ERREPORTAJEA

Ipuin klasikoak gorren kulturara moldatuta

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 23a, 07:58

Julian Rodriguez 'Hiru txerritxo gorrak' eta 'Txanogorretxu' eskutan dituela. I. GARCIA LANDA

Julian Rodriguezek Txanogorretxu eta Hiru Txerritxo Gorrak ipuinak sortu eta argitaratu berri ditu; liburuak ateratzeaz gain, bideoak osatu dituzte ipuinak kontatuz.

Bi ipuin berri bere bidea egiten ari dira argitalpenen munduan. Ipuin klasikoetan oinarritutakoak dira, baina moldatuta daude, eta bere izenburuek argibide nabarmena ematen dute: Txanogorretxu eta Hiru Txerritxo Gorrak. Julian Rodriguez tolosarrak sortu ditu, zeinu hizkuntza erabiliz eta gorren kulturara moldatuz.

Rodriguez bera gorra da, eta gorren komunitatearen eta zeinu hizkuntzaren alde zein bere inguruko sentsibilizazioan lan handia egin du, eta argitalpen hauek beste pauso berri bat izan dira. Proiektua aurrera ateratzeak lan handia suposatu duela nabarmendu du Rodriguezek; prozesua luzea izan da. «Orain urte asko antzerkia eta mimoa egiten zuen talde batean egon nintzen, Donostian. Gidoiak egitea gustatzen zitzaidan, eta hasiera horretan Donostiako Alde Zaharreko 1813ko erreketaren inguruan zerbait egiteko asmoa izan genuen, pertsona gorrek egindakoa eta zeinu hizkuntzan. Baina ez zen aurrera atera». Orduan, horri buruz liburu bat egitea pentsatu zuen. Baina ez zehatz-mehatz historia bera jasotzea, baizik eta batez ere pertsona gorren komunitatearen inguruan sentsibilizatzeko. Horrek ere ez zuen aurrera egin, ordea. Rodriguez, baina, nekaezina da: «Ni ez naiz geldirik egoten, ideiak eta gogoa izaten ditut gauzak aurrera ateratzeko».



Hainbat urtez Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan lanean aritu da Gizarte-integrazio eta Haur Hezkuntzako zikloetan zeinu hizkuntzako irakasle gisa. «Haur Hezkuntzan ipuinen bidez irakasten nuen zeinu hizkuntza. Urteak aurrera joan ahala, konturatu nintzen Txanogorritxu moduko ipuinak molda nitzakeela eta Txanogorretxu sortu», azaldu du egileak. «Izan ere, entzule batzuk ipuinak kontatzen dizkiete haur gorrei eta ez dituzte ulertzen. Gainera, ipuin hauek moldatuta eta berriak sortuta, gor komunitatearen eta kulturaren inguruko sentsibilizazioa egiteko aukera oso ona izan zitekeela ikusi nuen». Ideia hori orain 15 urte izan zuen. «Nik ez dut ondo idazten gazteleraz eta euskaraz ez dakit. Nire lehenengo hizkuntza zeinu hizkuntza da. Bigarrena, gaztelera. Orain hamabost urte, nire ikasle batekin eta beste bi pertsonen artean saiatu ginen zerbait osatzen, baina bertan behera geratu zen».

Egindakoa gordeta utzi zuen Rodriguezek. Orain bi urte ebakuntza bat egin zioten, eta ondoren, urte eta erdi egon zen bajan. «Etxean garbiketa egiten ari nintzela, ikusi nuen hor zegoela gordeta ipuinen proiektua», ekarri du gogora. «Bajan nengoenez, proiektuari buelta bat eman eta zerbait egin nezakeela pentsatu nuen. Azkenean, Txanogorretxu eta Hiru Txerritxo Gorrak ipuinekin hastea erabaki nuen». Monica Guijarro lagunarengana jo zuen. «Bera interprete profesionala da, eta baita pedagogoa eta irakaslea ere IES Alonso de Avellanedan, Alcala de Henaresen. Madrilen ari da lanean; berak interes handia zuen, eta horrela hasi zen proiektua», esan du Rodriguezek.

Lau hizkuntzatan

Bi ipuinak, liburu formatuan, hiru hizkuntzatan kaleratu ditu: euskaraz, gazteleraz eta katalanez. Horrez gain, zeinu hizkuntzan egindako bideoak prestatu dituzte. Amaia Zubeldia tolosarrak gainbegiratu ditu testuak. «Bartzelonan bizi da, eta bertan irakasle ari da lanean. Nire ikaslea izan zen zeinu hizkuntzan. Oso harreman ona dugu, eta berak euskara, gaztelera eta katalanezko testuak gainbegiratu ditu», azaldu du Rodriguezek.

Urte eta erdi iraun du proiektuak, ipuinak argitaratu bitarte. Rodriguezek zeinu hizkuntzan sortu zituen ipuinak, eta gero hizkuntza bakoitzerako itzulpena pertsona ezberdinek egin dute. «Hor ikusten hasi nintzen proiektua aurrera zihoala, eta seguruago sentitu nintzen eta kontentu jarri nintzen», dio egileak. Ilustrazioak ere badituzte ipuinek, eta horien egilea eta maketazioaren arduraduna Edgar Murillo izan da. Azkenean, azaroaren erdialdera publikatu ziren euskaraz eta gazteleraz, eta azaroaren amaieran, katalanez. Ipuinen bukaeran, zeinu hizkuntzan alfabetoa nola adierazten den jarrita dago, hizkuntza bakoitzera moldatuta.

