38,2 milioi eurokoa izango da 2024ko udal aurrekontua

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 20a, 16:59

Aurreikusitakoaren arabera, aurtengoa baino %14,8 handiagoa izango da; inbertsioak eta proiektuak gauzatu ahal izateko, udaleko lantaldea indartzea izango da helburu nagusia.

EH Bilduk osatzen duen Tolosako udal gobernuak, 2024rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. 38.245.967 eurokoa izango da; aurtengoarekin alderatuta, %14,8 haziko da, ia bost milioi euro gehiago. Abenduaren 28ko osoko bilkuran bozkatuko dute.

Udaleko giza baliabideak indartzea izango da datorren urtera begirako asmo nagusienetako bat, horregatik, %6 igoko da pertsonaleko gastua. Asko dira hutsik dauden lanpostuak, eta horiek betez gero, inbertsioen eta proiektuen exekuzio mailan «nabarmen hobetu» daitekeela uste du udal gobernuak.

Esti Kortejarena Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako zinegotziak azpimarratu duenez, aurreko urteetako inbertsioen betetze maila %30 ingurukoa izan da. «Proiektuetako asko ez dira garatu. Alferrikakoa da asmoen zerrenda luze bat egitea, gero gauzatzea posible ez bada. Zerbait errealistagoa eta egingarriagoa osatzea izan da gure asmoa. Horregatik, 2024an, lantaldea indartzera bideratuko ditugu indarrak, etorkizuneko proiektuak gauzatu ahal izateko».

Pertsonal Saila izango da, esaterako, indartuko den ataletako bat, hain zuzen, hautaketa prozesuekin dagoen atzerapena desblokeatu asmoz. «Prozesu horiek gauzatu eta behar diren gainerako kontratazioak egingo balira, beste sail batzuetan pilatuta dagoen lanari irteera emateko moduan izan gintezke», esan du Kortejarenak. Hirigintza Saila eta Udaltzaingoa dira, hornituko diren beste sailetako bi. Udaltzaingoaren kasuan, gainera, ibilgailuen flota berrituko dute, garabi batekin, bi motorekin eta beste ibilgailu elektriko batekin.

Inbertsio nagusiak, hirigintzan

4,6 milioi euro bideratuko ditu udalak inbertsioetara, aurtengoarekin alderatuta, %17 gehiago. Hirigintzak izango du garrantzi handiena atal horretan.

Urbanizazio obretarako, esaterako, 262.000 euro gehiago izango ditu udalak. Hala, egingo diren lanen artean daude, Soldadu kalea egokitzea, Apatta industriagunera bidean dagoen San Inazio kaleko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko lanak -Ibarrako Udalarekin elkarlanean–, Zuloaga auzoko bidearen egonkortze-lanak, Korreo kaleko Iturritza Jauregiko fatxada eta teilatua eraberritzea, Larramendi auzo elkartearentzat lokala erostea eta Zutani elkartearen lokalen egokitzapenak, Berazubi auzora lekualdatuko baita. Mantenu lanetarako partida ere bikoitza baino handiagoa izango da: 100.000 eurora iritsiko da.

Inbertsio ez materialen atalean, etorkizunean errealitate izango diren beste hainbat lanen oinarri izango diren azterketa eta proiektuen idazketak aurreikusi ditu udalak. Esaterako, zenbait proiektu idatziko ditu: Iurreamendi auzoko babes ofizialeko alokairuko etxeena, Samaniego ikastetxeko sarrerarena, Iurre auzoko plazetako lurraren aldaketarena eta Iturritza Jauregiaren, Abastos eraikinaren eta Iturzaeta pabiloiaren barrualdeen egokitzapen lanena. Alde Zaharreko Plan Integralaren hurrengo faseetako lizitazioak martxan jartzea ere aurreikusten dute.

Garrantzi handiko beste bi proiekturen lehen urratsak ere eman nahi dira: Trianguloa plazako lurra aldatzeko eta tren geltokiko plaza eraberritzeko azterketak martxan jarri nahi ditu udalak 2024an.

Beste zenbait esparru

Etxebizitza alorrean, aldaketarik esanguratsuena etxeak birgaitzeko diru laguntzetan emango da, bikoitza baino gehiago haziko baita ekarpena: 120.000 eurotik 300.000 eurora. Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak esan duenez, kapital transferentziak ere «igoera nabarmena» izango du. «Amarotz auzoko alokairuko babes ofizialeko etxeengatik, Visesari, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza sozietate publikoari, 666.000 ordaindu behar zaizkio», azaldu du. Lan horiek hurrengo urte amaieran hastea aurreikusten du udalak.

Arlo sozialari dagokionez, zaintza ekosistemaren diagnosi orokorra egingo du udalak. Horrez gain, aurrerantzean udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatuko duten Abegi etxearen eguneko eta gaueko zerbitzurako ia milioi erdi bat euro bideratuko dituzte. Azkenik, energia aholkularitza bulego publikoa sortzea da udalak eskuartean duen beste asmoetako bat, eta 65.000 euro bideratuko ditu proiektu horretara.

Hiri ekonomiari dagokionez, Tolosako Azoka sustatzen jarraitzearekin batera, azoka berezietarako egiten duen ekarpena mantenduko du udalak. Ekarpenaren beste erdia HAZI Fundazioak egiten du, udalarekin duen hitzarmenaren bidez, eta hori berritzeko hizketan ari dira bi aldeak.

Aldaketak kirol arloan

Usabal kiroldegiaren ezohiko itxierari aurre egiteko ere aldaketak izango dira udal aurrekontuan. Horrela, herriko kirol taldeen ezohiko gastuak konpentsatzeko, 50.000 euroko diru laguntza lerro bat sortu du udalak. Aurrerago emango dituzte xehetasun guztiak. Bestalde, kirol instalazioetako inbertsioetarako eta azpiegituraren mantenurako ere ia 400.000 euroko gastuak aurreikusi ditu udalak.

Herritarren proiektuak

Aurrekontu parte hartzaileen bidez tolosarrek hautatutako bost proiektuak ere barnebiltzen ditu aurrekontu proposamenak: Zerkausi gaineko terraza egokitzea eta irekitzea, udaleku irekiak sortzea, haurrentzako ur parkeak egitea, auzoetako Merkataritza Plan bat garatzea eta Larramendi auzoko jolaserako eta ariketa fisikorako gunea eraikitzea; azken honetan, komun publikoa jartzea ere aurreikusi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!