Kontzienteago bizitzen ikasteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 27a, 20:00

Urtarrilaren 15etik aurrera, Saioa Garmendiak ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko doako ikastaroa egingo du Tolosan; hamabost egunez behin izango dira saioak, Iturriza Elkartean.

Tolosatzen Eskola Irekiaren barruan, Saioa Garmendia Astigarragako adituak ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko doako ikastaroa jarriko du martxan Tolosan, urtarrilaren 15ean. Iturriza elkartearen egoitzan (Alondegi plaza) izango dira saioak. Norbere burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek kudeatzen ikasteko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzea izango da helburua. «Herritar guztientzako ikastaroa da. Badirudi horrelako kasuetan gaizki sentitzen garenean joan behar dugula, eta ez da horrela. Norbere emozioak kudeatzen ikasteko balio du, eta hori oso garrantzitsua da denontzat».

Garmendiak azaldu du herritarrek kontzienteago bizitzen ikastea nahi duela, sentitzen dutenaz ohartzea. «Pilotu automatikoan bizi gara eta ezinbestekoa da ditugun emozioez jabetzea; horiek nola bideratu jakiteko erremintak emango ditut». Gizakiak funtzionatzeko duen modua «bakarra» dela esan du, «eta irakatsi egin digute, gainera. Pentsamendu oso negatiboak izaten ditugu askotan, eta ez gara orainaldian bizi; beti gaude atzera edo aurrera begira. Momentua bizi behar dugu, lasaitasunez, eta gure burua maitatzen jakin».

Astigartar adituak esan duenez, autoestimurako lanketa bat izango da ikastaroa. «Bizitzako gertaerak ez ditugu guk kontrolatzen, baina bakoitzak erabakitzen du ondo edo gaizki dagoen, eta egoera bakoitzaren aurrean nola jokatu behar duen. Hori lantzen saiatuko naiz, hobetu behar bada, nola hobetu daitekeen jakiteko». Horretarako, meditazio gidatuak ere erabiltzen ditu Garmendiak, hala nola, barre-terapia edo musika-terapia. Arnasketa desberdinak ere erakusten ditu. «Dugun erreminta handienetako bat da arnasketa, eta ez dakigu behar bezala erabiltzen».

Arazoei aurre egiteko herritarrek autokontrola izatea ere nahi du Garmendiak. «Gure garunak berak nahi duen lekura eramaten gaitu, ditugun kezka eta beldurren ondorioz. Pentsamenduek sentimenduak sorrarazten dizkigute, eta pentsamendu negatiboak izanez gero, horrela sentitzen gara. Azkenean, pentsamenduek sortzen dute gure errealitatea». Horri lotuta, autoezagutza ezinbestekoa dela gaineratu du. «Ezagutzen al dugu gure burua? Oso garrantzitsua da norbere indargune eta ahultasunak ezagutu eta onartzea».

Gizarte hedonista

Garmendiak Gipuzkoako herri askotan egiten ditu ikastaroak. «Herritarrek oso ondo erantzun dute orain arte. Horrelako ikastaroetara joaten direnean, askok ez dakite zerekin egingo duten topo; bere trapu zaharrak kanpora atera beharko dituztela uste dute, eta ez da horrela. Gerora ohartzen dira ez direla arazoak dituzten bakarrak, eta denok nahi dugula lasai bizi». Horrek guztiak, «norberarengan askatasuna» eta «taldean giro oso ona» sortzen dituela nabarmendu du Garmendiak. «Gainera, adin desberdinetako herritarrak izaten dira, eta oso aberatsa izaten da bakoitzak bere esperientziak kontatzea».

Herritarrak ikastarora heltzen direneko gorputzaldiak eta amaieran izaten dutenak zerikusirik ez dutela aitortu du Garmendiak. «Aldaketa antzematen dute, baita nik ere». Oro har, «balorazio oso onak» jaso izan dituela esan du. «Urte batetik bestera herritar berdinak ikastaroan izatea da horren adibide onena».

Gizarte hedonista batean bizi garela dio astigartarrak. «Dena da perfekzioa, zoriontasuna, eta hori ez da erreala. Nor da perfektua? Inor ez. Inperfekzioz beteta gaude eta hala izan behar du. Nork ez ditu aldaketak bere bizitzan? Denok, ezta? Hori da bizitza, baina asko kostatzen zaigu aldaketa horiek onartzea. Kanpora begira bizi gara, gugandik espero edo nahi duten horren menpe, eta askatzeko behar handia dugu».

Horri lotuta, sare sozialak norberaren erakusleihoa direla nabarmendu du. «Horietan beti saltzen dugu zerbait ona, batez ere, poztasuna, baina beharrezkoa da tristura ere saltzea. Izan ere, tristura ezagutu gabe ez genuke jakingo zer den poztasuna». Teknologia garrantzitsua bada ere, bere erabilera egokiak lasaiago eta askeago bizitzen lagundu dezakeela ere esan du. «Bestela arriskutsua bihurtu daiteke».

Norbere erritmora

Bi talde osatu nahi dituzte Tolosan. Ikastaroa elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz) egin nahi dutenek, 16:00etatik 18:00etara egingo dituzte saioak. Bestela, euskara hutsean egin nahi dutenek, 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte. «Hamabost egunez behin izango dira saioak, landuko ditugun gaiek bere prozesua beharko dutelako, lasaitasunez egiteko».

Herritarrek nahi duten erritmoan parte hartu ahal izango dute. «Oso desberdinak gara, eta bakoitzak bere martxa behar du. Libre eta aske egoteko leku bat izango da, sentitzen duguna eta nahi duguna esan eta adierazteko». Nahitaezkoa ez bada ere, adituak aurreratu du komenigarria dela saio guztietara joatea.

Ikastaroan izena emateko, Tolosako udal bulegoetara bertaratu, 943 654 466 (122 luzapena) telefono zenbakira deitu edo gobernantza@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidali daiteke. Ikastaroaren inguruko informazio osagarria izan nahi dutenek, Saioagarmendia.com webgunea bisitatu dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!