateraino ez nuen inongo arazorik izan ikasketekin; izan ere, herriko nire lagunei ikasgelako lanekin nahiz azterketekin laguntzen nien. Oroimen handikoa nintzen, azkarra, Europako mapa 48 ordutan ikasteko gaitasuna nuen eta gainera, oraindik oroitzen naiz ikasitakoaz. Baina, ez zen batere erraza izan Balaguerretik Bartzelonarako saltoa. Bartzelonara iristean galduta sentitzen nintzen, landa-herritik, hiri baterako aldaketan, dena handiago sentitzen nuen. Arkitekturako graduak 13 ikasgai zituen, besteak beste, trigonometria, kalkulu integrala eta marrazketako bi espezialitate: lineala eta artistikoa. Ezezaguna egiten zitzaidan paperaren aurrean nuena. Bartzelonan galduta sentitzean, irtenbideak bilatzen nituen, lagunekin atletismoa entrenatzen pasako nituela arratsaldeak zen nire motibazioa. Horrela, lehenengo bi urteetan ez nuen ikasgairik gainditu baina, lagunak, lagunak dira. Bartzelonan, bere etxera gonbidatzen ninduen lagun bat egin nuen, familia zoragarria zuen, nire etxean bezala sentitzen nintzen eurekin. Lagun honek zentratu egin ninduen, eta berak hartzen zituen klase partikularrak hartzera gonbidatu ninduen. Horrela bilatu nuen ikasketak eta atletismoaren arteko oreka eta orduan hasi nintzen ikasgaiak gainditzen.

1981. urte inguruan Armando Roca, Alejandro Roca semearekin eta Garikano eta Markiegirekin.


Aurretik esan duzu ikasketak Madrilen amaitu zenituela. Nola suertatu zen hori?

Madrileko kirolarien erresidentziako zuzendariak deitu zidan pre-olinpiko gisa bertan fitxatu nindutela esanez. Hortaz, unibertsitateko espedientea Madrilera lekualdatu nuen. Honen guztiaren aurretik ordea, Bartzelonako unibertsitatean gorabehera izugarriak izan nituen. Tranbien grebaren liskar baten ondorioz atxilotu egin ninduten. Unibertsitatearen aurreko plaza handira grisak etorri ziren zaldi gainean, hauek ez zuten baimenik unibertsitate barrura sartzeko baina harrapatu egin ninduten. Espediente beltza ireki eta hamabost egunez Modelora sartu ninduten; Modelo 77 izeneko pelikula bat filmatu zuten behin bertan. Gertakizun honek unibertsitateko ibilbidea moztu zidan: «Espediente beltz bat duzu eta ezin izango zara gehiago matrikulatu», esan zidaten unibertsitatean. Amari karta bat iritsi zitzaion Bruselatik, Lovainatik; bertan ikasten jarraitzeko aukera luzatuz niri. Momentu horretan Lovainara joatea orain Ameriketako Estatu Batuetara joatea bezala zen. Amak, Bartzelonako unibertsitateko sekretario nagusiarengana jo zuen baina ez genuen ezer ere lortu; aukera galdu nuen. Bitartean, atletismoan gogor entrenatzen jarraitzen nuen.


Erroman 1985ean, podiumean.


Garai hartan, entrenatzaile alemaniar bat nuen eta, atletismoa ikaragarri maite zuen dirudun bat zen nire babeslea. Bi hauek gertatzen ari zenaz ohartzean, Espainiako kiroletako nagusiarengana jo zuten, Jose Antonio Elola Olaso, atletismoarekin maitemindutako falangista gipuzkoarra. Espainiako Txapelketa iritsi zen orduan, Donostian; 100 metrotan lehenengo gelditu nintzen. Jarraian, Portugalgo estadiora eraman ninduten, bertan irabazi eta Espainiako errekorra egin nuen. Sariak banatzean, bi metro luze zituen gizon bat nire pareko eskailerak jaisten ikusi nuen, Jose Antonio Elola Olaso zen, Espainiako kiroletako nagusia. Niregana gerturatu eta «Armando, zure entrenatzaileak esandakoa bete da, Espainiako errekorra duzu hanketan», esan zidan. Gizon honek milaka hari mugitu zituen niri espediente beltza kentzeko eta, kendu egin zidaten. Horrela, berriro ere unibertsitatean matrikulatzeko aukera izan nuen, eta orduan Madriletik deitu zidaten.

