Urtekaria 2023

Sinatu dute hitzarmena eta bukatu dira lanuzteak

Ataria 2023ko abe. 29a, 07:59

Asuncion Klinikako langileek 2023an zehar egindako elkarretaratze eta kotxe karabana baten irudia. J.A.D.

Asuncion Klinikako langileek greba egun eta mobilizazio ugari izan dituzte azken hilabeteetan; soldata igoera, atzerapenen ordainketa eta lanorduen murrizketa biltzen dituen hitzarmena adostu berri dute.

Asuncion Klinikako langileek hitzarmen «duin» baten aldeko mobilizazio eta lanuzteak egiten eman dute urtea, eta ez alperrik, izan ere, hilabete honen hasieran jakin da Asuncion Klinikako langileek ontzat eman dutela enpresak mahai gainean jarritako azken proposamena, eta ondorioz, amaitutzat eman berri dituzte hainbat hilabetez luzatu diren lanuzteak. 2022ko martxoan eratu zuten hitzarmena negoziatu ahal izateko mahaia, baina zuzendaritzak orain gutxi arte murrizketak bakarrik proposatu dituela salatu izan dute.

Eskaerak beti berberak izan dira: erosahalmena bermatzea, are gehiago, 2022an eta 2023an egon diren KPI igoerak kontuan hartuta, eta lanorduak murriztea. Azken puntu horri lotuta behin eta berriz errepikatu dute euren egoera berezia dela. Asuncion Klinikaren kudeaketa pribatu-kontzertatua da, eta horri lotuta esan izan dute Soziosanitario esparruko enpresen gehiengoarekin alderatuta, urteak eman dituztela 1.592 lanorduetatik oso urrun. «Gauza batzuetarako ahoa betetzen zaigu esanez ondoen baloratutako ESIa garela, baina hori ez da lan-baldintzetan islatzen».

Asuncion ospitalean hainbeste urtez zerbitzu publikoa eskaini duten langile guztientzat %100eko publifikazioa eskatu izan dute, era berean. «Lanean daramazkigun urte hauetan guztietan ez gaituzte langile publikotzat hartu, eta ez dakigu bihar zein egoeratan aurkituko garen». Klinikako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta hor ere jarri izan dute azpimarra. «Gure lanaren %90 edo gehiago Osakidetzarako egiten den lana da, eta ez du inork kontuan hartzen hori. Gutaz ez daitezela ahaztu, orain zerbitzu horixe eskaintzen ari garelako. Ospitale publiko berriaren eskaria hor dago, baina bitartean zer? Eta behin ospitalea egiten denean zer gertatuko da gurekin? Langile asko, erabiltzaile ere bagara, eta konturatzen gara zer zerbitzu daukagun Tolosaldean».

Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresak enplegatzen ditu bertako langileak, eta hilabete luzez aritu dira euren lan egoera gizarteratzeko hainbat mobilizazio egiten; elkarretaratzeak bai ospitalearen aurrean eta baita Tolosan ere, kotxe karabanak, protesta Gasteizko Legebiltzarrera ere eraman zuten.... Hori guztia lanuzteekin uztartu dituzte eta horiek indartzen joan dira pixkanaka. Apirilean hamar minutuko geldialdiak egin zituzten Asuncioneko kafetegiaren aurrean.

Enpresaren jarrera ikusita, langileek maiatzean indartu zituzten lanuzteak. Asuncinonen bertan elkarretaratzeak egiten jarraitu zuten, eta horrekin batera bi orduko lanuzteak egiten hasi ziren, eta maiatzeko hainbat egunetan egun osokoak egin zituzten. Egun osoko lanuzte horiei begira beste salaketa bat ere egin zuten: Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak ezarritako zerbitzu minimoak gehiegizkoak zirela esan zuten, eta horren aurrean sindikatuek epaitegietara jo zuten. Epaileak maiatzean eman zien arrazoia langileei. Ekainean beste pauso bat eman zuten eta 24 orduz kanpaldia egin zuten Trianguloa plazan, beste 14 greba egun deitzearekin batera. Ekaina eta irailean egin zituzten lanuzte horiek.

Bien bitartean, hainbat herritarren babesa jaso zuten langileek, tartean TOPA koordinakundearena. Irail hondarrean elkarretaratzea egin zuten klinikan bertan, non herritarrek ere parte hartu zuten TOPAk deituta. Langileek protesta klinika atarira eramaten zuten bitartean, hainbat herritar barrura sartu zen, eserialdia egitera. Urrira iritsita beste bi greba egun deitu zituzten eta beste hiru azaroan.

Azaroan bigarren bilera egin zuten Precon (Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu publikoan), baina Invizako langileak ez zeuden oso ados mahai gainean jarritakoarekin. Eta horrela abendura arte.

