Iparragirre kalearen zati bat norabide bakarrekoa bihurtuko da

Ataria 2023ko abe. 26a, 11:03

Aldaketa honekin, oinezkoentzako toki handiagoa eta ibilgailuentzako 30 aparkaleku gehiago izango dira Garmendiola aldapa eta Iparragirre kaleen arteko eremuan. Bihar hasiko dituzte margotze lanak, eta ostiralera bitarte ezingo da bertan aparkatu.

Garmendiola aldapa (Gainberri eskolaren eta Guardia Zibilaren kuartelaren arteko bidea) eta Iparragirre kalearen zati bat norabide bakarrekoak izango dira aurrerantzean. Bi helburu izango ditu aldaketa honek: alde batetik, Garmendiola aldapan oinezkoentzako bidea egin nahi da, inguruko bizilagunen eta Gainberriko ikasleen oinezko joan-etorria modu seguru eta irisgarrian gauzatu dadin. Bestetik, aparkaleku leku kopurua ia bikoiztu egingo da.

Gaur egun, aldapa horretan aparkaleku ilara bat dago, eta ez da oinezkoentzako biderik. Sei metrotik beherako zabalera du, eta ez da bateragarria oinezkoentzako pasabidea sortu eta aparkalekuak mantentzea. Hortaz, aldapa horretatik aparkalekuak kenduko dira, oinezkoen bidea egin ahal izateko. 

Iparragirre kalean ere, 3. eta 4. zenbakietara arte, aldaketak izango dira, eremu horretan aparkaleku gehiago egin ahal izateko. Leku falta izaten da inguruan, eta modu horretara, arazo horri irtenbidea eman nahi dio udalak.

30 aparkaleku gehiago

Gaur gaurkoz 36 autorentzako lekua dago, ilaran. Bada, aurrerantzean baterian aparkatzeko lekuak jarriko dira kalearen erdira arte, hau da, Kondeaneko aldaparako bidegurutzera arte. Hain zuzen, aldapa horretan eta Iparragirre kalearen beste erditik aurrera aparkalekuak sortuko dira, ilaran. Orotara 66 aparkaleku izango dira, horietako bat egokitua.

Hori egin ahal izateko, Iparragirre kalearen zati horretan norabidea aldatu beharko da. Orain arte bi norabideko zirkulazioa izan du, baina iparretik hegorako noranzkoan Gainberri parera iritsita moztu egiten da bidea. Orain norabide bakarrekoa izatera pasako da; Garmendiola aldapatik sartu beharko da, Iparragirre auzunera joateko. Ezingo da kontrako noranzkoan joan. Erdibidean, Kondeaneko aldapara doan bidea ere zentzu bakarrekoa bihurtuko da, jaitsierakoa, alegia.

Bihar hasiko dira aldaketa berriak seinaleztatzeko margotze lanak. Hori dela eta, lanek irauten duten bitartean, hau da, hilaren 27tik 29ra, ezingo da bertan aparkatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!