Sexualitateaz eta erotikaz jarduteko tailerra egingo dute Andragoran

Ataria 2024ko urt. 4a, 19:59

Maialen Dorronsoro eta Elene Jimenez Sexune elkarteko kideek gidatuko dute urtarrilaren 11n antolatu duten tailerra, ‘Gozamenaren bideak, desiraren bidezidorrak’ lelopean; doakoa izango da eta aurrez eman beharko da izena.

«Jendartean ez gaude ohituta sexualitatez edo erotikaz hitz egitea, ezta gure kezkak edo zailtasunak ingurukoekin partekatzera ere, eta hori egiten denean oso gauza zehatzen inguruan bakarrik hitz egiten dela iruditzen zaigu», azaldu du Maialen Dorronsoro Sexune elkarteko kideak. Izan ere, askotan gozamenari buruz hitz egiten dugunean tekniketan pentsatzen dela adierazi du Dorronsorok, «ondo edo gaizki egiten ote dugun, teknika kableak zein diren, zein errezeta jarraitu behar dugun esaten digute, zer egin eta zer ez, eta antzeko uste hauen inguruko gako batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean».

Hori abiapuntu harturik, emakume gazteen desiren bidezidorrak arakatu nahi dituzte Sexune elkarteko kide diren Dorronsoro eta Elene Jimenezek. Horretarako, Jabetza Eskolarekin elkarlanean tailerra egingo dute urtarrilaren 11n, 17:30etik 20:00etara, Andragoran, Gozamenaren bideak, desiraren bidezidorrak lelopean. Jimenezen ustetan, «gozamenaren bideak askotarikoak dira eta bakoitzak bereak ditu». Horregatik, emakume ezberdinen ahotsak plazaratuko dituzte honen inguruan hausnartuz, uste faltsu batzuk deseraikiz eta sexualitatea beste modu batean ulertzeko gakoak eskainiz.

Sexualitatea modu positibo eta integral batean ulertzeko eta bizitzeko autoezagutzak garrantzia handia duela adierazi dute elkarteko kideek, baina desirei eta gogoei buruz hitz egiten denean pluralean hitz egin behar dela gehitu dute, «erotikak eta plazerrak askotarikoak eta aldagarriak baitira, gorputz elkarrizketen arabera».

Hortaz, 18 eta 30 urte bitarteko emakume gazteentzako zuzendutako tailerra izango da, «gutxi gora behera antzeko esperientzia eta bizipenak izan dituzten edota izaten ari diren nesken talde bat osatu nahi genuen, elkarrengandik gertu sentituko diren talde bat izateko». Tailer «goxo bat» izatea nahi dute antolatzaileek, «gerturatzen direnak seguru sentituz eta egunerokoan konpartitzeko aukera izaten ez dugun gaien inguruan konfiantzan eta giro goxoan hitz egiteko aukera sortuz». Era berean, parte hartzaileak eroso sentitu daitezen topaleku bat sortu nahi dute, «norberaren esperientziak neurrian konpartituz, lasaitasunez eta inor ezertara behartu gabe».

Horrenbestez, eskualdeko emakume gazteak tailerrean parte hartzera animatu dituzte. Tailerra doakoa izango da, baina aurretik eman beharko da izena. Interesa dutenek Tolosako Udaleko webguneko berdintasun sailean dagoen Jabetze Eskolan antolatu diren jarduera ezberdinetan izena emateko formularioa bete beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!