Urtekaria 2023

Zubi Berriaren proiektua geldirik, behin-behinean

Ataria 2023ko abe. 31a, 07:58

Tolosako Udalak otsailean eman zuen Zubi Berria eraisteko asmoen berri. Ekainean, bertan behera geratu zen urtarrileko ebazpena, eta Ura agentziak indargabetu egin zuen hasierako proiektua.

Tolosako Udalak pasa den otsailean eman zuen Zubi Berriaren eraisketaren berri. Proiektuaren aurrekontua 5,5 milioi eurokoa zen, eta lanak egiteko zortzi hilabeteko epea aurreikusi zuten. Proiektuak gaur egungo egitura ordezkatzea eskatzen zuen, XX. mendeko bigarren hamarkadan eraiki baitzen, ibaiko ur-goraldien fluxua ahalbidetzeko gaitasun hidrauliko nahikorik gabe. Ura agentziak proposatzen zuen eraikina eraistea, desmuntatzea eta zegoen taula erabat kentzea, eta, ondoren, zutabeak oinarriraino eraistea. Era berean, ibaiaren ertzeko pasealekuaren ezkerraldeko baranda ordeztea aurreikusten zen, zubiaren eta Zerkausiko pasabidearen artean, eta hormigoizko horma txiki bat eraikitzea. Gainera, uholdeen aurkako horma mugikorrak jarri behar ziren, eta horiek biltegiratu egin behar ziren.

Ekainean, Ura agentziak ATARIA-ri jakinarazi zionez, «Tolosak uholde arriskua duenez, horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira». Beraz, proiektu berria diseinatuko dute datozen hilabeteetan, eta bertan zehaztuko dituzte proiektuaren ezaugarriak eta epeak.

Alde Zaharraren kinka

Urte hasieran Tolosako Alde Zaharreko hainbat bizilagunek auzoa zaintzeko aldarrikapenak egin zituzten, besteak beste, tela gorriak zintzilikatuz etxeetako balkoietan. Helburuak lortu berri dituzte ordea, eta tela gorriak kentzea erabaki dute; «protestak mugiarazi ditu geldi sumatzen genituen jarrerak eta ekintzak».

Ezustekoa Larramendin

Tolosako Larramendi kaleko eraikin bat hustu behar izan zuten azaroaren 21eko iluntzean, segurtasunagatik, bertako zutabe bat lehertu zela-eta. Bizilagunak hurrengo egunean itzuli ziren, gaua kanpoan pasa ondoren. Eraikina guztiz egonkortzeko behin betiko neurriak hartuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!