Liburuak eta bideoak QR kode bitartez daude lotuta. Orri bakoitzak du bere kodea, eta bertan kontatzen dena bideo batean ikus daiteke. Horrela, euskarazko bertsioak bere bideoak ditu, eta gauza bera gainontzeko beste bi hizkuntzekin. Zeinu hizkuntzaz jasotzeaz gain, bideoetan ere ipuinak entzun daitezke: narratzaile bat dago eta pertsonaia bakoitzak bere ahotsa du. Horrela, pertsona entzuleek ere ulertu ditzakete. Bideoak osatzeak lan handia suposatu duela azaldu du Rodriguezek. «Nik grabatu egiten nuen nola adierazi, eta gero bideoetan parte hartu dutenek kopiatu egiten zuten», esan du. «Lan gogorra izan da. Bideoetan parte hartu dutenek bere lanak eta kontuak zituzten, eta denek bat egitea ez da erraza izan. Horregatik luzatu egin zen urte eta erdi inguru».

Amaia Zubeldiak gainbegiratu zituen bideoak, zeinu hizkuntza eta ahotsak aldi berean joateko. «Gaztelerakoa LS zeinu hizkuntzan dago egina, katalana bere zeinu hizkuntzan, eta euskarazkoa ere LS zeinu hizkuntzan eginda dago, hemen ez dagoelako propioa. Gaztelerazkoaren oso antzekoa da baina ezpainekin euskaraz egiten da», zehaztu du Rodriguezek. «Zubeldiak hori dena menperatzen du, eta baita zeinu hizkuntzak ere, dena denbora berean joateko. Azkenean, oso gustura nago azken emaitzarekin».

Gor kultura

Tankerako beste argitalpenik ez dagoela azaldu du Rodriguezek. «Kontuan izan behar da ipuinak moldatu egin ditudala, gor kultura kontuan hartuta. Adibidez, Txanogorretxuri bere amak ez dio ahotsarekin deitzen, baizik bizkarrean ukituz, eta hori liburuko ilustrazioan ikusten da. Bestalde, Txanogorretxuk ez dio otsoari entzuten bere gainera salto egin nahi duenean, baina itzala ikusten du, eta bere atzean dagoela konturatzen da».

Hiru Txerritxo Gorrak ipuinean ere gor kulturaren hainbat adibide azaltzen dira. Esaterako, pasarte batean ikusten da txerritxoetako bat nola ari den lanean, eta konturatu gabe zarata egin, eta inguruan dauden beste animaliek ihes egiten dute. «Bizitza errealean ere gertatzen da pertsona gorrek zarata bat edo beste ateratzen dutela, eta, noski, ez dira konturatzen, baina inguruan pertsona entzuleak badaude horiek entzuten dituzte», azaldu du Rodriguezek. Une batean, txerritxoak txalupa moduko batzuetan doaz, eta soka bat dute txalupa batetik bestera lotuta, kontaktuan egoteko, ezin baitira komunikatu soinuen bidez. «Garai batean, gaur egungo teknologia ez zegoenean, gorrak ziren gurasoen kasuan, bere haur txikia zaintzeko, soka bat lotzen zioten sehaskari-edo eta mugitzen bazen gurasoak konturatzen ziren. Edo haur bat gaixo zegoenean, eta zerbait nahi bazuen, gurasoak hankatik soka bat izaten zuen lotuta, eta hortik tira egiten zuen haurrak zerbait eskatzeko», azaldu du Rodriguezek.


Julian Rodriguez aurtengo Durangoko Azokan. ATARIA


Zeinu Ipurtargia argitaletxea sortu du Rodriguezek ipuinak argitaratzeko. Ipuinak guztientzat direla nabarmendu du, pertsona gorrentzat zein entzuleentzat. Oso gustura dago ipuinek nolako bidea hasi duten ikusita. «Pasa berri den Durangoko Azokan egon nintzen postu batean, eta interesa sortu zuen. Liburu dezente saldu ahal izan genituen. Irakasle ugari pasa ziren postutik, eta esaten zidaten ez dagoela horrelako materialik eta beharrezkoa dela eskolentzat, besteak beste, haur gorrak baldin badaude bertan», esan du Rodriguezek. «Ni oso ilusionatuta nago proiektuaren zabalkundearekin».

Oraingoz, ipuinak ez daude dendetan salgai, baina bide hori irekitzeko asmoa ere badu. Orain hilabete, Alcala de Henaresen (Espainia) izan zen, Rey Juan Carlos unibertsitatean, Monica Guijarrok lagunduta, gaztelaniazko bertsioan parte hartu duenak. Sekulako harrera izan zuela dio Rodriguezek: «Ikasle asko izan ziren, oso interesatuak, eta gero liburuak sinatzeko eskatzen zidaten».

Argitaletxearen lehen bi ipuinak dira Txanogorretxu eta Hiru Txerritxo Gorrak. Eta aurrera begira ere, ipuin gehiago publikatzeko asmoa duela gaineratu du. «Konturatzen ari naiz beharrezkoak direla horrelako argitalpenak, pertsona gorren eta zeinu hizkuntzaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko balio dutelako», esan du Rodriguezek. «Hori da liburu hauen helburu nagusia».

 

ESKAERAK

Harremanetan jarri eta eskaerak egiteko:

Txanogorretxu eta Hiru Txerritxo Gorrak.

Webgunea: Zeinuipurtargia.com

Mugikorra (Whatsapp): 660 26 62 44.

Posta elektronikoa: ventas.zeinu@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!