Alde Zaharreko Bizilagunen Elkarteak tela gorriak kentzea erabaki du

Ataria 2023ko abe. 21a, 10:09

Tolosako Alde Zaharreko Bizilagunen Elkarteak esan du bizilagunen mobilizazioari esker lortu dituztela duela urtebete mahai gainean jarritako bi helburuak.

Elkarteko kideek esan dute, batetik, lortu dutela udal gobernuak argi eta garbi adieraztea Zumarditxikiko lanak ez direla hasiko aparkalekuaren alternatiba erreala landu arte, «eta horren ondorioz, noski, berehalakoan hastera zihoazen lanak ere geratu dira». Bestetik, Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala garatzeko prozesua martxan jarri du udalak elkarteak eskatu bezala, «denboran luze joko duen prozesua izango da, eta bizilagunon parte hartzea ezinbestekoa izango da gure kezkak behar bezala lantzeko».

Horiek horrela, esan dute bizilagunen mobilizazioari esker lortu dituztela bi helburuak eta horrenbestez aletxoa jarri duten bizilagun guztiak zoriondu dituzte eta eskerrak eman dizkiete. «Eta horrekin batera, auzotarren azken batzarrean adostasun zabalarekin hartutako erabakia plazaratu nahi dugu: plastikoak gordeko ditugu, momentuz. Erabaki hau hartu genuen, bi eskaera zehatz eginez jarri genituelako plastiko gorriak. Eta gure eskaerei kasu egitea lortu dugunez, gure kaleek ohiko jantzia errekuperatzeko garaia da orain».

Gaineratu dute oso argi ikusi dutela «sekulako indarra» duela balkoi, kale eta komertzioak aldarrikapenez betetzeak. «Eta ez dugu nahi gure auzoko paisaian naturalizatzea kolore gorri hori, etorkizuneko arazoen aurrean indarra galduko luke formula aldarrikatzaile horrek eta. Egindako bileretan garbi ikusi eta ondorioztatu dugu: protestak mugiarazi ditu geldi sumatzen genituen jarrerak eta ekintzak. Elkartuz eta antolatuz bakarrik lortuko dugu amesten dugun Alde Zaharra. Tolosako Alde Zaharrak merezi du».

Batzar jendetsua

Gogoratu dute urtebetez gorriz jantzi dela Alde Zaharra, auzoak «urgentziazko egoera» bizi duelako. 2022aren amaieran bizilagunen batzar jendetsuan urgentziazko bi aspektu jorratu zituztela esan dute; «lehenengoa, udalarekin komunikazio kanala ireki eta Zumarditxikiko aparkalekuak ordezteko emandako alternatiba ez dela egokia adieraztea. Arrazoiak argiak ziren eta alternatiba erreala landu bitartean, Zumarditxikiko lanekin ez hastea eskatzea adostu zen». Bigarrena, Alde Zaharrarentzako plan integrala egitea izan zen. «Aparkalekuen arazoaz gain, auzoaren berezitasuna ikusita, zonaldearentzako plan berezi baten beharra dagoela ondorioztatu genuen. Alde Zaharrak behar bereziak ditu eta ondo aztertu eta planifikatu beharreko alor asko identifikatuta daude. Horiek guztiak ondo aztertu eta etorkizuneko esku-hartzeak landuko eta zerrendatuko dituen bide-orria behar du zonaldeak urgentziaz».

Bukatzeko esan dute asko izan direla udalarekin, merkatariekin, bizilagunekin, adituekin zein talde politikoekin egindako bilerak. «2023ko azaroaren 28an egin genuen auzotarrok horiek baloratzeko bilera eta ondorio argia atera genuen: egindakoak fruituak eman ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!