Tolosako kirol instalazioetako 35 langile inguruk 11 eguneko lanuztea egin zuten martxoaren 16tik 26ra bitarte, lan eta bizi baldintzak hobetuko zituen hitzarmen baten alde. Erabaki hura, maiatzetik azarora bitarte luzatu zen ia zazpi hilabeteko grebaren aurrekaria izan zen.
Batetik, soldataren hobekuntza eta eguneratzea eskatzen zuten, eta bestetik, gainerako lan baldintzen erregularizazioa. Lanaldiari dagokionean ere hutsuneak zituztela salatu zuten, eta horiei aurre egiteko, hitzarmenean klausula batzuk txertatu nahi zituztela esan zuten. Bestalde, klaseen prestakuntzetan hobekuntzak txertatzea eta asteburuetako lana erregulatzea nahi zuten.
Langileak udalarekin eta enpresarekin bildu ziren, baina ez zuten inolako aurrerapausorik izan. Enpresak proposamen bakarra egin zien langileei, ELAk jakitera eman zuenez: %1eko soldata igoera proposatu zien 2023rako. «Irtenbide horrek erosahalmenaren berreskurapenean aurrerapauso gutxi ekartzen ditu, eta beste puntuak ez dira aipatu ere egiten», esan zuten langileek. «Ez da negoziaketa serioa».
Maiatzean, mugagabea
Hitzarmen berrirako negoziaketak urtarrilean hasi zituzten, baina enpresaren «jarrera arduragabea» ikusita, maiatzaren 8an greba mugagabea hastea erabaki zuten langileek, ELA sindikatuak deituta. Ondorioz, herriko kirol instalazioak itxita egongo zirela aurreratu zuten. Orduko udal gobernuak langileen greba mugagabeari lehenbailehen irtenbide bat ematea exijitu zuen. Blokeo egoera ikusita eta egoeraren larritasuna zela eta, berriro ere esertzeko eskatu zien langileei, sindikatuko ordezkariei eta enpresari, borondatez negoziatzeko eta adostasunetara iristeko. «Negoziaketa egon da, bi aldeak mugitu dira, hainbat puntutan lortu da adostasuna, baina bi aldeak inoiz baino gertuagoa zeudenean, greba mugagabea deitu da», adierazi zuen udalak. Langileek, hala ere, hori gezurra zela esan zuten.
Uda gerturatzen ari zen, baina gatazkak korapilatuta jarraitzen zuen, batez ere, hiru puntutan: soldatetan KPIarekiko eguneraketa, kategoriak eta bete beharreko funtzioak, eta saioen prestakuntza denbora eta lan ordu errealen aitortza. «Akordio batera iristeko gure nahia argia da», esan zuten langileek. Enpresaren aldetik apirilaren 25ean izan zuten azken proposamena.
«Udalaren erantzukizuna»
Une horretan, Tolosako kirol instalazioetan zerbitzua ematen duten langileak BPXport SLU enpresaren bidez zeuden azpikontratatuta. Tolosako Udalarenak dira instalazioak, eta orain arte, lizitazio bidez kudeatu du enpresa horrek zerbitzu publikoa. Langileek grebari ekin ziotenean, ELA sindikatuak esan zuen 2019tik ez zutela hobekuntzarik izan lan baldintzetan: «2020ko martxoan, hitzarmen berriaren negoziaketa hastera zihoanean, pandemia etorri zen, eta gogor eragin zuen kiroldegietan. Behin pandemia pasata, lizitazio berriarekin enpresa aldaketa etorri zen, Kirolzer enpresak kudeatzetik BPXport enpresak kudeatzera pasa zen, eta negoziaketa 2023ra atzeratzea ekarri zuen horrek. Enpresak argi du bere instalazio horietan helburua irabaziak ateratzea dela, baina, zerbitzua bera udalaren erantzukizuna da».
ELAk argi zuen gatazka horren irtenbideak enpresaren eta udalaren eskutik etorri behar zuela, «lehenbailehen». «Bide horretan, betiko errealitatearekin egiten dugu topo: udalak zerbitzua azpikontratatzen du, eta ulertzen du azpikontratatu duen momentutik ez dela bere ardura, baina zerbitzu publikoa azpikontratatzeak badauzka bere eraginak eta udalak ezin du isilik geratu gatazka honen aurrean».
Abuztuan mugimenduak izan ziren udal gobernu berriaren aldetik. Egoera desblokeatzeko eta zerbitzua berriro ere martxan jartzeko «balizko soluziobide bat» proposatu zion BPXport enpresari. 2024rako kuoten %2,5eko igoera proposatu zion, «nahikoa litzatekeelako enpresaren eta langileen arteko desadostasunari aurre egiteko». Proposamena onartu ezean, epe luzeagoak eskatzen zituen bideak jorratzen hasiko zela esan zuen udal gobernuak. Enpresak, ordea, uko egin zion aukera horri. Honenbestez, akordioaren bidea agortutzat jo zuen udalak, eta prozedura administratiboak abiatu zituen zerbitzua berrezartzeko.
