Topic museoak ekintza ugari antolatu ditu Gabonetarako

Ataria 2023ko abe. 22a, 11:57

Gabonetako kontzertua izango da gaur, eta abenduaren 29an, txotxongilo-ikuskizun bat egingo dute. Gazako gatazkari laguntza humanitarioa ematen dion elkarte bati emango diote bi saioetan bildutako dirua.

Egun bereziak iritsi dira, baita Topic museora ere. Azken urteetan, txotxongiloen Tolosako museoak Gabonetako kontzertu bat eta txotxongilo-ikuskizun bat antolatu izan ditu, bi jarduera horietako diru-bilketak helburu solidarioa izaten duelarik. Aurten ere ohiturari eutsiko diote, eta Gazako gatazkari laguntza humanitarioa ematen dion elkarte bati emango diote bildutako dirua.

Sarrera solidarioa duen lehen jarduera gaur izango da, ostirala, 18:30ean. Eduardo Mocoroa Tolosako Musika Eskolako ikasleen eta irakasleen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da. Bigarren saioa abenduaren 29an izango da, 18:30ean. Bihar antzerki taldeak Pulcinella el napolitano ikuskizuna eskainiko du. Bi saioetarako sarrerak Cittolosa.com webgunean erosi daitezke.

Beste hainbat ekintza

Bi saio horiez gain, txotxongiloak egiteko tailerra izango da Topic-en, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Hilaren 27an, 28an eta 29an izango da; 9:30etik 12:30era egingo dituzte saioak. 30 euroko prezioa izango du ikastaroak. Interesa dutenek pedagogia@cittolosa.com helbidera idatzi edo 943 650 414 telefono zenbakira deitu dezakete. Bestetik, abenduaren 23tik urtarrilaren 14ra bitarte, Gabonetako txotxongilo eta kartelen erakusketa izango da ikusgai Anbigu aretoan.

Azkenik, abenduaren 30ean, hileko azken larunbatetan egin ohi duten bezala, museora bisita gidatua egingo dute, Iñigo Aginagalde pedagogiako arduradunaren eskutik. Euskarazko bisita 11:30ean izango da; gaztelaniazkoa, berriz, 12:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!