38,2 milioi euroko aurrekontua onartu du Tolosako Udalak

Ataria 2024ko urt. 4a, 07:59

EH Bilduren aldeko botoei esker onartu dute aurrekontua. EAJ-k kontra bozkatu du «EH Bilduko udal gobernuaren adostasunerako borondate eza» argudiatuta.

Abenduko osoko bilkuran, ohikoa den eran, hurrengo urterako aurrekontua izan zen eztabaidagai nagusi. Hiru aurrekontuk osatzen dute aurrekontu orokorra, alde batetik, udalarenak eta, bestetik, Tolargi SL eta Tolosa Gasa SA sozietateenak. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten aurrekontua eta honenbestez, Tolosako Udalak 38,2 euroko aurrekontua du 2024rako. Tolargiren aurrekontua 962.888 eurokoa izango da, eta Tolosa Gasarena, berriz, 317.814 eurokoa.

EAJ aurka agertu zen udal gobernuak adostasunerako borondaterik ez duela argudiatuta eta udal gobernuari helarazitako 12 proposamenetatik aurrekontuan bakarra txertatu duelako.

Ia bost milioi euro gehiago

2023ko aurrekontuarekin alderatuta, ia bost milioi euro gehiago izango ditu Tolosako Udalak, %14,8 haziko baita aurrekontua, 38.245.967 eurora. Hutsik dauden lanpostuak betez udaleko lantaldea indartzea izango da helburu nagusiena, modu horretara, inbertsioen egungo %30eko betetze edo exekuzio maila hobetu ahal izateko. Hori dela eta %6ko gorakada izango da pertsonaleko gastuan. Pertsonal Saila, Hirigintza Saila, Gizarte Zerbitzuak edota Udaltzaingoa dira, besteak beste, indartuko diren sailetako batzuk.

Inbertsioetara, berriz, 4,6 milioi euro bideratuko ditu udalak, 2023an baino %17 gehiago, horietako asko hirigintza esparrukoak. Urbanizazio obretarako 262.000 euro gehiago izango dira, eta mantenu lanetarako partida ere bikoitza baino gehiago hazi da, 100.000 eurora iritsiz.

2024an egin asmo diren lanen artean daude, besteak beste, Iturritza Jauregiaren fatxada eta teilatua eraberritzeko lanak, Idoiaga-San Inazio bidegurutzean segurtasuna hobetzeko lanak edota Soldadu kalearen egokitzapena. 

Beste hainbat lan egin ahal izateko proiektuak idatzi edo azterlanak abiatzea ere aurreikusi du udalak. Era berean, aurrekontuan jasota daude parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarrek bozkatutako bost proiektuak.

Zaintza ekosistemaren diagnosi orokorra, Abegi eguneko eta gaueko zerbitzua udalak bere gain hartzea –ia milioi erdi bideratuko da–, etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzen hazkundea –bikoitza baino gehiago haziko da, 120.000 eurotik 300.000 eurora–, Energia Bulego publikoaren sorrera, Amarozko alokairuko babes ofizialeko etxeengatik Visesari egin beharreko 666.000 euroko kapital transferentzia edota kiroldegiaren itxieragatik, herriko kirol taldeek izan dituzten ezohiko gastuak konpentsatzeko 50.000 euroko diru laguntza lerroaren sorrera dira, besteak beste, aurrekontuak jasotzen dituen bestelako aldaketa esanguratsuenak.

Aparkalekuen tarifak

Lapurdi plazako eta Alondegiko aparkalekuetako tarifak eguneratzea ere onartu zen osoko bilkuran, aho batez. 2013tik eguneratu gabe zeuden prezioak, eta denbora horretan, %23ko igoera izan du KPIak. Tarifak, ordea, indize horren azpitik –erdia gutxi gorabehera– eguneratuko dira.

BPXport XXI, S.L.U enpresak Usabal kiroldegiko udal-langileen bajen ordezkatze gainkostuarengatik eskatutako konpentsazioak ere izan zituzten hizpide. Udalbatzak, aho batez, ebatzi zuen langileen ordu-sindikalengatik eta udaletxean dituzten bilerengatik galdutako orduak baino ez dituela konpentsatuko, betiere enpresa emakidadunak langile horiek ordezkatu baditu eta hori dagokion dokumentazioarekin justifikatzen badu. 

Udalak enpresaren esku lau funtzionario jarri eta horien kostuak bere gain hartzen ditu, baina lau funtzionario horien lana eragozten duen edozein ezusteko gertatzen bada, zerbitzu-emakida bat izanik, enpresak hartu behar du bere gain ordezkapenaren kostua, berari baitagokio kontratua gauzatzeko behar diren langileak jartzea.

Hiru mozio eztabaidagai

Pentsioak ere izan ziren mintzagai osoko bilkuran, EH Bilduk, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, eta EAJ-k mozio bana aurkeztu baitzituzten gaiaren inguruan. Bietako lehena onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. EHPMk mozioan eskatu bezala, udalak eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzari 1.080 eurora arte osatu dezan pentsiodunen gutxieneko pentsioa.

Irun eta Brinkola artean ADIFen trenbidea eta RENFEren aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzea, eta maiztasunak eta ordutegiak betetzea eskatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen, aho batez.

Zaintza sistemaren diagnostikoa

Osoko bilkuran EAJ-k egindako proposamenen inguruan hitz egin zuten. Andu Martinez de Rituerto alkateak esan zuen begi onez hartu zituela : «Proposamenetako batzuk dagoeneko martxan edo aurreikusita daude, Iurre auzoko lurra berritzeko eta Iurreamendi pasealekuko proiektuak, edota zaintza diagnostikoa egitearena, esaterako. Lanketa horiekin ari gara. Beste proposamenetako batzuk, ez dira agian aurten gauzatu ahal izango, baina jasotzat hartzen ditugu agintaldian zehar martxan jartzeko». Azken horien artean aipatu zituen Beotibarren edo Ferialekuan egin beharreko hainbat lan. Santa Klara eta Zumarditxikiaren eremuari dagokionez, berriz, lanean jarraituko duela azaldu zuen udal gobernuak. «Aparkalekuen diagnosi integrala berehala jarriko da martxan, eta horrek erakutsiko digu herri mailan ditugun aukera guztiak. Zumarditxikiko lanak egiteko autoak bertatik atera behar dira lehenengo, eta azterketa horrekin ikusiko dugu nora bideratu. Eremua ere bere osotasunean moldatzea aurreikusten dugu, bi irizpiderekin, Zumarditxikiko azalera mantentzea eta Santa Klarako lorategi eta baratzeak mantentzea. 


Horri lotuta EAJ-k esan du harrituta dagoela «12 proposamenetatik bakarra txertatu baita aurrekontuan». Txertatutako proposamena, gainera, mozio bitartez eta aho batez onartutako Tolosako zaintza sistemaren diagnostiko erreala eta osatua egitea, eta horri erantzungo dion zaintza plan feminista eta integral bat osatzea izeneko ekimena dela esan du. Horiek horrela, EAJ-k aurrekontuaren kontra egitea erabaki zuen, «begi onez ikusi bai, herriaren aurrean hitz egiteko prest azaldu, baina negoziatzeko eta hitzartzeko egiazko borondaterik ez» dagoela iritzita. 


EAJ alderdiak esan du aurrekontuaren kontra bozkatu arren, ez duela adostasunerako bidea irekitzeko itxaropenik galtzen eta elkarlanean aritzeko borondatearekin jarraituko duela adierazi diola udal gobernuari, «hori bai, jarrera aldaketa bat eskatuz». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!