Azken erabakia, azaroan
Maiatzera arte indarrean egon zen udal gobernuak (EAJ-PSE), hamar urtetarako emakida bat atera zuen lehiaketara, enpresa berriari zerbitzua esleitu aurretik. Udal hauteskundeak irabazi ondoren, alkatetza lortu zuen EH Bilduk adierazi zuen ez zutela ezer egiterik, enpresaren esku utzi zelako dena. Hala eta guztiz ere, egoerari irtenbidea eman nahian, eta behin prozedura administratibo eta txosten juridikoak osatuta, azaroaren 10ean adierazpenak egin zituen Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak. Lehen aukera elkarrizketaren bidez adostasunak bilatzea izan zela azpimarratu zuen: «Saiakera ugari egin badira ere, blokeo egoera puskatzea ezinezko izan da, eta kontratuari eragiten dioten neurriak hartzea besterik ez da geratu». Udal gobernuak ezohiko bilkura deitu zuen azaroaren 14rako, kirol instalazioen kudeaketarako indarrean zegoen kontratua deuseztatzeko, eta lizitazio berri baten prozesua abian jartzeko.
Udalak egindako azterketa administratibo, tekniko eta juridikoen arabera, enpresak bi puntutan urratu zuen kontratua bereziki: «Batetik, datu ekonomikoetan hasierako proposamenean ez zegoen kontzeptua sartu du, kontratuaren emaitza ekonomikoa desitxuratuz; hortaz, 2022ko emakidadunak ustiapen kontuan aurkeztutako datuak ez onartzea erabaki dugu. Bestetik, eta bereziki garrantzitsuena, denbora luzez adostutako zerbitzua ez du eman».
Behin kontratua deuseztatuta, lizitazio berri bat abiatzea proposatu eta onartu zuten ezohiko bilkuran. Zenbait aldaketa izango zituen kontratua onartu zuten, besteak beste, emakida-kontratu bat izan ordez, zerbitzu-kontratu bat izatea, eta iraupen mugatukoa izatea, gehienez bi urterako. Une horretan, lizitazio berria esleitu arte, BPXport enpresa behartua zegoen zerbitzua ematera. Gainera, esleipen prozesua amaitu baino lehen, langileek behin-behinean greba etetea erabaki eta kiroldegia berriro irekitzeko aukera ere ikusten zuen alkateak.
Eta horrela izan zen. Egun batzuk beranduago, azaroaren 16an, maiatzaren 8an abiatutako grebari amaiera ematera zihoazela jakinarazi zuten langileek. Erabaki horretara nola iritsi ziren azaldu zuten: «Ia zazpi hilabete daramatzagu greban, eta inork ez zekien puntu honetara iritsiko ginenik. Langileok 2020tik hitzarmen gabe gaude, eta 2023ko urtarrilean hasi genituen negoziaketak, enpresa berria sartu eta handik lau hilabetetara. Bagenekien negoziaketak ez zirela errazak izango, enpresaren interesak hasieratik berdinak izan direlako: beraien hasierako proposamenari eutsi eta guk egindako proposamen guztiei ezezkoa eman».
Langileek euren erabakia hartzeko, Tolosako Udalaren baldintza-agiriak aztertu nahi zituzten. Egun horretan bertan argitaratu zituzten baldintza-agiri horiek, eta aztertu ondoren, grebari amaiera ematea erabaki zuten: «Eskertu behar da udalak esku hartu izana eta egoeraren aurrean arduraz jardun izana. Baldintza-agiri berrien azterketa egin ostean, langileok eta ELA sindikatuak ikusi dugu baietz, gure lan baldintzak duindu eta bermatzeko nahiko baliabide daudela baldintza-agiri berrietan. Beraz, Usabal, Uzturpe, Beotibar eta Berazubiko instalazioetako langileak gaur greba bertan behera uzten dugu, eta bihar lanera itzuliko gara». Hain justu, azaroaren 17an itzuli ziren lanera langileak, eta garbiketa eta berrikuspen lanak egin ondoren, azaroaren 20an jarri zituzten erabilgarri instalazioak.
KIROL TALDEEN EZINEGONA
Herritarrei edo erabiltzaileei ez ezik, Tolosako kirol azpiegituretako langileen grebak zuzenean eragin die herriko hainbat kirol talderen jardunari. Egoera horri aurre egiteko, laguntza eskatzen aritu izan dira beste herrietako klubei edota kirol azpiegituren kudeatzaileei, entrenamenduak egin eta etxeko partidak jokatu ahal izateko.
Iazko denboraldiari ahal bezala eman zieten amaiera. Denboraldi honen hasieran, baina, zenbait taldek arazo berarekin jarraitu dute. TAKE Saskibaloia taldeko harrobiko jokalariek, esaterako, kalean egin behar izan dituzte entrenamenduak. TAKEko lehen taldeek, Tolosa CF-ko futbol eta eskubaloi saileko eta Tolosaldea IKTko taldeek, berriz, inguruko herrietako kirol instalazioak erabili ahal izan dituzte. Azken horren kasuan, baina, urrian jakinarazi zuen igerilariak ez zirela lehiaketetan parte hartzen ari, ez zutelako beraien etorki- zuna «seguru» ikusten. Azkenik, Judo Klub Tolosako kideek eta Tolosa CF-ko gimnastika saileko taldeek Ferialekuan egin dituzte orain arteko entrenamenduak.
Greba mugagabeak sortzen duen eraginaren in- guruan ere mintzatu izan dira langileak: «Ulertzen dugu euren atsekabea, baina kirol zerbitzu onenak izateko asmoz egiten ari gara greba. Lan baldintza onak izateak lan taldearen egonkortasuna dakar, eta horrek, gure iritziz, zerbitzu hobea eskaintzea».