Tolosako 'Sputnik'-ak zuk diseinatu zenituen: kohete formako etxebizitzak dira. Zertan inspiratu zinen?

Egiazko seme-alabak daude eta, haragi eta hezurrezkoak ez diren seme-alabak ere badaude; hauek ere seme-alabak dira eta, betiko erditzen dituzu. Sputnik-ak nire bizitzako errealizazioko epoka bateko isla dira. Mertxerekin, nire emaztearekin, Europan barrena izugarri bidaiatu izan dut, egindako bidaia politenetarikoa Marseillara izan zen, Frantziako hegoaldera. Bertan, eraikin esanguratsu batzuekin egin genuen topo, suitzar-frantsesa den arkitekto batek eginak ziren, Le Corbusier. Arkitektoak, bere eraikinetan, espazioa, elementu bat gehiago gisa tratatzen zuen. Eguzkia, haizea, eta bestelako fenomenoak kontuan hartzen zituen eraikin bat eraikitzerako garaian. Kruzeroak bezalako etxebizitzak ziren, goizez eta arratsaldez eguzkiaz gozatu zitekeen apartamentu bakoitzean; dendak, eskolak, gimnasioak, korrika egiteko pistak eta bestelakoez osatzen ziren eraikinen barnealdeak. Unite d'habitationGela-unitatea— zuten izena Marseillan topatutako eraikin horiek, Sputnik-ak sortzerako garaian inspirazio iturri izan ziren; gizakia, eraikin bakar batean garatu zitekeen.

Nola sortu zitzaizun hauek eraikitzeko aukera? Etxebizitzen zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Marseillatik bueltan, Tolosan, etxebizitza kooperatibak forma hartzen ari ziren. Ez ziren kontsumo eta industria kooperatibak bezain garrantzitsuak baina, zerbait egiterik bazegoen. Irits nintekeen tokira soilik irits nintekeen baina zortea izan nuen, eta etxebizitza kooperatiba baten kargua eman zidaten, Tolosako Sakramentinoetan. Hasiera batean, ideia bat nuen baina ideia horrek ez du ia zerikusirik egungo Sputnik-ekin. Sei blokez osatutako proiektua sortu nuen eta hauetatik bost eraikitzeko baimena soilik lortu nuen, udaletxeak debekatu egin zidan seigarrena. Sortu gabeko seigarren bloke hau, bloke handiago bat zen, eta bertan haurtzaindegia, liburutegia, kiroldegia eta bestelakoak zihoazen. Sortutako bost blokeak, etxebizitza irekiak dira, airea eta argia toki guztietatik sartzen zaie. Garai hartan Sputnik-ak, errusiarrek espaziora bota zutena ziren, forma ere horrelakoxea egin nien, kohete formakoa: aurrera joan eta hegan ateratzeko. Sputnik-ekin gauza konkretu bat nahi nuen lortu: bizilagunen arteko bizikidetza. Gaur egungo pisuetan, laugarren eta bosgarren pisukoak ez dira elkar ezagutzen ia. Beraz, erabaki nuen gutxienez lau familiaka, elkarren artean ikusi, ezagutu eta elkarbanatu egin beharko zutela, egunerokoan espazioak partekatuz: eguzkia hartu eta arropa zintzilikatzeko terraza komunitarioak sortu nituen.

 

«'Sputnik'-ekin gauza konkretu bat nahi nuen lortu: bizilagunen arteko bizikidetza»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!