Pasa den abenduaren 5ean langileen batzarrean bozkatu zuten enpresaren azken proposamena, eta baiezkoak irabazi zuela iragarri zuten. Hala, LAB sindikatutik nabarmendu zutenez, KPIa bermatzen duten igoerak izango dituzte soldatetan, eta beste hainbat aurrerapen ere adostu dituzte. «Negoziazio hasieraz geroztik, oraingoa izan da enpresaren aldetik aldaketarik garrantzitsuenak jasotzen zituen proposamena». Sindikatuak adierazi zuenez, «lorpen honek borrokak merezi duela erakusten du». Horiek horrela, hitzarmen berriak 2024ko urtarrilaren 1ean %11ko igoera aurreikusten du langileentzat beren ordainsarietan. Gainera, kontzertazio berriekin, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordainduko ditu, eta 2024ko KPIa hurrengo urtean negoziatzeko konpromisoa hartu du. Halaber, 38 orduko murrizketa izango dute langileek lan-orduetan, lau urtetan 1.592 ordutara helduko delarik orduen kopurua. Azkenik, langileek egunero ordaindu beharreko aparkalekuak %50eko beherapena izatea adostu dute.

ELAk ordea, hitzarmena ez duela sinatuko esan zuen, patronalak proposatutako testuak ez duelako KPIa bermatzen, eta atzerapenak enpresaren borondatearen araberakoak izango direlako. Salatu zuen LABek alde bakarrez erabaki zuela proposamena bozkatzea, «orain arte izandako lankidetza hautsiz».

Kaleratzeak salatu dituzte

Adunako Elkar enpresako banaketa saileko LABeko ordezkariek eta Kelsen enpresako langileek mobilizazioak eta bi orduko lanuzteak egin dituzte, hurrenez hurren, enpresan izandako kaleratzeak salatzeko. Zizurkilgo Jaure enpresako langileek ordubeteko lanuztea burutu dute, kaleratze bat salatu eta enpresari exijitzeko gutxieneko langile kopuru bat bermatu dezala.

Siemens Gamesan, ABEEE-a

Asteasuko Siemens Gamesa enpresako zuzendaritzak aurkeztutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) epaiketa egin dute. «Enpresak bere neurrira hartutako erabaki interesatuen ondorio bat besterik ez da izan argudiatu- tako lan karga jaitsiera», salatu zuen LABek. Bestetik, Hego Euskal Herriko lantegietako langileek elkarretaratzea egin dute, lanpostu guztien inguruko kezka azalduz. Enpresak negozio eoliko- ari eutsi nahi dio mundu mailan, galera handiak izan arren; 2026an errentagarri izatea espero dute.

Pasaban eta Voith, hitzarmen hobeen eske

2022ko abenduan amaitu zen Tolosako Pasaban enpresako langileek azken aldiz sinatutako lan-hi- tzarmena. Lan-baldintzek garrantzia galtzen ari direla eta, enpresa zuzendaritzak hartutako jarrera salatu dute langileek, eta hitzarmena berritzeko aurrerapausoak ematea eskatu diote enpresari. Egoera salatzeko, lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte; besteak beste, lizentzietan hobekuntzak, KPIaren balorearen araberako taula bat eta lan ordutegian malgutasuna eskatu dute. Ibarrako Apatta industriaguneko Voith Paper enpresako langileek ere elkarretaratzea burutu dute, euren hi- tzarmenaren defentsan.

Langile tolosar bat hil da Gasteizen

33 urteko gizonezko tolosar bat hil zen uztailean, Gasteizen, makina batek harrapatuta. LAB sindikatutik zehaztu zutenez, Asteasuko Bost enpresako langilea zen, eta Gasteizko Talleres Aratz lantegian lanean ari zen. Larrialdi zerbitzuak lan- tegira bertaratu ziren, baina istripua jazotako lekuan hil zen langile tolosarra.

Lan istripua izan da Adunan

35 urteko emakumezko bat hil zen, irailean, Adunako Goiburu auzoko sagasti batean. Atoidun traktoreak, atzerantz labaindu, eta zuhaitz baten kontra talka egin zuen, langilea bertan harrapatuz. Larrialdietako zerbitzuak bertaratu zirenerako hilda zegoen. Lehen eguna zuten sagardogileek sagarrak biltzen eta langintza horretan ari zen emakumezkoa.

Eskualdeko zenbait enpresa, saridun

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak Euskadiko Kode Etikora atxiki- tako euskal erakundeak aintzat hartzeko ekitaldia egin du, eta tartean, eskualdeko 22 enpresa saritu ditu. Bestetik, Tolosaldeko zortzi enpresak enpresa berritzailearen Hazinnova ziurtagiria jaso dute. Halaber, Tolosako Kimetz-Andia eta Liot dendek eta Zizurkilgo Garazik Gipuzkoako Merkatariak elkar- tearen Singular Dendak errekonozimendua jaso dute, Lehiakortasuna Hobetzeko Programa arra- kastaz gainditzeagatik. Kimetz-Andiak, gainera, 2023ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria jaso du, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren es- kutik. Tolosako Ponpox dendak, bere aldetik, 10 Bitxiak Saria aipamena jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!