Elkartasunak irabazi du helmugan

Ataria 2023ko abenduaren 31

Ehunka herritarrek hartu dute parte Samaniego eta Orixe herri ikastetxeek antolatutako ekimenean. Amaierako ekitaldian sariak banatu eta Iraitz Arrospide lasterkariari aitortza egin diote.

Samaniego eta Orixe herri ikastetxeek antolatuta XXV. Elkartasun Krosa egin da urte zahar egunez Tolosan. Bildutako diru guztia Zutani elkartearentzat izan da. Edizio berezia izan da aurtengoa Samaniego ikastetxeak 50 urte betetzen dituelako eta krosak berak 25.

Ehunka korrikalarik hartu dute parte gaurko lasterketan. Zerkausia kalean benjaminak eta infantilak atera dira txandaka 15:30etik aurrera eta 16:30ean eman zaio hasiera lasterketa nagusiari. Helduek eta kadeteek Plaza Zaharretik abiatuta 5 kilometro pasatxoko ibilbidea egin dute Zerkausia kalean bukatzeko.

Elkartasun ekimena da Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatzen dutena eta dortsalen salmentatik ateratako dirua aurten Zutani elkarteari emango diote, haien lana babestu eta indartzen jarraitzeko.

Lasterketa amaituta sariak banatu dituzte Zerkausian. Ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako garaikurrak banatu dituzte lehen postuetan sailkatu direnen artean. Zenbait korrikalari mozorrotuta atera da gaurko krosera eta mozorrorik onenari aipamena egin diote antolatzaileek. Gainera, aurten, Iraitz Arrospide lasterkariari aitortza egin diote. Besteak beste, 50 kilometroko munduko txapelduna da Arrospide, eta Behobia-Donostia lasterketan podiumak egindakoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!