Urteroko zita, musikari gazte onenekin

Ataria 2023ko abe. 22a, 11:59

Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertua eskainiko du abenduaren 30ean Tolosako Leidor antzokian, 20:00etan hasita. Unai Urrecho arrasatearraren zuzendaritzapean, Rossini italiarraren La Gazza Ladra eta Brahms alemaniarraren 4. Sinfonia interpretatuko dituzte.

Ohi bezala, urteko azken ekitaldia izango dena prestatzen ari da EGO (Euskal Herriko Gazte Orkestra). Eguberrietako topaketa honetan, orkestra gazteak bi pieza joko ditu: Rossini italiarraren La Gazza Ladra eta Brahms alemaniarraren 4. Sinfonia. Zalantzarik gabe, bi musikagileen obra adierazgarrienetakoak.

Lehen emanaldia Tolosako Leidor antzokian izango da, abenduaren 30ean, 20:00etan. Orkestrak beste hiru kontzerturekin emango dio ongi etorria 2024ari: urtarrilaren 2an Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 3an Gasteizko Principal Antzokian eta 4an Bilboko Euskalduna Jauregian ariko dira, 19:30ean hasita. Esteka honetan erosi daitezke saio horietarako sarrerak.

La Gazza Ladra bi ekitalditan banatuta dago, eta libretoa Giovanni Gherardini eta Charles Caigniezena da, nahiz eta pieza mundu osoan Rossinik sortutako obertura bikainagatik izan ezagun. Pieza hau irudimen kolektiboaren parte da, mundu zinematografikoan funtsezkoak izan diren filmen soinu banda gisa balio izan baitu, hala nola, La naranja mecanica, Erase una vez, America edo El honor de los Prizzi. Era berean, pieza hori hainbat literatura-lanetan izendatu dute, Cronica del pajaro nobelan edo Las Joyas de la Castafiore de Las Aventura de Tintin liburuan, adibidez. Haurrek ere ezagutu dezakete, Rossiniren pieza marrazki bizidunetan erabili izan baita, esate baterako, Bob Belakian.

Kontzertu honetako bigarren obra eta plater nagusia Johannes Brahms maisu alemaniarrak (1833-1897) konposatu zuen azken sinfonia da, 4. Sinfonia. Mozarten eragin handia izan zuen Brahmsek, eta XIX. mendearen bigarren erdiko musika-eszenarik emankorrenaren erdian koka genezake, Erromantikoen Gerra deituriko protagonistetako bat izan baitzen. «Sinfonia ez zuten guztiz ondo hartu konpositorearen gertuenekoek. Hori dela eta, Brahmsek errezeloak izan zituen estreinaldia baino lehentxeago, baina, zorionez, lan honek harrera bikaina izan zuen.

Unai Urrecho, zuzendari

Unai Urrecho (Arrasate, 1977) tronboi-jotzaile eta zuzendaria arduratuko da kontzertua gidatzeaz. Hizkuntza Politika Departamentuak bultzatutako proiektu kultural honen lehenengo promozioko kidea izan zen, EGOko lehenengo urteetan parte hartu baitzuen. «Oso ondo gogoratzen dut 1997ko uda, Gasteizen, zenbat gazte elkartu ginen eta ze nolako ilusioa genuen, guretzako aukera oso ona izan baitzen elkar ezagutzeko eta lagun berriak egiteko. Maisu paregabeak izan genituen eta garai hartan Juanjo Menaren zuzendaritzapean musika egita oso berezia zen», esan du.

Urrechok dioenez, EGOra zuzendari gisa itzultzea «ardura handia» da, baina erronka honi aurre egiteko prest dago eta argi utzi du «maitasun handiarekin» datorrela zuzentzera. «Gustatuko litzaidake gazte guztiak nik izan nuen esperientzia izatea, niretzako oso lagungarria izan baitzen eta espero dut beraientzat ere berdin izatea», gaineratu du. Era berean, zuzendari gonbidatuak gazte orkestrak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du «gazteentzat aukera oso ona baita talentudun maisu berriak ezagutzeko, baita errepertorio interesgarriak lantzeko ere».

Musikene izango da, beste behin ere, EGOren entsegu-gunea, abenduaren 26tik 29ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!